«Beroagatik iritsitako espezieak habitata sortzeko gai badira, gaitz erdi»
Azken lau hamarkadetan itsasoaren gainazalaren tenperatura igo egin da. Horrek eragina du bertan bizi diren izakietan. Baina zein? EHUko Bentos taldeak ondorioztatu du euskal kostaldeko ur hotzeko espezieak gero eta urriagoak direla. Aldiz, ur beroko espezie txikiak ugaritu egin dira.
Giza jardueren eta, batez ere, erregai fosilen errekuntzaren ondorioz, atmosferako tenperatura asko igo da azken hamarkadetan. Tenperatura gorputzen artean transferitu daiteke, oreka egoera batera heldu arte; horrela, atmosferako tenperatura igoera horren %90etik gora ozeanoek xurgatu dute. Aldagai horrek sekulako eragina du EHUko Itsas Bentos ikerketa taldearen ikergaian, makroalgetan. Taldeko kideak dira Olatz Arriaga eta Nahiara Mugerza.
Besteak beste, ur azaletik 10-15 metrora dauden alga egituratzaileak ikertzen dituzte. «Begetalak dira eta fotosintesia egiten dute. Beraz, eguzki-argia behar dute», azaldu du Mugerzak. Horrela deitzen dira inguruan habitat bat sortu eta mantentzeko gaitasuna dutelako: «Euskal Herrian funtzio hori betetzen duten bi alga ditugu, Gelidium corneum (alga gorria) eta Gongolaria barbata (alga arrea)».
Bi adituen arabera, informazio ugari lor daitekeen esparrua da makroalgena, eremu batean finko daudelako eta funtzio ekosistemikoak bermatzen dituztelako. «Itsatsita bizi dira eta inguruan gertatzen denaren ondorio dira. Komunitate horiek ikertuta informazio asko jaso dezakegu, klima aldaketari, kutsadurari edo bestelako aldaketei buruz», dio Arriagak.
40 urteko ibilbidea duen ikerketa taldea da Bentos. Azken ikerketetan klima aldaketaren eragina aztertzea indartu dute. Lehorrean bezala, ur azpian ere, «aldaketa batzuk pixkanaka gertatzen dira, eta beste batzuk era bortitzagoan», azaldu du Arriagak. Euskal kostaldeko bi makroalga egituratzaileen kasua ekarri digute. Biek ala biek jaitsiera nabarmena izan zuten. Tarteka aldaketak egoten dira. Esaterako, 2007-2008 inguruan euren egoerak hobera egin zuen, baina «alga hauek ez dute duela 35 urte zuten ugaritasuna berreskuratu. Beraien joera beheranzkoa da». Dena den, hau ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen, beherakadak izaera globala duela ohartarazi du Mugerzak: «Espezieak morfologikoki desberdinak dira. Ondorioz, ez dira betetzen funtzio guztiak eta beraiek ematen dituzten zerbitzuak ere ez».
2014-2020 SUSPERRALDIA
Arriagak azaldu du tenperaturaren tendentzia gorakorra dela, baina puntualki baliteke joera apur bat moteltzea. «2014-2020 tartean, gure ikerketa eremu zehatzean tenperatura epelagoak erregistratu genituen, eta baldintza horiek algei aukera eman zien erresilientzia garatzeko eta suspertzeko. Ordea, 2021, 2022 eta 2023 urteak oso beroak izan dira, errekor asko hautsi dira, eta uste dugu hurrengo laginketetan antzemango dela».
Ikertzaileek azaldu dute auzi «multifaktoriala» dela, ez tenperaturarekiko kausa-efektu zuzena. “Babesleku klimatikoak” izendatu dituzte baldintza egokiak eskaintzen dituzten eremuak: «Funtsezkoak dira klima aldaketaren ondorioak arintzeko. Babesleku hauek zaintzeari eta lehengoratzeari lehentasuna eman behar zaio, erresilientzia sustatzeko eta biodibertsitatearen kontserbazioa bermatzeko».
Arriagaren ustez, egungo ekosistemaren mehatxuaren atzean tenperatura igoera dagoenez eta epe laburrera igoera gelditu ezingo denez, «gertatu daiteke guregana heltzea afinitate beroagoko espezieak, agian, egituratzaileak. Oraingoz, guregana heldu direnak txikiak dira, morfologikoki oso sinpleak, eta ezin dituzte bete egituratzaileek betetzen zituzten funtzio ekosistemikoak. Baina, egituratzaileak etorriko balira, gaitz erdi, aldaketak aldaketa, behintzat funtzio horiek beteko lituzketelako». Mugerzak ere bat egiten du irakurketa horrekin, «40 urte geologikoki ez da ezer. Baina aldaketa handiak izan dira. Beraz, ez dakigu itsas ekosistema 10 edo 20 urte barru nola egongo den edo zer gerta daitekeen. Orain egoera larria da egituratzaileak galtzen ari direlako». Adituen arabera, tenperaturarena arazo globala da. Hartu behar diren neurriak zorrotzak eta mundu mailakoak dira. Epe laburrera helburua da tenperaturaren gorako joera geratzea, jaistea zail ikusten dute eta.