Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Gasherbrum III.aren mendebaldeko ertzaren korapiloa askatu dute

Ales Cesen esloveniarra eta Tom Livingston britainiarra izan ziren lehen igoera horren protagonistak. Zazpi eguneko jarduera izan zen, eta alpinistok onartu dute erabat hustuta amaitu zutela.

Ales Cesenek eta Tom Livingstonek jarduera bikaina egin dute Gasherbrum III mendian.
Ales Cesenek eta Tom Livingstonek jarduera bikaina egin dute Gasherbrum III mendian. (Ales Cesen - Tom Livingston)

Gasherbrum III mendiak 7.958 metro ditu; 42 metro falta zaizkio zortzimilakoa izateko. Agian, horregatik, ez du ia bisitarik eta igoerarik izan. Soilik hiru. Lehenbizikoa, 1975. urtean. Arrakasta hori lortu zuena talde poloniar bat izan zen; tartean zen Wanda Rutkiewicz historikoa. Emakumeez osatutako espedizio bat antolatu zuen, baina, azkenean, gizonezko batzuekin partekatu zuen igoera. Hego-ekialdeko isuria aukeratu zuten.

Bigarrenak euskal kutsua du. Duela 20 urte, Alberto Iñurrategi aretxabaletarrak eta Jon Beloki zarauztarrak poloniarren ibilbide beretik eskalatu zuten.

Hirugarrena eta azkena, joan den abuztuan izan zen. Ales Cesen esloveniarrak (42 urte) eta Tom Livingston (33) britaniarrak igo gabe zegoen mendebaldeko ertza aukeratu zuten. Eta zazpi eguneko lan gogorraren ondoren, zazpimilakoaren hirugarren tontorra eta ertz horren lehenbiziko igoera sinatu zituzten.

Irakurtzen den bezala, bi alpinistok oso komertzializatuta dauden G I, II eta Broad Peak mendietatik gertu jardun dute. Ondo elkar ezagutzen dute. Gogora dezagun 2018an Luka Strazar-ekin Urrezko Piolet bat jaso zutela Latok I mendian eginiko jarduerarengatik.

Alpinista zailduak izateaz gain, esloveniarrak eta britainiarrak erakutsi dute garaiera handian zailtasun teknikoak dituzten eremuetan ondo moldatzen direla. Pakistanera joan aurretik bi alpinistok honako galdera egin zieten euren buruei: «Alpeetan, Alaskan edo Kanadako Mendi Harritsuetan egiten ditugun zailtasun handiko eskaladak munduko mendi garaienetara eraman ditzakegu?». Protagoniston ibilbideak ezagututa, guk geuk erantzun dezakegu: bai. Aipatu dugun Latok I mendian lortutako emaitza bikainari, besteak beste, duela bi urte Gasherbrum III mendian eginiko lehen bisita gehitu diezaiokegu.

Bederen, ia zortzimilako horren ezaugarriak ezagutzen zituzten. Alabaina, zazpi eguneko lan ikaragarria egin behar izan zuten mendebaldeko ertzak zintzilik zuen korapiloa lehen aldiz askatzeko: «Onartu behar dugu, tontorra zapaldu genuenean, ez ginela batere pozik. Barru-barruan, agian, bai. Gertatzen dena da igoera horrek erabat hustu gintuela. Espedizio eskoziar batek ekinaldi on bat egin zuen 1985ean. Txalotzen dugu garai haietan egin zuten lana. Guk ere mendebaldeko ertza jarraitu genuen. Oso gogorra izan da».

Aurreko ekinaldiak erakutsi zien mendebaldeko ertza egokia zela garaiera handian ibilbide tekniko bat igotzeko. Baina bisita horretan ez zuten zorterik izan eguraldiarekin. Behin betiko saialdia egiten ari zirela, 96 kilometro orduko haizeteak izan zituzten. Arazo horrek ertzetik “atera” eta iparraldeko isurira eraman zituen. Bigarren eragozpen handi batekin ere topo egin zuten. Hain zuzen, gailurretik hurbil, ia ehun metroko arrokazko dorre batek bidea itxi zien. Zailtasuna, garaiera eta haizeteak. Nahasketa horrek atzera egitera behartu zituen. Kanpaleku nagusian zirela, bi protagonistok hitzeman zuten itzuliko zirela. Eta hala egin dute.

Livingstonek dio Gasherbrum III mendiaren mendebaldeko ertza teknikoa eta konprometitua dela. Era berean, ertz oso segurua: «Horri esker, serac-en eta elur jausien arriskua asko gutxitu zen. Horrez gain, biok ala biok erabaki genuen ondoan dagoen Gasherbrum II mendiaren bide klasikotik jaitsiko ginela. Gasherbrum III mendiaren hego-ekialdeko isuritik hasi ginen. Ondoren, zortzimilakoaren ohiko bidearen soka finkoak erabili genituen, eta horrek gure estiloa pixka bat aldatu zuen. Ikuspuntu estetiko batetik ez da perfektua. Hein batean, jarduera osoa psikodelikoa izatea nahi genuen, baina ez gehiegi. Bide batez, garaierak gure gorputzetan izan duen eragina nabarmendu nahi nuke. Ahalegin handia eskatzen du, suntsitu egiten zaitu. Oxigeno gehigarriarekin, mendiko langileen eta soka finkoen laguntzarekin… igotzen direnei esaten diet “esfortzu ederra” egin dutela. Baina, era berean, uste dut zentzurik ez duen unibertso batean progresioa egiten dutela. Eta horrek ez du harremanik guk praktikatzen dugun alpinismoarekin».

“AUTOMATAK”

Nahiz eta garaiera handian eskalatu duten, estilo alpinoan oinarritutako filosofiari indarra eman zioten. Hots, tresneria arina eraman zuten: 60 metroko soka bat, friend-ak, fisureroak eta iltze batzuk. Onartu dute justu ibili zirela. Batez ere gailurretik gertu zegoen 20 metroko sekzio batean: «Zeharkaldi arriskutsu bat zen, eta tresneriarik gabe gainditu behar izan genuen. Burua deskonektatu eta aurrera jarraitu; hori bakarrik egin behar genuen».

Esloveniarrak eta britainiarrak aurreratu dute ertz hori granitozko irtengune ondulatua dela eta ezaugarri ezberdinak dituela. Horrekin batera gehitu nahi izan dute marra ia osoaren arroka garbia eta lehorra zegoela. Haatik, ertzaren bigarren zatiak dituen plaketan arreta handiz eskalatu behar izan zuten: «Eskalada fin baten aurrean geunden. Plaka horiek elur-hauts ezegonkorrarekin estalita zeuden. Kranpoiek zein pioletek irrist egiten zuten, eta mugimendu bakoitzean milimetro batzuk behera egiten genuen. Elur sakonarekin ere topo egin genuen. Etsigarria zen: tarte txiki batek ordu erdi bat eskatu zigun».

Zailtasun teknikoei dagokienez, Cesen eta Livingston saiatu dira zenbakiak eta letrak saihesten.

Azken urteotan, mendi erraldoi horietan jarduten duten alpinista batzuek uko egin diote jardueraren inguruan proposamen tekniko bat emateari. Diote itsas mailatik gertu eta garaiera horretan eskalatzea ez dela berdin: «Esan dezakegu, gehienez, M6 gainditu dugula. Baina datu hori mahai gainean jartzeak ez du zentzu handirik, garaiera handian eskalatzen ari zarelako. Uste dugu Latok I mendian antzeko zailtasun teknikoak izan genituela, baina mendi hori txikiagoa da. Zortzi mila metrotik gertu eskalatzen ari zarenean, egoera asko aldatzen da. Horri guztiari garrantzia ematen diogu, baina azpimarra jartzen diogu garaiera handi horretan hainbat egun jarraian gogor eskalatzeari».

Nahiz eta hasieran eskalada horri “mendebaldeko ertza” deitu nahi zioten, iritzia aldatu eta eskalatutako ibilbideari “Edge of Entropy” izena jarri diote.

Ertz zorrotz batetik eskalatzeaz gain, beste ukitu bat gehitu diote: «Une jakin batzuetan automatak ginen; oso gogor borrokatu behar genuen ertzari metro bat kentzeko. Buruak ez zuen behar bezala funtzionatzen. Oso-oso azkar energiarik gabe gelditzen zara».

Bestalde, alpinistok beste egoera bati indarra eman nahi izan diote. Hain zuzen ere, hirugarren eta azken bibakari. 7.800 metrora zirela, nolabait denda altxatu zuten. Une jakin batean zati irten bat erori eta denda amildegian zintzilikatuta geratu zen. Dendarentzat lekurik ez zegoenez, hura jaso eta bi alpinistok lo-zaku bikoitz batean sartu ziren. Hala moduzko gaua izan zen. Ez dute zalantzarik: hotz itzelarengatik oso gogorra izan zen.

Amaitzeko, Livingstonek izaera horretako jardueren inguruan honako hausnarketa egin du: «Gasherbrum III mendian izan dudan eskarmentuak alpinismoaren inguruan pentsatzeko balio izan dit. Asko entrenatzeaz gainera, mundu zabalean dauden mendietara joaten naiz esperientzia gehiago lortzearren. Denbora asko egiten dut etxetik kanpo, diru asko gastatzen dut… Prozesu hori ez da batere atsegina izaten, eta behin baino gehiagotan neure buruari galdetzen diot zergatik jarraitzen dudan izaera handiko eskaladak egiten. Nolanahi dela, beti aurrera jarraitzen dut. Nahiz eta alpinismoan arriskua, beldurra, deserosotasuna, zalantzak…. nagusitzen diren, behin eta berriz itzultzen naiz. Eta hori oso bitxia da».