«Iruñean gaztetxe bat behar dugu, edo toki bat gazteok gure gauzak egiteko»
‘‘Ezpatei disdira!’’ diskoko lehenengo hamabost segundoak entzunda, gaur egungo talde bat aipatzeko galdetu eta Tatxers direla erantzungo du ezagutzen duen orok. Soinuari fidel, baina beste gorputz bat duen diskoa kaleratu dute iruindarrek, beren ibilbideko bigarrena. Jon Salinas eta Martin Ziriza taldekideekin izan gara.
Diskoa atera berritan, jendearen irrika aseta, bake hori sentituko duzue, ezta?
MARTIN ZIRIZA:
Oraindik urduri gaude pixka bat, baina ea nola doan.
Zenbat aldiz galdetu dizuete: «musika berria noiz?»
JON SALINAS:
Egia esanda, aurreko diskoa atera zela urte eta erdi edo pasatu da, baina guk ere gogoa genuen kantu berriak plazaratzeko. Taldean bateria jotzaile berria ere badugu, Sergio Davesa, eta harekin egindakoa erakusteko nahia bagenuen.
Lehen unetik identifikatzen da zuen soinua disko honetan. Tatxersek marka propioa uzten duela esan daiteke?
J.S.:
Baietz uste dut.
M.Z.:
Dezente aldatu dugu gure estiloa urteen poderioz, baina soinua gurea dela esan daiteke, bai.
Berriz ere Atala estudioan grabatu duzue. Nabaritu dudana da zuen musikak emaitzan indar gehiago duela, diskoak gorputz gehiago duela, aurrekoarekin alderatuz.
J.S.:
Guztiz horrela da. Hasieratik esan genion gure buruari berriz ere Atala estudioan grabatuko genuela, oso gustura egon ginelako bertan aurreko diskoan. Baina, aurreko diskoa gerora berriz ere entzutean, ez ginen oso konforme emaitzarekin: ahotsak pixka bat baxu, gitarrak arin…
M.Z.:
Gitarra guztiak bikoiztu ditugu, adibidez. Aurreko diskoan nik ere zuk esan duzun gauza bera sumatzen nuen, gitarrak pixka bat ahul zeudela zenbait momentutan. Disko honetarako hori ekidin nahi nuen bai ala bai. Hortaz, gitarra guztiak bikoiztuta daude, gitarra eta anplifikadore desberdinak erabili ditugu horretarako, kanal bakoitzean soinu desberdina dago horrela. Horrek guztiak gorputza ematen dio diskoari.
Nahasketan hartu dituzue halako lizentzia batzuk, kaskoekin eta patxadaz entzuten duenak xehetasun asko nabarituko ditu.
J.S.:
Soinutxo batzuk ere sartu ditugu gainera; izan euria edo metro bat martxan. Nahasketan gehiago jolastu dugu.
M.Z.:
Abesti bakoitzak bere nahasketa du. Ez ditugu denak modu berean nahasten. Horrek aukera eman digu gauza desberdinak egiteko. Iñigoren agindupean geunden zentzu batean; hortaz, berak ere aholkatzen zigun.
«Datorrena datorrela» abestiak abiatzen du album berria. Langile auzo bateko aldaketa giroa irudikatzen dut hau entzutean. Iraultza bigun bat.
M.Z.:
Aurreko diskoan bakoitzak berak idatzitakoa abesten genuen, eta orain ez da horrela izan. Letra batzuk komunean idatzi ditugu, nahiz eta hau nik idatzi eta nik abestu dudan. Letrari helduta, nik ez nuke hor kokatuko, maitasun kantu bat bezala irudikatuko nukeelako abesti hau.
Tenpo nahiko lasaian egindako kantua da.
M.Z.:
Pixka bat bai. Biok batera abesten ditugun kantuak azkarragoak dira, eta hau lasaienetakoa da. Erritmo nahiko ohikoa da, baina bateria jotzeko modu berrira ohitu behar izan dugu. Saltsero samarra da. Eta hori zailtasun bat izan da.
Bateria jotzaile berria sartu eta jolasean ibili zarete?
M.Z.:
Hortik ere zerbait badago, baina aurretik bagenuen gogoa halako zerbait egiteko. Horren adibidea da ‘‘Iruñea’’, aurreko diskoko kantua. Ez da erritmo hau, baina badu saltsa hori. Hau The Smiths edo The Jam bezalako taldeen giroan koka genezake.
J.S.:
Nik baxuarekin hiru nota baino ez ditut jotzen abesti honetan. Hasieran abestia poperoagoa izatea nahi nuen, baina El Columpio Asesino bezalako taldeen ingurura gerturatu ginen.
M.Z.:
Gogoratzen dut, entsegu batera etorri zinela esanez El Triangulo De Amor Bizarro taldeari elkarrizketa batean entzun zeniola bi akorderekin egiten zituztela abestiak eta halako zerbait egin nahi zenuela, zerbait sinplea.
«Oasi bat» kantua dator atzetik. Elementu berri bat ere topatu dugu, sinteren bat, Melenas taldeko Oihana Herrerak joa. Hemen gitarrak bi baino gehiago grabatu dira?
M.Z.:
Ez dakit hori horrela den, baina soinua guztiz desberdina da. Zikintasun nahiko eman genion, jakinda kantu poperoa izango zela.
J.S.:
Abesti poperoena da, baina gitarra zikinenak ditu.
Abesti hau entzunda, «Datorrena datorrela» kantuko protagonistek kalez aldatu dutela dirudi.
J.S.:
Bada, ez neukan pentsatuta! Nahi gabe izan zen. Biniloa eskutan nuela, kantuen izenburuak irakurrita, esaldi moduko bat ere osatzen dela iruditu zait. Halako kasualitateak gertatzen dira.
Bi pertsonen arteko sekretu bat, bietako bat hiltzen denean bihurtzen dela sekretu esaten duzue.
J.S.:
Ez dakit nori irakurri nion, ez da nire esaldia. Walter Benjaminen esaldi bat da, gustuko nuen, eta sartzen zen abestian. Martini buruz ari naiz abesti honetan, berari eskainitako kantua da.
M.Z.:
Justu esaldi hori ez dakit niretzat ona den edo ez… Hori ere esan behar dut!
Oasia Martin bera da?
J.S.:
Ez, oasia Martinek merezi duen zerbait da. Gaztetxe bati egiten diot erreferentzia, oasia aipatzean. Iruñean behar dugulako gaztetxe bat edo toki bat gazteok gure gauzak egiteko. Hurrengo abestiaren izenburua ‘‘Loretxea’’ ere horregatik da. Nik ez nuen ezagutu, baina 80etan badirudi Iruñean Loretxea izeneko toki bat bazela eta oasi moduko bat zen Iruñean.
Gogoeta asko sortzen ditu «Loretxea» abestiak.
M.Z:
“Egun motelak” kolektiboari erreferentzia egitea zen asmoa. Dagoena eraitsi eta berriz eraikitzearen ideia hortik doa. Gazteok aurrera eraman nahi ditugun proiektuak garatzeko espazio bat izango litzateke “Loretxea”.
Kolektiboari buruz zerbait gehiago kontatzerik bai, mesedez?
M.Z.:
Bai, noski. Aurten, urtarrilean jaio zen kolektibo bat da Egun Motelak. Urtarrilean egin genuen lehen jaialdia eta, momentuz, hiru egin ditugu. Iruñeko musikari eta artista asko gabiltza horren bueltan. Diskoa Burlatako gaztetxean aurkeztu genuen, Egun Motelak kolektiboaren jaialdi batean, ikasturteari ongietorria emateko.
Kontzertu sorta polita duzue hasiera honetan. Denak Euskal Herrian, bat izan ezik, abendua hasieran, Madrilen izango zarete. Humo Internacional zigilu asturiarrarekin bide hori landu nahi duzue? Hau da, Euskal Herritik kanpora gehiago jotzeko nahia duzue?
M.Z.:
Bai asmoa dugula urtarriletik aurrera Euskal Herritik irteteko, batera eta bestera. Data batzuk hitzemanda ditugu dagoeneko. Zigiluak eskaini zigun Madrilen jotzea, eta aukera baliatu dugu gogo onez. Nolanahi dela, Euskal Herrian aurkeztu nahi dugu guztia lehendabizi.