«Nire lana ez da epaitzea, defentsa eskubidea bermatzea baizik»
Askotan gizartearekiko arduragatik hartzen den hautua den arren, ofiziozko abokatuen jardunean badira «kontraesanak sortu ahal dituzten egoerak». Nolanahi dela, haien lana ez dela epaitzea argitu du Leire Inza Mungiak NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Bestalde, «euskaraz defendatua izatea eskubidea ere badela» gogoratu du.
Ofiziozko abokatuen jarduna gertutik ezagutzeko asmoz, Leire Inza Mungia izan da aste honetan NAIZ Irratiko ‘Bigarren Kafea’ irratsaioan. Askotan entzuten den kontzeptua da, baina aurreiritzi asko eta nahasmen puntu bat dago ere. Lanbidearen egunerokotasunaren eta inguruan zabaldurik dauden usteei buruz mintzatu da.
Bere bueltan mesfidantza puntu bat baduen jarduna da ofiziozko abokatuarena. Inzak dioenez, «jendeak uste du abokatu partikularrek beren interesak hobeto defendatuko dituztela ofiziozko abokatu batek baino». Baina adierazi du, ofiziozko abokatua izateko, praktika juridikoak dituen diplomatura edo master txiki bat burutu behar dela, eta abokatutzan gutxienez hiru urteko esperientzia izatea eskatzen da.
Batzuek ofiziozko abokatutzari eskaintzen diote lanordu gehien, baina beste batzuek, beste esparru batzuetan espezializatuta egonik eta abokatu partikular gisa lan eginez, ofiziozko abokatuari ematen diote beren lan denboraren zati bat.
«Jende asko dago ofiziozko abokatu izateari eusten diona, lan berezia delako eta askotariko egoeretatik asko ikasten delako», azaldu du Inzak. Baina militantzia edo gizartearekiko arduragatik ere hartzen den hautua da. «Askotan ofiziozko abokatuaren lana entzutera mugatzea da. Gure zerbitzua behar duten askok bizitza oso zaurgarriak dituzte», esan du.
Baina badaude abokatuaren lanean kontraesanak sortu ahal dituzten egoerak ere, hala nola «moralki ados ez zauden ekintza batzuk egin dituen norbait defendatu behar izatea». «Batzuetan, niri ere zalantzak sortzen zaizkit, defendatzen ari naizen pertsonak zer egin duen horri buruz pentsatzen dudanean. Horregatik, ulertzen dut gizartean egon daitekeen mesfidantza puntua ere. Kasu horiek ez dira errazak, baina pertsona guztiek dute defentsarako eskubidea, eta guk horretan lagundu behar dugu. Gure lana ez da epaitzea», azpimarratu du Inzak.
Doakotasunaren inguruan dagoen zalantza ere argitu digu: «Ofiziozko abokatua doakoa izan daiteke edo ez, dituzun diru sarreren arabera».
Ofiziozko abokatuak barruti judizialetan banatzen dira. Adibidez, Inzak lan egiten duen Tolosakoan 15 daude gaur egun. Ohartarazi du, azkenengo urteetan hainbat abokatu jubilatu direnez eta berri gutxi sartu direnez, lan bolumena handitzen ari dela nabaritu dutela. Garai batean abokatu guztiek zuten ofiziozko txandetan egoteko derrigortasuna, baina gaur egun ez, norberak erabakitzen du txanda horietan egon edo ez.
Askotarikoak izan daitezke ofiziozko abokatuen zerbitzua eskatzen dutenen egoerak: banaketak, atxiloketak, zerbaitegatik salatua izan delako… Ofiziozko abokatu modura egiten dituen txandetatik bat bereziki gogorra suertatzen dela esan du Inzak. «Txanda berezi bat dago genero indarkeria kasuetarako. Hauek oso gogorrak dira, gehienetan familia kontuak direlako eta umeak tartean egoten direlako. Karga emozional handia dago».
2009an lizentziatu zenetik, Inzak 15 urte darama lanbide honetan, eta askotariko kasuak bizi izan ditu. Urte hauetako bilakaerari dagokionez, gaueko liskarren igoera sumatu duela nabarmendu du. «Gauak gero eta biolentoagoak direla ikusten dugu. Labankada kasuak gero eta gehiago izaten dira», aipatu du.
Azkenik, ofiziozko abokatuen kasuan euskarazko txanda ere badagoela gogorarazi nahi izan du Inzak: «Ez dakit jendeak ez dakielako den edo justizia mundu arrotza eta erdalduntzat hartzen delako den, baina ez zaigu askotan tokatzen jendeak euskarazko ofiziozko abokatua eskatzea. Horregatik, aukera hau badagoela gogoratu nahi dut, euskaraz defendatuak izatea gure eskubide bat delako ere».