SEP. 24 2024 EKOIZPENA FEMINISTA IZATEKO, EGITURA IRAULI BEHARRA Zinemaren ekoizpena ikuspegi feminista batetik landu zuten, atzo, Tabakaleran; zirrikituak baliatzen ari dira, baina egitura iraultzea beharrezkoa da. Bestalde, atzo jakinarazi zuten Naia Arantzamendi eta Tamara Lucarini zinegileek eskuratu dutela Una Habitación Propia sormen egonaldirako beka. Beli Martinez, Ines Nofuentes eta Lara Izagirre ekoizleak solasean, Salima Jirari moderatzaile zutelarik. (Jagoba MATEROLA | FOKU) Iraitz MATEO “Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik” zuen izenburua atzo Beli Martinez, Ines Nofuentes eta Lara Izagirre ekoizleek izandako solasaldiak. Tabakalerako Z aretoan izan zen. Ehun lagun ingururentzako lekua dago eta azkar bukatu ziren sarrerak. Izagirrek, ordea, argi aldarrikatu zuen: «Nire ustez, K1en -Kursaaleko areto handian- egon beharko genuke; ezinbesteko gaia da gaur lantzen ari garena». Ez da kasualitatea, aldiz, hitzaldiaren kokalekua, ezta agidanez gehienak emakumeak izatea ere; hala ere, hizlariek arantza bat zuten solasaldi amaieran, ia guztiak zuriak eta itxuraz desgaitasunik gabeak izatea. Zinemari nork eta nondik begiratzen dion izan zuten gai nagusi. Salima Jiraren galderak erantzunez osatu zuten hizketaldia, eta hirurak ados agertu ziren premisa batekin: «Bazterkeriarik gabeko espazio askeak ez dira existitzen, eraiki egiten dira». Eraikitze lanetan dabiltza hirurak, baina etengabeko oztopoak dituztela onartu zuten: «Ikuspegia izatea errazagoa da. Eguneroko praktikak dira zailak, eta beharrezkoenak». Izan ere, Nofuentesez iritziz, «sustraietan» dago, patriarkatuak zeharkatzen du ekoizpen eredua. Oso bide pertsonal eta ezberdinek bultzatuta iritsi ziren beren ekoiztetxeak sortzera, egungo ereduan ez zutelako beraientzako tokirik topatzen. Lanordu luzeak, elkarri ez entzun eta oihuka hitz egitea, aitortzarik eza, kontziliazioaren gezurra, hierarkiak... Martinezek zinema Galizian bertan eta galizieraz egitea aldarrikatu zuen, eta horretarako beste eredu baten alde egin beharra: «Irakasle batek Hollywood ez kopiatzeko esaten zuen. Zer da Galizia? Non gaude? Zein da gure hizkuntza? Zer erakutsi nahi diogu munduari?»; galdera horiei erantzunez lan egiten saiatzen da. JASANGARRITASUNA Izagirreren ametsa zero kilometroko zinema egitea da; «jasangarritasun guztiei lotuta», zehaztu zuen. Eguneko lanorduak gutxitze aldera, ekoizle euskaldunak kontatu zuen ondorengo lanak «denborarekin» egin nahi dituela eta horretarako proposamen bat bota diela bere lankideei: «Proposamen ekonomiko batez hitz egin dugu; egun bakoitza zenbat kobratu adostu ordez, lan guztia zenbat kobratuko duten adostu dugu». Gainera, filmaketa inguruan bizi direnekin egitea proposatzen du. Oztopo nagusia, ordea, alde teknikoari dagokiona da, Izagirreren ustez: «Parte humanoa moldatu daiteke, baina kamera baten alokairuan dirutza joaten da; industria guztiak egon behar du lan egiteko modu baten alde, alokairu enpresetan ere egon beharko luke jendeak honen inguruan pentsatzen». Zaintzaren gaiari heldu behar zaio eredua sustraietatik aldatzeko, Nofuentesen ustez: «Errodajeak oso maskulinizatuta daude, eta uste dut emakumeak zaintzaz arduratzen ari direlako dela; zaintza partekatzeak errodajeetan emakume gehiago egotea ekarriko luke», azaldu zuen. Horretarako zirrikituak bilatzen dabiltza; produkzio sortzaile gisa kontratatu izan dute zaintzaileren bat. Irtenbide azkar bat proposatu zuen Martinezek: «Instituzio publikoek irizpideetan behartu dezakete aurrekontuetan zaintzaz arduratuko den norbait sartzea; minutu bateko lana da». Legeek aldaketak bultza ditzaketela esan zuen Izagirrek: «Hizkuntza minorizatuen kasuan ate bat ireki da, plataformek x proiektu hizkuntza minorizatuetan egin behar dituztelako, baina sarritan istorioa ez zaie plataformen nagusi diren gizonei gustatzen eta atzera botatzen dituzte gure proiektuak. Telebista eta diru publikoa bideratu behar dira istorio hauetara», aldarrikatu zuen. Emakumeek zuzendutako euskarazko zinemak bultzada handia behar du, bere iritziz. Egiturazko aldaketak aldarrikatu zituzten, baina gaur- gaurkoz taldeko kideek jokatzen duten papera ezinbestekoa dela nabarmendu zuten. Martinezen ustez, emakumeen artean esperientziak partekatzea garrantzitsua da: «Gizon batzuek abusuzko praktikak dituzte eta hau jakin behar du jendeak; niri gertatu zait, baina hurrengoan besteren bati gertatzea saihestu behar dugu. Jakin dezatela pertsona horrek zer egin duen, eta ez dezatela gehiago berarekin lan egin». «Errelatoaren aniztasuna» aldarrikatu zuen Martinezek; izan ere, uste du emakumeei presentzia eta ahotsa ematen ari zaiela, baina zenbait galdera pausatu zituen: «Zein emakume mota sortzen ditugu? Zer egiten dute emakume horiek? Zein klase dute? Europarrak dira? Nondik jo beharko luke zinema feministak?». Nofuentesek zaintzaren gaian arreta jartzea proposatu zuen: «Zaintza partekatzeak filmaketetan emakume gehiago egotea ekarriko luke»