GARA
BILBO

Hiru gazte etxegabetu dituzte Bilboko Alde Zaharrean

AZET etxebizitza sindikatuko kide bat atxilotuta eraman zuten atzo Bilboko Alde Zaharrean, hiru gazteren etxegabetzea ekiditeko antolaturiko elkarretaratzean. Udaltzainekin tirabirak izan ziren eta etxegabetzea gauzatu zuten azkenik. Arratsaldean protesta jendetsua izan zen.

Bilboko udaltzainak, Artekalen, etxegabetzea babesten.
Bilboko udaltzainak, Artekalen, etxegabetzea babesten. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Artekalen bizi ziren hiru gazte etxegabetu zituzten atzo goizaldean Bilbon. Horren aurka AZET etxebizitza sindikatuak eginiko deialdiari jarraituz, dozenaka lagun bertaratu ziren kaleratzea ekiditeko asmoz. Etxebizitza eskubidea aldarrikatu zuten, hiru orduz luzatu zen ekimenean.

Elkarretaratzea 8.30erako deitua zegoen, baina ordurako jada udaltzainek kalea moztuta zeukaten eta ez zuen uzten inor Artekale ingurura sartzen.

«Sindikatutik etxegabetzea atzeratzeko argudioak aurkeztu dizkiogu komitiba judizialari, baina etxegabetzearekin aurrera jarraitzea erabaki du», jakinarazi zuen AZETek.

Egoera ikusita, atarira hurbiltzen ahalegindu ziren bertaratutakoak eta udaltzainekin tirabirak izan zituzten. Sindikatuko kide bat atxilotuta eraman zuten.

Azkenik, lortu zuten etxegabetzea gauzatzea. «Beste etxebizitza huts bat, hiru pertsona gehiago kale gorrian. Pobreen kontrako gerrak ez du etenik», salatu zuten AZETeko ordezkariek Artekalen bertan. Gauzak horrela, manifestaziora deitu zuen 19.00etarako, Santiago plazatik abiatuta, eta 250 lagun inguruk parte hartu zuten.

«Etxegabetu dituzten hiru gazteak urte luzeak hutsik zeramatzan auzoko etxe batean bizi ziren, eta elkarbizitza ona zeukaten auzokideekin. Duela hilabete batzuk etxejabeak desokupazio enpresa bat bidali zuen, etxean bizi ziren gazteak indarrez eta era ilegalean kaleratzeko helburuarekin. Orduko hartan ez zuen lortu, baina oraingo honetan bai, bide judiziala hartuta», azaldu zuen AZETek ohar batean.

«HITZONTZIKERIA»

«Etxebizitza legeak, etxegabetzeen aurkako luzamenduak, ezkutu sozialak, alderdi sozialdemokraten arteko akordioak... Dena da paper errea. Gezurrak. Hitzontzikeria. Ongi dakigu hilabeteotan etxegabetzeek ez dutela etenik izan, izan horiek legezkoak edo legez kanpokoak, kamuflatuak edo esplizituagoak. Edo gaurkoa bezalakoak: kapitalaren adar armatua den poliziaren bitartez, hiru gazte bortxaz kale gorrian utziz eta jabetza pribatua izateko ustezko eskubidea defendatuz gure bizitzen gainetik. Beste etxebizitza huts bat, hiru pertsona gehiago kale gorrian. Pobreon kontrako gerrak ez du etenik», gaineratu zuen AZETek.