«Joera, behintzat, arraunaren maila behera egiten ari dela da»
Alain Colungaren (Ondarroa, 1987) ustetan, aurten Bermeoren «bertsiorik onena» ikusi dugu: «Oso zaila da hau baino maila hobea ematea». Kontxan zeuden baldintzak kontuan hartuta, arraunlariak adierazi du «denbora ezin hobea» egin zutela, nahiz eta 19 minututik ez jaitsi. Colunga arraunaren geroaz aritu da: «Beherakada bat badator».
Hamabosgarren denboraldia bete du Bermeoko tostetan Alain Colungak. «Gogoa» badu arraunean jarraitzeko, «fisikoa ere bai», baina inguruko senideekin hitz egin behar du. «Denok sufritzen baitugu arrauna». Asko irabazi du Ondarroako arraunlariak. Zortzi Kontxako Bandera eta zazpi Eusko Label Liga. Osatu berri duten denboraldiaz, «ezin du gehiago eskatu»: Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi ditu Urdaibaik, hamalau bandera astindu ditu Eusko Label Ligan, banderen errekorra bereganatuta, eta Kontxako Banderan gailendu da.
“Bou Bizkaia” traineruak eskarmentu handia du, eta badute «mentalitatea jakiteko zer egin behar duten denboraldian zehar hazkundea izateko, eta garaipenak kateatzen jarraitzeko». Hala ere, aldaketak izango dira taldean, Iker Zabala entrenatzaileak iragarri baitu ez duela taldean jarraituko. Adierazi zuen astebeteren buruan hartuko zuela erabakia eta Colungak ere onartu du «onerako edo txarrerako, erabakia azkar» hartu beharra zegoela, entrenatzaile berriaren bilaketa «ez atzeratzeko».
Elkarrizketa hau Zabalaren erabakia ezagutu aurretik egin zen eta arraunlari ondarroarrak adierazi zuen «gaur egun Bermeok izan dezakeen entrenatzailerik onena» dela bermeotarra. «Erabaki pertsonalak dira, eta beti errespetatuko dugu berak hartzen duen erabakia. Iker ez bada, aurrera jarraitu beharko da eta etorriko da norbait». Ezinbestean aurrera begira jarri beharko du Urdaibaik baina, lehendabizi, denboraldi historiko baten sentsazioak plazaratzeko tartea hartu zuen Colungak.
Nolako ospakizuna izan zen Bermeon?
Oso ondo joan zen bai igandean, bai larunbatean. Oso harrera ona egin zigun herri guztiak; bueno, ez dakit herri guztiak, baina bermeotar pila bat eta zale pila bat hurbildu ziren. Politena da beraiekin disfrutatzea egin dugun lanaz, eta noski, garaipenaz.
Sekulako denboraldia osatu duzue. Ezin duzue gehiago eskatu.
Ez, ez. Guretzat hau amets bat izan da. Denboraldia hasi zenetik sekulako aukera ikusten genuen. Hiru urte hauetan zehar, Iker [Zabala, prestatzailea] etorri denetik Bermeora, orain dela bi urte jada denboraldi oso ona egin genuen, eta hori oinarri hartuta, iazko urtean eta aurten hobetzen joan gara, eta uste dut aurten Bermeoren bertsiorik onena ikusi dugula. Sekulako aukera ikusten genuen, eta ez genuen galdu nahi. Azkenean dena oso ondo atera da, eta pila bat disfrutatu dugu.
Gozatu egin duzue arraunean?
Bai, pila bat gozatu dugu. Hau da edozein arraunlarik amesten duen denboraldia, eta uste dut ezin dela gehiago eskatu. Gainera, denboraldi guztian zehar lortutakoarekin gozatzen joan gara.
Hasieratik bukaerara nagusi. Txapelketa hasi eta berehala lau bandera irabazi zenituzten elkarren segidan, eta horrek azkar bideratu zuen sailkapena.
Eskarmentu handia duen taldea gara. Azken bi urteak ikusita, eta pixka bat oinarri hartuta zer egin dugun ondo, bagenekien hobetzeko atalak bazeudela, eta hori lantzen joan gara. Eskarmentu handiko taldea izanda, badugu mentalitatea jakiteko zer egin behar dugun mantentzeko, denboraldian zehar hazkundea izateko, garaipenak kateatzen segitzeko, eta jarraipena izateko.
Bi aldiz geratu zarete bosgarren postuan: Orion eta Getarian. Baina gainerakoetan lehenak izan zarete, bi aldiz bigarren eta bat hirugarren. Ez zarete erlaxatu.
Ez, argi dugu prozesu bat dela, eta denboraldia ere prozesu horren parte dela. Badakigu, adibidez, ekainean egiten dugun estropada batekin, uztailean ez duela balio, eta uztailean ematen dugun mailarekin, ez duela balio Kontxako Bandera irabazteko. Oso kontziente gara horretaz, eta hori jakinda, jarraitu behar da hobetzen eta lantzen. Dena oso ondo atera zaigu.
Osatu duzuen denboraldi honek arantzarik izatekotan, Zarauzko Ikurrina da hori?
Bai, halaxe da, izan daiteke [barrez]. Baina nork esango zuen Zarauzko Ikurrinean larunbatean lehenak izan, eta igandean bigarren, eta hori izatea denboraldiko gure arantza. Horrekin uste dut dena esan dudala. Sekulako denboraldia izan da; jakina, ezin dugu dena perfektu egin. Asteburu horretan Donostiarra gu baino gehiago izan zen, eta merezita eraman zuen garaipen hori.
Hala ere, horrek modu batera edo bestera, balio izan zizuen bereziki Kontxara gose handiarekin iristeko.
Bai. Denboraldia prozesu bat da, eta ezin gara erlaxatu. Erlaxatzea datza aldaketak egiten jarraitzean bai neurriei dagokienez, bai arraunlariei dagokienez ere, pisuak... Hori dena joan behar zara hobetzen, eta askotan hobekuntza horren bila zoazenean atzera egiten da, baina hori da prozesu normala, hobekuntza lortu nahi baduzu eta Kontxara ondo heldu nahi baduzu. Esan bezala, beti ez da asmatzen, Zarautzen ez genuen asmatu, baina egin beharreko gauzak dira, hobetzen joan nahi baduzu.
Kontxan, bai, nagusitasun handia erakutsi zenuten bi igandeetan.
Bai, uste dut Kontxan ikusi zela Bermeoren bertsiorik onena. Zegoen itsasorako eta haizerako, sekulako denborak atera ziren; ezin hobeak izan ziren. Benetan oso gustura geratu ginen egindako lanarekin.
19 minututik ezin jaitsi. Hor dena eman izanaren irudipena duzue?
Ni barruan egon nintzen errekorra egin zen urtean, baita bi igandeetako errekorra egin zen urtean ere, eta uste dut zeuden baldintzekin denbora paregabea edo ezin hobea egin genuela. Ez dakit errekorra egiteko baldintzak eman izan balira, errekorra egingo genuen ala ez, baina uste dut oso-oso hurbil egongo ginela, hori ziur.
Iker Zabalak adierazi du bete-betean ez zaretela hainbestetan aritu. Zuk ere sentsazio bera duzu?
Bai, nik ere sentsazio bera dut. Bermeoren bertsiorik onena aurten ikusi da. Oso traineru sendoa gara, ondo landutakoa; hiru urteren ondoren, elkar ondo ezagutzen dugu, eta uste dut oso zaila dela hau baino denboraldi hobea egitea, edo gure aldetik, behintzat, oso zaila da hau baino maila hobea ematea.
Zuek maila oso-oso altua eman duzue, baina aurkariak nola ikusi dituzu?
Uste dut egon direla momentuak non aurkariak hurbildu diren baina, nire ustez, orokorrean hitz eginda, arraunaren maila ez dago momenturik onenean. Ikusten da arraunean badagoela arazo bat gazteriarekiko, eta gero eta zailagoa dela gazteak arraunera etortzea eta gazteek arraunean jarraitzea. Ikusiko da datozen urteetan arraunak zein bilakaera duen, baina bai ikusten da, edo joera bada, behintzat, maila horrek behera egin duela edo beherakada bat badatorrela.
Eta zein irtenbide eman behar zaio egoera horri?
Hori oso eztabaida sakona da. Uste dut hausnarketa bat egin behar dela, baina hausnarketa orokor bat, nola beteranoen traineru gehiago dauden eta KAE 2 ligan traineruak desagertzen ari diren. Argi dago arraunlarien adina igotzen ari dela; orduan neurriak hartu behar dira. Neurriak alde guztietatik. Ez dakit orain hartuko dituzten neurriak onenak diren edo, behintzat, neurri horiek bakarrik hartu behar diren. Baina, bai, egin behar da hausnarketa bat horren inguruan, eta arraunarentzat onenak diren neurriak hartu.
Datorren denboraldian harrobiko lau ontziratu beharko dituzte taldeek. Horrek eragina izango du Bermeon?
Eragina izango du talde guztietan, batzuentzat hoberako eta beste batzuentzat alderantziz. Bermeo bezalako talde batek hori onartu beharko du, eta alde horretatik aurrera egin behar da.
Hamabost denboraldi daramatzazu Urdaibain. Zazpi Eusko Label liga eta zortzi Kontxako Bandera. Sekulako zenbakiak dira.
Bai, baina ez diet kasu handirik egiten zenbakiei. Uste dut momentua disfrutatu behar dela, aurten egin duguna disfrutatu dugun bezala. Eta pasatu ondoren, aurrera begiratu behar da. Hemen jarraitzen badut, berriro hori lortu behar da. Atzera begiratzea hor dago, baina garrantzitsuena datorrena da. Esan dezakedan gauza bakarra da alde horretatik oso zorionekoa sentitzen naizela. Ez nuen inoiz pentsatuko arraunean hasi nintzenean honen laurdenaren laurdena ere irabaziko nuenik. Alde horretatik, oso zoriontsua naiz.
Jarraituko duzu datorren denboraldian?
Ez dakit. Nik ahalegina egingo dut jarraitzeko; gogoa badut, fisikoa badut, oso ondo sentitzen naiz, baina pixka bat betikoa, inguruko kontuak ikusi behar dira. Azkenean arrauna denok sufritzen dugu, ez nik bakarrik, baita nire ingurukoek ere. Erabakia denona izan behar da, eta ikusiko dugu. Momentu honetan pixka bat hausnartu, lur hartu, eta ahalegina egingo dugu.