SEP. 25 2024 REALA «Denbora» eta «pazientzia» eskatu ditu Olabek, taldea zuzenduko bada Nizaren aurka jokatu bezperako gosarian, taldearen mailan ez ezik, Imanol Alguacilengan ere uste osoa ezarri zuen Realeko futbol zuzendariak. Gazteen bilakaera prozesua ganoraz joango dela ere iritzi zion, talentua garatzeko denbora behar izanda ere. Roberto Olabe, Realeko futbol zuzendaria. (Gorka RUBIO | FOKU) GARA Nizaren aurka Europa Leagueko aurreneko jardunaldia prestatzen ari da Reala. Gaur 21.00etan nahikoa lan izango du Imanol Alguacilen taldeak, hori baita uneotan premiazkoena txuri-urdinentzat. Nolanahi ere, emaitza onen bat eskuratuko balu, talde donostiarrak denboraldi hasiera triste honi poz apur bat emango lioke. Aurreneko zazpi jardunaldien ostean, Realak bost puntu baino ez ditu pilatu eta orotara hiru gol bakarrik sartu ditu. Ez dira, ez, paparra puztuta aritzeko moduko zenbakiak, baina horrekin lan egin beharko du, aurrera egingo badu. Halakorik eskatu zuen atzo goizeko «gosari klandestinoan» -ez bideokamera, ez grabagailu, ez argazki-kamerarik onartu ez den gosaria- Roberto Olabe Realeko futbol zuzendariak. Alegia, «futbolean ezin duzu denbora eta pazientziarik eskatu, baina horixe da behar duguna», adierazi zuen. Talde donostiarrak uda honetan hainbat aldaketa burutu ditu, batez ere bere aurreneko taldean. Jokin Aperribay presidenteak berak ere Reala «liburu berria idazten hasi» dela bota du egunotan eta Olaberen diskurtsoa ere bide horretatik joan zen. Hori dela eta, jokalari gazteen talentua eta bilakaera prozesua ondo joango den uste osoa erakutsi zuen, baita, halaber, prozesu hori gidatzeko pertsonarik egokiena Imanol Alguacil entrenatzailea dela ere. «Ez dago Imanol baino pertsona aproposagorik hau aurrera ateratzeko. Kazetariei aurrez esan zizuen lasai zegoela, eta ez nuke plantak egiten ari dela esango», azpimarratu zuen. Onartu zuen, noski, denboraldi hasiera honetan Realak ez duela 90 minutuan jarraian ondo jokatzen asmatu eta 2019az geroztiko hasierarik eskasena izaten ari dela ere onartu behar izan zuen. Zer erremedio! «Orduan dena ziren txaloak eta irribarreak. Orain, lasaitasuna eta nortasuna behar ditugu, egoera onartu eta aurrera egiteko. Uste osoa dugu gure lanean, entrenatzaileagan, jokalariengan eta dugun talentuan», esan zuen. Gosaria kontrako eztarritik joateko arriskuan dago uneotan Reala; Mikel Merino eta Le Normand galdu eta orain arte etorri direnek nahi bezalako errendimendurik ez dute eskaini. Alde horretatik, «etxeko» jokalariengan jarri zuen bere ustea, taldearen lana zuzendu eta iritsi berrien errendimendua hobetzeko. «Alex [Remiro], Igor [Zubeldia], Mikel [Oyarzabal]... etxekoengan sinesten dugu. Etxeko talentua sustatzen dugu eta, era berean, kanpokoa ere erakartzen dugu. Baina kanpoko talentu hori gaztea da eta etxekoen eskarmentuak lagundu behar digu», azaldu zuen Olabek. Horri lotuta, udan klubak fitxaketak lotzeko egin duen lana ere goratu zuen. Olaberen hitzetan, «taldeak aurten ez du aurreko urteetan egin duenaren aldean ezer desberdinik egin». Ondorioz, «pazientzia eta denbora» eskatu zituen. «Etorri direnak moldatzeko behar dugu denbora eta pazientzia. Ondorioz, hiru lehiaketatan parte hartzeak mesede egingo digu», esan zuen. Brais eta Javi Lopez prest ditu Imanolek Hilabetez min hartuta egon ostean, Brais Mendez berreskuratu du Imanol Alguacilek gaurko partidara begira. Ez da oriotarrak atzo izan zuen albiste pozgarri bakarra, Javi Lopez ere deialdian sartu baitzuen. Hamari Traore, Arsen Zakharyan eta Sadiq Umar, ordea, kanpoan geratu zaizkio. Entrenatzaile gipuzkoarrak «ilusioz gainezka» dagoela adierazi zuen neurketa bezperako prentsaurrekoan. «Lehiaketa berri baten aurrean gaude, formatua ere ezberdina du, baina guk ilusioa aurreneko aldian bezala mantentzen dugu», azpimarratu zuen. Nizaren aurka Europa League berri honi ekitea, berriz, «erronka polita» dela iritzi zion. «Kalitate handiko aurkaria izango dugu aurrean, ausarta benetan. Guretzat erronka polit bat izango da lehiari ekiteko», azaldu zuen. Nayef Aguerd Realeko atzelari marokoarraren iritziz, «lehia gogorra espero behar dugu, ez gutxiago. Ez gara ondo hasi ligan, baina hona iritsi garenez gero, Realaren benetako maila erakustea da gure helburua», nabarmendu zuen, nahiz eta gaineratu «aurkariak dena ematera behartuko» dituela «baldin eta irabazi nahi badugu». Bestetik, Franck Haisek zuzentzen duen taldeak Jeremie Boga, Terem Moffi, Morgan Sanson, Gaetan Laborde eta Hicham Boudaoui jokalariak min hartuta ditu. Ondorioz, bere aburuz, «Reala iaz Txapeldunen Liga jokatzetik dator eta partida honek esango digu zein den gure maila». GARA «ETXEKOAK»«Alex [Remiro], Igor [Zubeldia], Mikel [Oyarzabal]... etxekoengan sinesten dugu. Etxeko talentua sustatzen dugu eta, era berean, kanpokoa ere erakartzen dugu. Baina kanpoko talentu hori gaztea da eta etxekoen eskarmentuak lagundu behar digu».