SEP. 25 2024 EUROPAKO HIZKUNTZA GUTXITUEN GUTUNAREN BALORAZIOA Europako Kontseiluak epaiketak euskaraz egitea babestu du Europako Kontseiluak proposatu du legez ziurtatzea Hego Euskal Herrian epaiketak euskaraz egiteko aukera, aldeetako batek hala eskatzen badu. Agintariei neurriak hartzeko eskatu die eskubide hori praktikan jar dadin, Estatu espainiarrak sinatua duen Europako Hizkuntza gutxituen Gutuna betez. Nafarroan, zehazki, zonifikazioaren «trabak ezabatzea» galdegin du. Donostiako protesta honetan salatu bezala, administrazioko langileen euskara ezagutza txikiegia da Europako adituentzat. (Gotzon ARANBURU / FOKU) GARA DONOSTIA Eskualdeetako hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen Europako Gutunaren balantzean, Europako Kontseiluak neurriak eskatu zizkien Estatu espainiarreko agintariei, Hego Euskal Herrian epaiketak euskaraz egiteko aukera zabal dadin, aldeetako batek hala eskatzen badu. Euskara erabili den prozesu judizialen erregistro bat egiteko ere galdegin zien. Txostena osatu duten adituek Araba, Gipuzkoa, Bizkai eta Nafarroako herritarrak Estatuko Administrazioarekin euskaraz aritzeko aukera izan dezaten segurtatzeko neurriak exijitu zituzten, baita euskara osasun eta gizarte zerbitzuetan erabiltzeko pausoak ematea ere. Hezkuntza tekniko eta profesionalean euskaraz dagoen eskaintza handitzearen alde ere azaldu ziren. Nafarroan, zehazki, zonifikazioaren «trabak ezabatzea» eskatu zuten, eta ETB3ko programazioa zona euskaldunean «behintzat» ikusi ahal izatea ere bai. GAZTELANIAZKO KLASE MINIMO BAT INPOSATZEAREN AURKA Europako Kontseiluko adituek, bestalde, «kezka sakona» agertu zuten gaztelaniazko klase minimo bat inposatzen duten sententzia judizialengatik. Oroitu zutenez, Estatu espainiarrak Europako Hizkuntza gutxituen gutuna sinatu zuenean, «babes maila handienaren alde» egin zuen. Estatu frantsesak, ordea, bertze estatu kide batzuek bezala, ez zuen karta hori izenpetu nahi izan, ez dagoelako frantsesaz gain bertze hizkuntzarik bermatzera derrigortuta. Zehaztu zutenez, Estatu espainiarrak gutunarekin bat egiteak erran nahi du eskualdeko hizkuntza edo hizkuntza gutxitua hezkuntzako hizkuntza gidari bezala erabili behar dela ikasgai ugaritan (adibidez, katalana Katalunian). 2020aren amaieran Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai baten harira sortu zen eztabaida batez ere. Sententzia horrek ezarri zuen bertako eskoletan klaseen %25 gaztelaniaz eman behar zirela gutxienez. Horrek kolokan jarri zuen Kataluniako murgiltze eredua, katalana hizkuntza gidari duena. Europako Kontseiluko adituek Aragoi, Balear Uharteak eta Valentzia ere nabarmendu zituzten, hizkuntza gutxituen «egoera okertu» delako, gutunaren betebeharrak «trabatzen dituen neurriengatik». Adituek esplikatu zuten gaur egungo legediak edo horretaz egiten den interpretazioak «ez duela ziurtatzen» epaitegiek prozesuak hizkuntza koofizialetan egitea. Are gehiago: «Gehienek ez diete dokumentazioa hizkuntza koofizialetan jasotzeko eskaerei erantzuten». Hizkuntza koofizialak dituzten autonomia erkidegoetako Estatuaren Administrazioaren egoera ere gaitzetsi zuten, hizkuntza gutxituetan edo eskualdeko hizkuntzetan lan egiteko ezagutzak «txikiegia izaten jarraitzen duelako eta hainbat testu eta formulario gaztelaniaz soilik daudelako eskuragarri oraindik». PPK ESKUBIDEA EZABATU DU SENATUAN Europako Kontseiluak markatutakoaren kontrako bidean, Senatu espainiarreko PPk, prozesu judizialetan izapideak zein lurraldetan hasten diren kontuan hartu gabe, hizkuntza koofizialak erabiltzea baimentzen zuten artikuluak ezabatu zituen defentsa eskubideko lege proiektutik. Gainerako taldeek Kongresuan erabaki horri buelta emateko konpromisoa hartu zuten. BIDEAAdituek nabarmendu zutenez, hizkuntza koofizialak Kongresuan eta Senatuan erabil daitezke. Baina hezkuntzan, justizian zein administrazioan -zerbitzu publiko eta mugaz gaindiko trukeetan- bidea gelditzen da.