SEP. 25 2024 Gimeno entzungor joan zen bilerara eta sindikatuen haserrea handitu zuen Nafarroako Hezkuntza Sailean atzo egindako bilera etsigarria izan zen sindikatuentzat. Zerbitzua hobetzeko aspaldi plazaraturiko proposamenen berririk ez zuten. Bihar grebara deitu dute. Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuak, atzo, Parlamentuaren aurrean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) MARTXELO DIAZ IRUÑEA Biharko grebara deitu dute Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatu guztiek (Steilas, ANPE, Afapna, LAB, CCOO, ELA eta UGTk), kalitatezko zerbitzua eskaintzeko aldarrikapen nagusiarekin. Atzo goizean bilera hitzartua zuten Hezkuntza Departamenduarekin, baina kontuak ez ziren ongi pasatu. Steilas sindikatuko Ane Apezetxeak azaldu zuenez, Departamenduko buruak esan zien irakasleen proposamenak ezagutzera zihoazela, irakasleek beren aldarrikapenak aspaldi plazaratu baldin bazituzten ere. «Nafarroako hezkuntza sistema publikoaren beharrei erantzungo dieten finantziazio neurriak hartzeko borondaterik ba ote duten galdetu diegu: ratioak jaitsi, langileak egonkortu, gainzama arindu eta erosahalmena berreskuratu», esan zuen Apezetxeak. Hezkuntza Departamenduaren aldetik jasotako erantzuna, ordea, etsigarria izan zen sindikatuetako ordezkarientzat: «Egiaztatu dugu Departamenduak ez duela inolako asmorik gai horiei heldu eta finantzaketa konpromisoa duen egutegi bat planteatzeko. Hortaz, bileratik alde egin dugu sindikatu guztiok batera». «Azpimarratu nahi dugu, irakaskuntza publikoak dituen arazoak konpontzeko eta aurrekontuetan aintzat hartzeko ahalmena Gobernuak berak duela», adierazi zuen Apezetxeak. Maria Chivite lehendakariari egoera desblokeatzeko bilera eskatu zioten sindikatuek, baina ezezkoa jaso dute. Atzo, Parlamentuan, PSN alderdiak bakarrik sostengatu zuen Carlos Gimeno kontseilariaren jarrera. Beste taldeek (Geroa Bai, EH Bildu, C-Z eta UPNk) hezkuntza publikoaren finantziazioa bermatu behar dela esan eta grebarekin bat egin zuten.