Batman-en unibertsoa elikatzen
Matt Reeves-ek “The Batman” filma zuzendu zuen 2022an; film horren gertakariak amaitu eta astebetera girotuta dago “The Penguin” telesaila. Batmanen etsai mitikoari buruzko kontakizuna da: Oswald Cobblepot (“pinguinoa” ezizenez), Colin Farrellek maisuki gorpuztua. Begirada guztiak pertsonaia horretan jarrita dauden arren, ezustekorik handiena Cristin Milioti aktorearekin izan dut; Sofia Falcone-ren rola jokatzen du eta lan paregabeki burutzen du. Honen pertsonaia mamitsua eta oso interesgarria da. Cobblepotek hiriaren barruan izan duen bilakaera aztertuko du serieak eta bere inperioa eraikitzeko duen moduan arreta jarriko du. Horretarako, Gothameko azpimundu kriminalaren erraietan murgilduko dira, pertsonaiarekin guztiz bat datorren giro ilun eta klaustrofobikoan. “The Batman”-en ikusi genuen neo-noir estetikak eta estilo bisualak telesailean dirau. Hori bai, hemen ikuspegia kaletarragoa eta gordinagoa da. Tonu ilunek, hiriko eszenatokiek eta argiztapenek arrisku eta dekadentzia sentsazioa indartzen dute.
Zinez ariketa zaila zen gaitzespena eragiten digun pertsonaia honekin gutxieneko enpatia sentitzea, baina oreka egokia lortu dute. Alde grotesko eta bortitza batetik, sotiltasun emozionala bestetik. Ez dut esango Pinguinoarekin bat egiten dugunik, inondik inora ere, baina haren ekintzak eta motibazioak guztiz ulertzen ditugu.
Heroiak eta gaizkiaren aurkako borrokak albo batean uzten dira hemen. Honakoa ez da superheroien inguruko istorio klasikoa, antiheroi batean zentratutako kontakizuna baizik. Boterea, traizioa, mendekua, aliantza aldakorrak..., gehiago du tragedia klasikotik edo gangsterren zein mafiaren munduan girotzen diren istorioetatik.