AMAIA EREÑAGA
BILBO

Gatiburi zapore goxoa mingostu zioten «tokiz kanpoko» hitzek

25 urteren buruan, agur esateko orduan, BEC aretoa bi egunetan betetzeak poza eman behar du. Abenduaren 13an ere «sould out» zintzilikatu zutela jakin eta, ia batera, zapore goxoa mingotsa bihurtu zitzaion Gatiburi, Alex Sardui abeslariak, elkarrizketa batean, musikagintzan genero diskriminazioa dagoenik ukatu zuenean. 150 bat emakume musikariren komunikatu bateratua, barkamenen eskaera publikoa... Hausnarketarako bideak, zabalik.

Gatibu taldeko kideak, agur bira iragarri zuten egunean.
Gatibu taldeko kideak, agur bira iragarri zuten egunean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Gatibu taldetik edozein diskriminazioren aurkako eta berdintasunaren aldeko jarrera argia erakutsi nahi dugu. Tokiz kanpo egindako adierazpenek sorrarazi duten haserrea guztiz ulertzen dugu, eta barkamena eskatzen dugu horregatik. Honek guztiak gizartean eta musika sektorean hausnarketa eraikitzaile bat egiteko balioko digu denoi, guri behintzat bai. Aske maitte, asko bizi», irakurri genuen, atzo arratsaldean, Gernikako talde beteranoak bere sare sozialetan zintzilikatu zuen komunikatu motzean.

Azken orduetan gertatutakoaren jakitun ez zen norbaitentzat, agian, adierazpen hau harrigarria suerta zitekeen, gernikarren 25 urteetako ibilbidea ikusirik. Sareetan bi mota ezberdineko solasak gurutzatu ziren: abenduaren 13rako -hau da, BECen egingo duten bigarren agur kontzerturako- sarreren erosketari buruzko gorabeherez mintzatzen ari zirenak, batetik, eta Alex Sardui abeslariak “Eldiario.es” hedabideari egindako adierazpen adierazgarriei buruz aritu zirenak, bestetik.

EMAKUMEEN DISKRIMINAZIORIK EZ?

Hautsak harrotu baitzituen Sarduik, Gatiburen agurraren iragarpenaren harira, hedabideari esandakoak; hau da, bere ustez Euskal Herriko musikagintzan ez dela emakumeekiko diskriminaziorik egon edo berak bederen ez duela ikusi.

«Egia da ez dagoela hainbeste emakume lanean, baina ez da sekula bazterketarik egon», gehitu zuen.

Honen aurrean, erantzuna. Musikaren arloan dabiltzan Euskal Herriko 150 bat emakumek eta identitate disidenteek ohar bateratu bat argitaratu zuten musikagintzan diskriminaziorik egon ez dela esatea «oso larria» dela nabarmenduz. Sinatzaileen artean, euskal musikako izen ezagunak. Batzuk aipatzearren: Izaro Andres, Ines Oinaga, la Furia, Miren Narbaiza, Aiora Renteria, Josune Arakistain, Olatz Salbador, Lide Hernando... Errealitate bat baztertzeaz gain, zioten sinatzaileek, «datuek ideia hori [diskriminaziorik egon ez dela] gezurtatzen dute, eta agerian uzten dute musikan genero diskriminazioa benetako arazoa dela».

Sarduiren hitzek, testuaren sinatzaileen esanetan, «garbi uzten dute euskal musikan (beti) lehendabiziko planoan egon den gizon baten ikuspuntua. Ez dela diskriminaziorik, ez duela ikusi. Ez dela jarri ere egin gure ahotsa aditzen. Ez dira alferrik egin dokumentalak, mahai inguruak, elkarrizketak, bizipenak agertzeko ekintzak, podcastak... Ez du ezer ikusi eta ez du entzun, ez zaiolako interesatu. Oso eroso dagoen baten hitzak dira. Eta azken urte hauetan ikusgarritasuna landu den bezala landuta, musikaren munduko beste ahots batzuk entzuteko gogo gutxi eta interes falta asko igartzen zaio».

Astelehen gauean, 21.30ak aldera, Gatibu taldeak bideo bat zintzilikatu zuen bere sare sozialetan. Bertan Sarduik, kamerari begira, adierazi zuen egin zituen «deklarazioak oso eskasak, lekuz kanpo egindakoak» zirela.

«Nik ez dut horrela pentsatzen -argitu nahi izan zuen- eta emakume guztiei, batez ere, euskal musikan dabiltzan emakume guztiei barkamena eskatu nahi diet. 25 urte ibili gara emakumeak defendatzen eta, benetan, ez da sartzen nire logika barnean. Barkatu, eta arrazoia duzue. Sentitzen dut».

«SOULD OUT»

Gau txarra pasatu zuen Gernikako taldeak. Sarduik ere ez zuen ukatu oso ukituta zegoela Radio Euskadiri atzo goizean zuzenean egin zizkion adierazpenetan. Kate publikoko Boulevard saioan atzo ere elkarrizketatu zuen kazetariak, Maialen Ferreirak, polemikaren ostean abeslariarekin izan zituen gorabeherak salatu zituen. «Elkarrizketa bidali nienean, onartu eta barkamena eskatu zuten», aditzera eman zuen.

Polemika latz hau une goxo batean iritsi zaio Gernikako talde beteranoari. Hau da, agurraren unean, 25 urteko ibilbide oparoa ospatzen ari direnean.

Datorren azaroaren 2an finkatuta dute lehen hitzordua beraien jarraitzaileekin Barakaldoko Ezk Fest-ean -Gatibu, Dupla, Buhos eta Ostikada kartelean-; eta abenduaren 12 eta 13an, BECen ere “Agur Esan Barik” itxieraren birako bi datak.

Azkenengo kontzerturako, abenduaren 13rako, sarrerak bi ordu eta erdian bukatu ziren. Eta azken aurreko kontzertukoak, bezperan egingo denekoak, bi ordu baino gutxiagoan amaitu ziren horiek ere. Ikusi egin beharko da hirugarren deialdi batekin animatuko ote diren.

Gernikan sortu zen taldea 2000. urtean, Alex Sardui eta Haimar Arejita elkartu zirenean. Orduan, Sarduiren “Txulufrina eta arrosa” proiektua zuten esku artean, baina laster elkartu ziren Salazarrekin eta Mikel Caballerorekin -aurtengo otsailean Mexikon zendua-, taldea osatu eta Gatibu izango zenaren kantuak sortzeko.

Bidean hamar disko utzi dituzte, eta gogoangarriak diren hainbat abesti, hala nola, “Musturrek sartunde”, “Urepel”, “Aske maitte” edo “Bizitzeko gogoa”. Azken diskoa “EH distopikala” izan da, eta argitaratu gabeko auskalo zenbat kantu geratuko zaizkien artxiboan.