SEP. 26 2024 «Le dernier souffle», heriotzari buruzko saiakera dramarik gabea Marilyne Canto, Costa-Gavras, Charlotte Rampling eta Angela Molina. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) AMALUR ARTOLA DONOSTIA Heriotzari baino, bizitzaren azken arnasaldiei aurre egiteko moduari egiten dio erreferentzia Costa-Gravasek Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu duen ‘‘Le Dernier souffle’’ filmak. Dramarik gabe, bizitza eta heriotza banatzen dituen muga horretan barrena gidatzen gaitu zinemagile greziarrak, zainketa aringarrien unitatean lan egiten duen mediku baten eskutik. Heriotzaren onarpena eta ukazioa, oinaze fisiko eta psikologikoen kudeaketa, gaixoaren eta familiaren nahien talkak, egia (edo egia erdia) komunikatzeko formulak eta, batez ere, heriotza duin baten aldeko aldarria gordetzen ditu filmak. Eta, hori guztia, dramatismoan erori gabe. Heriotzaren tabua zulotik ateratzeko saiakera horretan bi pertsonaia aurkezten dizkigu Costa-Gravasek: Fabrice Toussaint da bata, ‘‘orban bat’’ aurkitu dioten ospe handiko idazlea, eta Augustin Masset, zainketa aringarrietako medikua. Azkenaren eskutik, heriotzaren atarian dauden pertsonen bizipenak ezagutuko ditu idazleak. Filmak Regis Debray eta Claude Grangeren izen bereko liburua du oinarri. Txalotua izan zen filma, bai lehen emanaldiaren ostean, baita prentsa aretoan ere. Bertan, Costa-Gavras garbia izan zen: «Film hau egin dut, lehenik eta behin, interesatzen zaidan gaia delako, eta iristen ari naizelako adin batera non heriotzaren hodeiertza gero eta hurbilago dudan, eta auzi hau aspaldidanik dut buruan. Lankide asko ditut hiltzen joan direnak, eta hasiera batean horrek inpresionatu egiten ninduen; orain, ohitu egin naiz. Beldur eta izuaren artean edo duintasunez hiltzen gara», esan zuen 91 urteko zinemagileak. Hausnarketa horiek buruan zituela, egileetako batek liburua helarazi ziola kontatu zuen, eta gaia film batera eramateko aukera ikusi zuela. «Egiazko hainbat kasutan oinarritzen da eta horiekin zinema egin genezakeela ikusi nuen, pertsonaiak sortu, gertakariak traizionatu gabe. Ze, zinema ikuskizuna da ezeren gainetik, emozioak sortu eta ikusleen gogoeta bideratzen duena», azpimarratu zuen. Liburuari helduta idatzi zuen gidoia, eta zainketa aringarrietara hainbat bisita ere egin zituen. Bertan, gaixoak hartzeko bestelako modu bat ikusi zuela kontatu zuen; «ospitaleetan erizainak eta medikuak nahiko autoritarioak eta zehatzak izaten baitira, baina hemen maitasunez tratatzen dituzte eta beraien kezkei irtenbidea eman nahi zaie beti. Aurkikuntza oso handia izan da niretzat», ebatzi zuen. Heriotzaz mintzatzea ez duela gustuko ere aitortu zuen, «txikiak garenetik beldurra ematen digun zerbait delako». Berak «bidaiaz» hitz egin nahi izan du, funtsezkoa «duintasunez joatea» baita. DUINTASUNA«Lankide asko ditut hiltzen joan direnak, eta hasiera batean horrek inpresionatu egiten ninduen; orain, ohitu egin naiz. Beldur eta izuaren artean edo duintasunez hiltzen gara», esan zuen 91 urteko zinemagileak. «BIDAIA»Heriotzaz mintzatzea ez duela gustuko ere aitortu zuen, «txikiak garenetik beldurra ematen digun zerbait delako». Berak «bidaiaz» hitz egin nahi izan du, funtsezkoa «duintasunez joatea» baita.