SEP. 27 2024 AHTaren Gasteizko konexioa, erreforma fiskala eta Arasur handitzea, Gonzalezen xedeak Politika Orokorreko osoko bilkura atzo egin zen Arabako Batzar Nagusietan, astearteko arazo teknikoak konpondu ondoren. Ahaldun nagusiak AHTaren Gasteizko konexioa defendatu zuen. Ramiro Gonzalez, Maider Etxebarriarekin, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) GARA GASTEIZ Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak AHTaren Gasteizko konexioa babestuz hasi zuen atzo Batzar Nagusietako Politika Orokorreko bere hitzaldia, “Euskal Y”-aren eta Nafarroako korridore deitutakoaren arteko lotura bertatik egingo dela «erabat seguru» dagoela baieztatuz, eta ez Ezkiotik, Gipuzkoako EAJko bere alderdikideek eta Nafarroako Geroa Baikoek ere aldarrikatzen duten bezala. Legegintzaldi honetako lehen plenoan, gai honen inguruan jelkideek gobernatutako Arabako eta Gipuzkoako aldundien artean dauden ezadostasunak aipatu zituen. «Ordua da irizpide teknikoetan oinarritutako erabaki bat hartzeko, ikerketak eskura izateko», esan zuen. Bai ikerketa bai erabakia Madrilen kontu izango dira azkenean. Bestalde, Gonzalezek Sozietate Zergaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren (PFEZ) inguruko arautegia moldatzeko proiektua aurkeztuko duela agindu zuen, progresibitatea bermatuz eta etxebizitzaren beharrari erantzunez, bereziki alokairua topatu ezinik dauden gazteei begira. Ahaldun nagusiak mutualisten itzulketa «inpaktu handia» izaten ari dela ere oroitu zuen, Auzitegi Gorenaren sententzien ondotik, nahiz eta azaldu, legealdi honetan ez duela «doikuntza» beharrik aurreikusten. Industriaren arloan, Arasur handitzea jarri zuen datorren urteko erronkatzat, lursail handiak behar dituzten enpresak kokatzeko helburuz. Foronda urteko 500.000 bidaiaritara iristeko asmoarekin, Foru Aldundiak 6 milioi eurotan gehitu du datorren urterako aireportuaren sustapen elkarteari emandako laguntza. Arabari balioa emateko, datorren urriaren 26an “Made in Araba” hiri azoka egingo dela aditzera eman zuen, lurraldeko enpresa nagusiak plazara ateratzeko. Oposizioa bat etorri zen, Arabako Foru Aldundiko Gobernua «ilusiorik eta anbiziorik» gabe ikusi duela esatean. Pasilloetan izan da hori, osoko bilkurak gaur jarraituko baitu taldeen hitzartzeekin. FILM COMMISSION«Film Commission» delakoa martxan jartzeko asmoa agertu zuen ahaldun nagusiak, lurraldeko ikus-entzunezko proiektuak bideratzeko, tokiko talentua eta industria bultzatzearekin batera.