«Bizitza errealean ditugun hormak apurtu egiten ditu zinemak»
«Marco»-ren eguna da gaur Zinemaldian, eta atzo NAIZ Irratiko Bigarren Kafea saioan izan ziren filmaren zuzendariak. Zuzeneko streaming esperientzia horretan, Enric Marco iruzurgilearen istorioan sakondu eta euren bizipenak partekatu zituzten. Filma Cannesen estreinatu zen, arrakasta handiz, eta azaroaren 8an iritsiko da zinemetara.
«Marco» aurretik ikusteko aukera egon da, beraz, ez duzue lehen emanaldiko beldur hori edukiko. Hala bai?
AITOR ARREGI:
Ikusi dutenen aldetik jaso dugu iritzi sorta bat, eta badirudi iritsi dela esan nahi genuen hori, erabili ditugun kontzeptuak aipatzen dizkigutenen artean daude. Baina etxean egoteak beti sortzen dizu urduritasun bat.
Egia eta gezurra daude film honetan, baina baita historia ere. Nola iritsi zen istorio hau zuen eskuetara?
JON GARAÑO:
Istorio oso berezia da. Ja 18 urte daramatzagu honekin. Lehen asmoa dokumental bat egitea zen. Hainbatetan bildu ginen berarekin eta dena ondo zihoan, baina esan zigun Alemaniara joan nahi zuela paper batzuen bila, ez zelako deportazio eremu batean egon baina bai kartzelan, eta paper horiek nahi zituen. Berarekin joan behar genuela ikusi genuen, grabatzera, baina ezetz esan zigun: oso pertsonala zela eta nahiago zuela bakarrik joan. Onartu egin genuen. Bidaiatik itzulitakoan, beste zinemagile batekin joan zela esan zigun, eta gainera esklusibitate kontratu bat sinatu zuela... Hor erabat deskubritu genuen iruzurgile bat zela.
Dokumentala egin zuten, ‘‘Ich Bin Enric Marco’’, eta haren zati bat badago gure pelikulan ere. Gaia ahaztuta genuenean, hemen aurrean, Kursaal parean (hemendik ikus dezaket leku zehatza, 20 metrora dago!), hortxe azaldu zen Enric Marco butifarra batekin eskuan, barkamena eskatu nahian-edo. Baina batik bat nahi zuena zen dokumentalaren ideia berreskuratu. Bazkaltzera joan ginen. Hasierako harridura alde batera utzita, elkarrizketa batera gonbidatu genuen, Pasaiara, han genuelako produktora. Luze egon ginen berarekin, materiala grabatu genuen, baina ez genuen inoiz dokumentala egin. Hor ahaztu genuen kontua, eta orain 10 urte jabetu ginen Marco pertsonaia bat ere badela, kontatzen dituenak egia eta gezurra nahasita direla, eta fikziozko pelikula bat egin zitekeela ikusi genuen. Geroztik ideia horrekin dantzan ibili gara.
Ezaguna da Marcoren historia. Alde horretatik, spoilerra hasieratik dago. Eta hala ere, fillmean tentsioa mantentzea lortu duzue.
A.A.:
Guretzat istorio honek badu thriller kutsu edo arima bat. Guk ‘‘thriller geriatriko’’ bat dela esaten dugu, protagonistak 84 urte dituelako eta 2005ean egia jakiten denean deportatuak 80 urtetik gorakoak zirelako. Baina aldi berean jendeak erritmo bizikoa dela esan digu, gezurra ezkutatzen den pertsona batek gezur hori mantentzeko ahal duen guztia egiten duelako. Eta hor badago material bat oso zinematografikoa dena. Badaude beste geruza batzuk ere, gezurrarena eta egiarena, pertsonaia honek duen koadro psikologikoa... Thrillerrera eramaten gaituen gauza asko daude, baina drama ere badago, eta pertsonaia baten argazkia ere bai.
Ikusleen artean egongo da Marcorekin enpatia sakona garatu duenik eta nolabait kontraesan sentsazio batean dagoena. Zuek garatu duzue halakorik?
J.G.:
Guretzat inportantea zen ez epaitzea. Gizon honek hau egin zuen, gaizki dago eta hor geratu zitekeen kontua. Baina pelikulan sartzeko, horretatik ihes egin behar duzu. Eta, era berean, oso garrantzitsua zen ez zuritzea. Ez da pelikula emozional bat, emozioak ezin du Marcorena izan. Istorioa hoztasun batetik kontatu nahi genuen, baina berekiko enpatia bat sortzea ere nahi genuen. Niretzat hori izan da pelikulako zailtasun handienetakoa: nola kontatu istorio hau horretan erori gabe. Pertsonaia oso konplexua da, eta berezi bihurtzen duena da ez dakizula noraino iritsiko den. Momentu batean, ikusle bezala, gezurrak esateari uztea nahi duzu. Baina ezinezkoa da, ez diolako sekula utziko. Beste dinamika bat du, jendearen gehiengoaren kontrakoa den koherentzia propio bat, eta aldi berean bere buruarekiko oso koherente da, eta horrek harridura pizten du.
A.A.:
Zinemak badu bizitza errealean enpatizatuko ez genukeen horiekin ikusle bezala enpatizatzea lortzeko gaitasuna. Izan daiteke protagonista mafioso bat izatea eta enpatizatu egiten duzu berarekin, eta bizitza errealean ez zenuke jasango. Hori oso interesgarria da, bizitza errealean ditugun hormak apurtu egiten dituelako zinemak, eta hausnarketa sakon batera zaramatza. Eta pentsatzen duzu: zergatik egiten du hau Marcok? Agian maitatuta sentitu nahi du. Denok makillatu dugu gure errealitatea inoiz. Sakontasun horretara iristea gustatzen zaigu.
Filmaren bukaeran, kazetari batek aipatzen du denok barruan daramagun gezurti horren gaineko lan bat dela hau.
A.A.:
Hori da. Mugara eraman du berak, baina ezaguterraza da. Hor badago mediopatia bat, behar bat medioetan ateratzeko eta mirestua izateko. Berak esaten zuen -eta pelikulan agertzen da- leku batera sartu eta ‘‘hori deportatua da’’ esanez jendeak begiratu egin ziola. Muinean bada maitatua sentitzeko behar bat, eta sinetsi nahi dugu horrek eraman duela horretaraino, berez bizitza estandar bat duelako, grisa ere bai agian, eta nahiko luke beste norbait izan. Bere istorio hori martxan jartzen hasi zenean, jendeak sinetsi egin zion, gero eta miretsiagoa zen... Nola gelditu hori?
J.G.:
Ahaztu gabe oso larria izan zela egin zuena: deportatu bat egon zen hor, Enric Moner, eta deportatu horren identitate ordezte bat egon zen.
Zinemagileak beti nahi du aski lanabes bildu bere filma osatzeko. Egin nahi zenuten pelikula egitetik gertu ibili zarete?
J.G.:
Jendeak galdetu ohi digu: film hau 2006an egin izan bazenute, berdina izango litzateke? Ezezkoa da erantzuna, ez genuen nahikoa baliabide fikziozko pelikula bat egiteko. Gure lehenengo fikziozko pelikula ‘‘80 egunean’’ izan zen, 2010ean. Eta bai, nahiko gertu dago egin nahi genuen filmetik, alde horretatik, pribilegiatu batzuk gara.
A.A.:
Zinema oso garestia da eta neurtu behar duzu non dauden batailak. Eta pelikula honek behar zuen hori. Fikzioa da, baina baita ere keinu bat egiten zaio hasieran izan behar zuen dokumental hari. Pozik gaude, 18 urteotako ibilbide hori batu duelako filmak.