Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Khoury

Hemeretzi urte betetzear zela piztu zen 1948ko arabiar-israeldar gerra, eta urte hartan Libanora errefuxiatu gisa heldutako palestinarren bitartez Nakbaren berri izan zuen Elias Khouryk. Handik urte batzuetara, 1982an, Beiruteko Sabra auzoan eta handik gertu kokaturiko Xatilako errefuxiatu gunean Libanoko segurtasun indarrek, Israelek akuilatuta, palestinarren eta libanoar xiiten kontra egindako sarraskiaren lekuko izan zen. Ordurako palestinar erresistentzian sartuta zebilen Khoury, hiru astetan idatzitako ‘‘Wujuh al-bayda’’ (Aurpegi zuriak, 1981) nobelaren oinarri izan zen gertaera. Baina kritikarako zuen joerak, mugimenduaren onerako egiten bazuen ere, erresistentziaren gaitzespena irabazarazi zion, eta zenbait urtez baztertu egin zuten. Hala ere, palestinarrentzat justizia lortzeko helburua ez zen apaldu Khouryrengan eta haiei buruz idazten jarraitu zuen, bere iritzia baitzen literaturak ezin duela historiagatik kalte-ordainik eman, «baina hutsuneak adieraz ditzake». Khouryk maiz bisitatzen zituen Libanon dauden palestinarrentzako errefuxiatu guneak, Nakbari buruzko beren bizipenak biltzeko, galdu ez zitezen. Gerora, “Bab al-Shams” (Eguzkiko atea, 1998) nobelaren bidez, bizipen horiek Nakbari buruz gauza handirik ez zekien publikoari zabaldu zizkion. Iragan igandean hil zen Khoury, 76 urte zituela.