SEP. 29 2024 JOPUNTUA Mundiala litzateke Eli PAGOLA Bertsolaria Abizena irakurri dut. Abizen hori. Nik uste bera dela; berak behar du izan. Izeba Googlek halako jarraipenik egin ez eta −informazio pertsonala musu truk ematen digun sarean gehiagotan begira hasita− lehengusu Instagramera noa. Bai jakin nik bera zela! Duela urte batzuk, eskas geratu zitzaion bizikleta bat erosi nion, sekula erosi dudan bizikletarik puntakoena bere normaltasunean. Ez da izan dudan lehen bizikleta, baina, nire egin nuenetik, gehiago eta gehiagotan ibiltzen naiz bizikletaz, animatu egin ninduen. Eragin berdintsua izan dute inguruko bizikletek euren pedal-eragileetan eta, gainera, elkarren babesean, ateralditxo batzuk egiten ditugu. Ziurrenik, efektu hori konparagarria izango da bizikleta elektrikoenarekin, nire gustuak gustu, teknologiarekin zerikusia ere bai baitute. Tira, kontuak kontu, abizena irakurri eta errekonozitu izanak bizikletan ibiltzearen poza piztu dit. Eta ondoren etorri da Muriel Furrer txirrindulariaren heriotza notizia. Munduko Txapelketan parte hartzen ari zela erori eta hartutako kolpeak eragindako kaltearen ondorioz hil da. Edonor hotz uzteko modukoa. Euri gogorra zela-eta, errepidea oso omen zegoen arriskutsu, baina aire librea eta abiadura bere dituen kirol batean muga jartzea konplikatua dela diote. Bizikletari gurpilak husteko bestekoa da irakurritakoa. Han eta hemen Mugikortasun Astea izendatutakoan izan da hau guztia, besteak beste, bizikleta ibilaldi asko egiten diren astean. Gisa honetako ekitaldietan ere abiadura izan ohi da arazoa, baina kontrako zentzuan: errepidean motel joateak arriskua handitzen duela aurpegiratzen da. «Dabilenari gertatzen zaio» entzun izan dugu, «dabilenak eragiten du» entzun behar genukeen lekuan. Santesteban bera ere harrapatu zuten errepidean zebilela, beraz, ez dut pentsatu ere egin nahi gainontzekoon zaurgarritasunaz. Mugikortasuna, osasuna eta ziurtasuna kontuan hartuz, amesten dut karreteratik bizikletaz lasai eta erritmo bizian ibili beharko ez den egunaz, bizitza lasaiago baten erakusle izango baita. Mugikortasuna, osasuna eta ziurtasuna kontuan hartuz, amesten dut karreteratik bizikletaz lasai eta erritmo bizian ibili beharko ez den egunaz