Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Utzi zelaiak zelai izaten!

Eguraldiari begira nago; biharko iragarpenari begira, zehatzago. Izan ere, oraindino ez dut erabaki bihar zer egin, are gutxiago non egin zer hori. Perretxikotan ote? Baliteke. Edo, auskalo, Forondako zelaietara joan! Perretxikotan ez, kasu honetan demontre, alderdi eguneko hori gertutik ezagutzera baino, ondare bihurtzen ari baita! Bai, aitor dut, deskargatu egin dut egitaraua pdf moduan; hori bai, zuri-beltzean, ez nuelako eskura 3D moduan inprimatzeko. Eskuan hartu eta oso erakargarria egin zait hasieratik bertatik: 10etan meza! Malkotan gomutatu naiz ume garaiko hartaz, domeka guztietako eliza-aldiaz, abadeak goiko pulpitutik zeukan etorriaz, amaigabeko epistolen etikaz, ostiaren itxuraz... Nik uste dut garai hartan sartu zitzaidala gogoa ni ere handitan halakoxea izateko, abadea ez, demonio, hizlaria!

Non ginen? A, bai! Egitaraua! Bada hori, meza ostean «agintarien desfilea», harrapa ezak/n! Alardea etorri zait gogora! Eta Gogora ere etorri gogora, korapilo berean, ahanztura izan daitekeelako. Amen! Eta gero, kolpea gero! 12etan zer eta? Angelusa? Ez ba, «ekitaldi politikoa»! Hantxe egon behar dut, ea behingoz enteratzen naizen nondik egingo luketen AHT zer horretako lotura deabrua erabakia euren esku egotekotan; baina ez dago. «Alderdia gara», aurtengo leloak ematen du argibidea: alderdi bitara, bi trenbide, bata lautadatik, mendi azpitik bestea. Eta akabo eztabaida! Baina ez dakit gaia ekitaldi horretan aterako duten edo inguruko guneren batean izango ote, izan ere, egitarauan ikusita, bada «Txu-txu trena» izenekoa. Ote? Eta kolpea hau ere! «Puzgarriak» eta «Makillaje tailerra»! Umeentzako guneak direla dio programak, baina nago ni agintariok ere... Total, utzi zelaiak zelai izaten eta 2025eko eguna Ezkioko geltokian ospatu! Puzgarria jada bertan da!