SEP. 30 2024 «Bide onean, baina borroka bukaezin batean garela ohartu behar gara» Irailaren 21ean, giro ezin hobean, egin zuen Senpereko Kattalin Elizalde kolegioak inaugurazio ofiziala, Euskal Herriko Ikastoletan sartzearekin batera. Iñaki Lekuona bertako zuzendaria “Kazeta”-n mintzatu zen ikastetxearen lehen urteko bilana egiteko. Lekuona luzaz kazetaria izan zen, historia-geografia irakasle bilakatu baino lehen. (Guillaume FAUVEAU) Irati ESPARZA-GUIMON SENPERE Irailaren 21ean ospatu zenuten inaugurazio ofiziala, Euskal Herriko Ikastolen Federazioaren sartzearekin batera. Nola pasatu zen? Esango nuke xantza badugula, Euskal Herriko Ikastolen Federakuntzak erabaki baitu guri lotzea, eta Euskal Herri osoko ikastolen sartze ofiziala gurean egitea. Guretzat sinbolikoa da; oso argi dugu non kokatuak garen, Euskal Herrian, Lapurdin, eta nolabait sartzea hor egitea errekonozimendu manera bat da: existitzen gara. Ohore bat da haiek errezibitu izana. Ikastola gehienetako ordezkariak bildu ditugu. Hegoaldeko 150 bat ordezkari etorri ziren, baita Iparraldekoak ere, noski, eta inguruko ordezkariak, besteak beste, hautetsiak. Horiek dira gure gizartearen ordezkaritza politikoa dutenak eta hitz bat, erabaki bat, badutenak, gurea bezalako proiektu bat aitzina eramateko. Tartean, Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko lehendakaria eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria hor ziren. Erakusten du tokiko erakunde publikoek ere badutela nolabaiteko begirunea Seaskako proiektuekiko. Joan den urtean ireki zen Kattalin Elizalde kolegioa Senperen. Zein bilan egin duzue? Urte bat igaro da ireki genuenetik, 2023ko irailaren hastapen horretan. Ireki genuelarik, oroitzen naiz jendeak ez zuela sinesten nola zen posible zortzi hilabetean holako eraikin bat sortzea, proiektu pedagogiko bat martxan ezartzea, eta ibiltzea, jakinik kolegioa oraindik ez zela arras bukatua. Egia esateko, bi sartze egin genituen: bat irailean, lau ikasgela eskasekin eta administrazio gunearekin, eta bigarren sartzea kasik kolegio osoarekin, urtarrilean. Bai lehendabiziko sartzea, bai bigarrena, orain bilana egiten dugularik, biziki ongi pasa ziren. Badugu xantza handi bat: gurera etortzen diren ikasle eta familiek badakite nora etortzen diren eta badakite indar bat egin behar dela gure proiektuan parte hartzeko, aitzina eramateko. Beraz, lehendabiziko 82 ikasle horiekin hasi ginelarik, hastapenean ziren zalantzak berehala desagertu ziren. Ikasturtea bukatu genuelarik, bilana talde pedagogikoarekin eta guraso taldearekin ona izan zen, baina baditugu gauza ainitz egiteko. Zein dira zuen erronkak eta eginbeharrak ikasturte berri honetan? Iaz, seigarrenean bi gela eta bosgarrenean beste bi gela genituen. Orain bi gela ditugu laugarrenean. Seigarren berriak errezibitu ditugu: 50 iritsi dira, kopuruak igotzen ari dira emeki-emeki. Orain, 131 ikasle ditugu eta uste dugu hurrengo urtean 180 izanen ditugula. Erronka nagusia, beraz, gure antolaketa fintzea eta hurrengo urterako guztiz eraikia ez den kolegioaren herena bukatzea da. Finantzamendu kanpaina ez da joan nahi genuen bezala, egoera ekonomikoa ez baita bikaina denentzat, beharrak badira toki guzietan. Horregatik, ikasturte honen hasieran segituko dugu gure “Sorgintza” finantzamendu kanpainarekin. Hurrengo ikasturterako beste helburuetako bat Informazio eta Dokumentazio Zentroa (IDZ) irekitzeko dokumentalista postu erdia sortzea zen. Berri ona da heldu den urterako pentsatua genuena aurten lortu dugula. Mixel Ducauk errana: «Euskara ez da inoiz hainbeste ikasi eta hain guti mintzatu». Azken inkesta soziolinguistikoek hori adierazten digute, bai, baina ez da arras egia. Azken urteetako datuek diote gero eta hiztun gaitu gehiago badela, baina proportzioan geroz eta gutiago. Oso lurralde erakargarria da gurea, hainbat arlotan. Kanpoko etorkin ainitz heldu zaigu. Askotan etorkin hitza lotua da paperik gabeko jendeari, beste kontinente eta beste testuinguru batetik heldu direnei, baina baditugu beste etorkin mota batzuk hemen: etortzen direnak Bordeletik, Parisetik… Zorionez, batzuk ohartzen dira kultura eta nortasun bat badela, guri lotzen dira eta horrelako familiak sartzen dira Seaskan. Baina beste batzuk, ez. Horrek egiten du proportzioan ez garela hazten ari. Beste zerbait ere gertatzen da: frantsesa eta ingelesaren presentzia geroz eta handiagoa da. Cool diren gauza gehienak frantsesez ala ingelesez pasatzen dira. Ikasleen artean sentitzen duzu hori? Hemengo ikasleen profilean nabaritzen da oraindik euskarak baduela presentzia gure inguruan. Euskara tresna bat da eta indartsuago egiten gaitu. Uste dut bide onean garela, baina bukaezina izango den borroka baten aurrean garela ohartu behar gara, denak. PROPORTZIOAK«Zorionez, batzuk ohartzen dira kultura eta nortasun bat badela eta guri lotzen zaizkigu. Beste batzuk ez. Horregatik, proportzioan ez gara hazten ari»