SEP. 30 2024 JOPUNTUA Oporrengatik Eneko BARBERENA Idazlea Anne Cohen-Solalek Mark Rothko margolariari buruz idatzitako biografia mamitsuan dator pasartea. Leo Steinberg arte kritikariak proposatu zuen azalpen bat margoaren historian lehen aldiz XX. mendeko abangoardietan artista juduen presentzia nabarmena azaltzeko: «Juduen erlijio praktikak, pintura modernoak bezala, era nabarian eduki figuratiboz gabetuak daude. Horrek azaltzen du, agian, zergatik hainbat gazte juduri erraza zaien margolari moderno bilakatzea». Hari horri tiraka batek pentsa lezake baduela, bai, inguruneko giro sozialak zerikusiren bat giza abereon bokazioan. Nondik atera ohi dira irakasleak. Nondik ertzainak. Nondik enpresariak. Nondik epaile eta fiskalak. Ona da banaketa hori? Ez dakit zer esan, egiari zor. Izan ere, imajinatzen dut irakasle guztiak ez direla bokaziodun jaiotzen, badira batzuk bokazioa urteekin landu dutenak. Eta baita lan kaskarragoren batengandik ihesi eskolan abaro hartu dutenak. Soldatagatik akaso, nahiz eta gaur egun enpresa pribatuetan, Debagoienean adibidez, hainbat postutan ondo kobratu. Oporrengatik askok, horri buruzko txisteak jasan behar izateraino, baina gero zelako aldea ekain amaiera eta uztailean malabar jokoan aritu beharra duten-dugun gurasoon aldean. Oporrengatik. Bai. Maiz herritik ihes egiteko. Bitxia da sarri erabili ohi dugun hitza: ihes egin. Gure ingurunea infernua balitz bezala, erabat jasangaitza. Zubi bat iritsi eta ospa urrunera. Udan, jakina, antipodetara. Galdetu gabe zerk eragiten digun alde egiteko behar hori, ea benetan egungo bizimodu kapitalistaren dikotomia maltzurren ondorio den, orain lan, orain opor, orain langile, orain erretiratu, edo herrian geratuz gero, ustez dagokiguna baino klase sozial apalago batean kokatuko gaituzten beldur garelako. Mark Rothko ikasle brillanteak porrot egin zuen Yale unibertsitatean. Ezin izan zuen jasan bazterkeria eta judu pobrea izatearen estigma. Artistek duten funtzio sozialaz jabetzeak bultzatu zuen margotzera. Gu ihes egitea derrigorrezko omen den herriez ezaxola gara. Bitxia da maiz erabili ohi dugun hitza: ihes egin. Gure ingurunea infernua balitz bezala, erabat jasangaitza. Zubi bat iritsi eta ospa urrunera