Asier AIESTARAN
PILOTA

Peio Etxeberria eta aspaldiko Rezusta distiratsuena, garaile Logroñon

Bergarako atzelariak sekulako erakustaldia eman zuen Adarragan eta bosgarren aldiz irabazi du San Mateo Torneoa. Zabala eta Zabaleta indartsu hasi ziren, 6-11 aurreratuz, baina bigarren zatian ezin izan zuten aurkarien bolada ona eten.

Beñat Rezustak sekulako partida jokatu zuen atzo, Logroñon, eta berak jaso zuen torneoko pilotari onenaren saria.
Beñat Rezustak sekulako partida jokatu zuen atzo, Logroñon, eta berak jaso zuen torneoko pilotari onenaren saria. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak ongi merezita irabazi zuten San Mateo Torneoko finala, 6-11 galtzen ari ziren partida irauli eta Zabala-Zabaletaren aurka 22-12 nagusituz. Apustuak nabarmen urdinen alde zeuden arren, gorriek lan bikaina egin eta aspaldiko Beñat Rezusta distiratsuenaren eskutik garaile irten ziren.

Nabarmentzekoa da Bergarako atzelariak Adarraga pilotalekuarekin daukan maitasun istorioa. Rezustak bost aldiz jokatu du Logroñoko torneoko finala, bostak irabazi ditu, eta lautan pilotari onenaren saria jaso du, atzo azkena. «Gustuko frontoia da, bai. Pilota ibiltzen den moduagatik-edo, hemen oso eroso sentitzen naiz. Gogoan dut gaizki irtendako torneoren bat ere, baina orokorrean oso ongi jokatzen dut hemen eta gustura etortzen naiz. Gustuko frontoien zerrendan oso goian dago», adierazi zuen bergararrak.

Izan ere, neurketa osoan eman zuen maila bikaina, baina deigarriena azken txanpan erakutsitako freskotasuna izan zen. Gogoratu behar da Rezustak kanporaketa aurreko bat jokatu behar izan zuela, min hartuta amaitu zuen Dariorekin, eta ozta-ozta 21-22 irabazita sartu ziren ligaxkan. Ondoren, jada Peio Etxeberriarekin, ligaxkako bi neurketak 19-22 eta 18-22 irabazi zituen, lan asko eginda. Atzoko finala ere gogorra izan zen, erritmo oso bizian jokatua. Baina, hala ere, ikustekoak izan ziren azken txanpan jo zituen ezkerkadak, pilota behin baino gehiagotan erreboteko zuloan sartuz. Guztira zortzi tanto egin zituen eta pilota bakarra galdu.

URDINEN HASIERA

Finalaren lehen erdian, ordea, urdinek ezarri zuten jokoaren erritmoa. Egia da Peio Etxeberriak sekulako hasiera eman ziola norgehiagokari, hiru tanto eder sinatuz eta markagailuan 3-0 aurreratuz, baina apurka-apurka urdinen kolpea nagusitzen joan zen. Zabaletak pilotakada bikainak jo zituen atzean eta Zabalak ere oso inspiratuta ekin zion demari. Naiarako aurrelariak, bere urtebetetze egunean (27 urte), zortzi tanto eginak zituen markagailuan 6-11 aurreratu zirenerako. Pilotazale errioxarrak majo gozatzen ari ziren leporaino beteta zeuden harmailetan, eta bazirudien haien ametsetako gidoia betetzeko bidean zela.

Baina lortutako tanto horietako bakoitza gogor lan eginda bereganatu zuten Zabalak eta Zabaletak, kolpez gutxixeago izan arren lanerako kaskagogorkerian parekorik ez dutelako Etxeberriak eta Rezustak. Eta partida gogortzen joan ahala, nekea gehiago nabaritu zuten urdinek. Lehenik Jose Javier Zabaleta izan zen bere egunik onenetan galtzen ez dituen pilota batzuk eraman gabe utzi zituena. Huts ikaragarririk ez, baina nahikoak markagailua apur bat parekatu eta joera aldatzeko.

Horren ondoren, Zabalaren opari batzuk iritsi ziren, berak jaso beharrean aurkariei egin zizkienak. Ez dago matematikari fina izan beharrik 6-11 zihoan partida bat 22-12 amaitu bazen gorrien aldeko azken partziala sekulakoa izan zela ohartzeko: 16-1ekoa, alajaina.

Urdinen arazoak gorabehera, Rezustaren gorakada izan zen partzial hori ulertzeko gako nagusia. Bergararrak ia beti egiten duen defentsa lan eskergaz gain, sekulako pilotakadak jo zituen atzera, Zabaleta bezalako aurkari gogor bat txiki uzteraino.

EUSTEAREN GARRANTZIA

«Zaila da azaltzen. Egia da hiru partida oso gogor jokatuta nentorrela finalera, baina sentsazioak oso onak izan dira. Eskuetako minik ez, ongi lo egin, ongi deskantsatu... Ongi sentitu naiz», onartu zuen Rezustak bere adierazpenetan.

«Hasieran aurrea hartu digute, baina sentsazioak ez ziren txarrak. Maila onean ari ginen eta ikusten genuen partida apur bat gogortuz gero lanak emango genizkiela. Zabalak sekulako erritmoa sartzen dio partidari, baina erritmoa sartu nahi horretan nekatu ere egiten zara», aztertu zuen.

Peio Etxeberriak ere antzeko irakurketa egin zuen. «Nire ustez gakoa hasiera horretan egon da. Beraiek oso indartsu hasi dira, baina ez dugu inoiz amore eman. Horretan oso antzekoak gara Beñat eta biok, lanean segi dugu, eta azkenean saria etorri da», esan zuen.