GARA Euskal Herriko egunkaria

Koldo Martinezek uko egingo dio Iruñeko zinegotzi aktari osasun arazoengatik

Martxoan jakinarazi zuen Geroa Baiko Koldo Martinezek minbizia zuela eta orain iragarri du uko egingo diola zinegotzi aktari. «Ezin dut %100 eskaini zinegotzi gisa ditudan arduretan, eta Iruñearekiko, herritarrekiko, errespetuagatik, pauso bat alde batera ematea erabaki dut».

Koldo Martinez, kanpainako ekitaldi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Koldo Martinez Iruñeko Udaleko Geroa Baiko zinegotziak iragarri duenez, ostegunean uko egingo dio zinegotzi aktari, osasun eta arrazoi pertsonalengatik. Hala jakinarazi zuen atzo goizean bertan zinegotziak Iruñeko Udaleko Gobernu Batzordean. Javier Leozek ordezkatuko du.

Geroa Baik igorritako ohar batean Koldo Martinezek honakoa azaltzen du: «Herritarrekin eta Geroa Bairekin dudan konpromisoa erabatekoa izan da beti, eta une honetan, osasun arazoengatik, ezin dut neure buruaren %100 hori eskaini zinegotzi gisa ditudan arduretan, eta Iruñearekiko, herritarrekiko, errespetuagatik, pauso bat alde batera ematea erabaki dut».

Erabakia dagoeneko Joseba Asiron alkateari eta gobernu taldeko gainerako kideei helarazi die. «Iruñea hobe baten alde lanean ari den eta jarraituko duen gobernu aurrerakoi bat Iruñean uztearen kontzientzia lasai eta poztasunarekin noa, eta ez dut zalantzarik nire lankideek lan handia egingo dutela Geroa Bai Iruñea-ren buruan», azaldu du Martinezek.

«Politika aktiboa utzi arren, Geroa Bairekin beti egin dudan bezala, laguntzen eta kolaboratzen jarraituko dut», adierazi du zinegotziak.

Martinez, Medikuntza eta Kirurgian lizentziaduna eta doktorea, koalizioko zinegotzia izan da 2023ko ekainetik, eta Nafarroako senatari autonomikoa (2019-2023) eta Geroa Bairen bozeramailea (2015-2019) ere izan da. Martxoan iragarri zuen prostata minbizia zuela.

Geroa Baik «eskerrik beroenak eta zintzoenak» eman zizkion Martinezi, «urte hauetan guztietan koalizioan egindako lanagatik eta guztiontzako Nafarroa hobea eraikitzeko egindako ahalegin nekaezinagatik».

Koalizioaren arabera, «Martinezen ibilbideak aztarna ezabaezina uzten du Nafarroako panorama politikoan, nafarren ongizatearekiko eta ongizaterako duen konpromiso, grina eta lanari esker». «Zerbitzari publiko gisa duen bokazioa Geroa Bain beti defendatu ditugun balioen lanaren, dedikazioaren eta defentsaren eredu izan da», nabarmendu du koalizioak.

Javier Leozek ordezkatuko du zinegotzi gisa. Leoz, 59 urtekoa eta Iruñean jaioa, Zuzenbidean lizentziaduna da.