OCT. 01 2024 PILOTA Mastersaren ebazpenaren zain, Altunak eta Rezustak osatu dute udako bikotea Amezketarrak eta bergararrak bi torneo irabazi dituzte batera jokatuta; Gasteizkoa eta Donostiakoa. Buruz Buruko txapeldunak sanferminetako kaiolakoa eta binakakoa ere eraman zituen etxera, eta atzelariak, Logroñokoa, Peio Etxeberriarekin batera. Beñat Rezusta eta Jokin Altuna, Gasteizen elkarrekin lortu zuten garaipenaren sariak jasotzen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) Jon ORMAZABAL Ofizialki udazkenean sartuta bagaude ere, igande honetan emango zaio amaiera udako pilota denboraldiari, azken hilabete hauetako ardatzetako bat izan den Mastersaren finalarekin. Peña-Zabaleta/Peio Etxeberria-Mariezkurrenak eta Altuna-Iztueta/Zabala-Imazek jokatuko dituzte ostiralean lehiaketa honetako finalerdiak Iruñeko Nafarroa Arenan, eta bi partida hauetako garaileak elkarren aurka ariko dira igandeko finalean. Baina azken hiru hilabete hauetako torneoen balantze bat egin beharko bagenu, asteburuan gertatzen dela gertatzen dela, zalantza handirik gabe esan genezake Altuna III.ak eta Rezustak osatzen dutela udako bikotea. Elkarrekin bi torneo irabazi dituzte, Gasteizkoa eta Donostiakoa eta taldekako Bizkaia torneoan ere bikotea osatuta finalera heltzea lortu zuten, nahiz eta Laso-Mariezkurrenarekin nabarmen galdu. Bakoitzak bere aldetik ere lortu du bestelako garaipenik. Aurrelarien artean ez dago inolako zalantzarik amezketarra, urte osoan bezala, gainontzekoengandik koska bat gorago egon dela. Garaipenez harago, iazko Lau eta Erdikotik jokatutako txapelketa eta torneo guztietako finaletan egon da Buruz Buruko txapelduna, Logroñoko azken torneo honetakoan izan ezik, orain arte beste inork egin gabeko lorpena. Tarte horretan, udan sanferminetako kaiola irabazi zuen, justu-justu, Peñaren aurka; Martijarekin Iruñeko binakakoa ere etxeratu zuen, eta Bizkaia Pilotalekuan jokatutako bi finalek ihes egin zioten, Bizkaia Torneoak eta Bilboko Aste Nagusikoak. Adarragan bertan ere, finalera heldu gabe, galdu arren, eserlekuetatik altxarazi zituen zale guztiak duela astebete Zabala eta Zabaletaren aurka, eta, azken bi partidetan txispa apur bat faltan sumatu badugu ere, ez da harritzekoa jokatu dituen partida kopurua kontuan izanda. Aste honetako atsedena ondo etorriko zaio amezketarrari, aurretik erronka zailak baititu zain. Hasteko, asteburu honetan palmaresean falta zaion garaipen bakarra eskura lezake; Udako Mastersa. Sanferminetako Lau eta Erdikoan gainditu zuen Nafarroa Arenako maldizioa -ordura arte bertan jokatutako final guztiak galduak zituen amezketarrak- eta orain binaka ere bertan irabazteko gai dela erakutsi nahiko du, nahiz eta hori oso zaila izango zaion. Izan ere, bere baldintzengatik, jotzaile handiei mesede egiten dien pilotalekua dugu Iruñekoa, kosta egin zaio Altunari bertan jokoan sartzea eta, finalerako pausoa ematea lortuko balu, han izango ditu zain Jose Javier Zabaleta edo Jon Mariezkurrena, frontoi honetan binaka jokatu diren finaletan garaile irtendako bi atzelariak. Aspekoak Binakako bi txapel jantzi ditu bertan, Elordi eta Peio Etxeberriarekin, eta Baikokoak, azken bi Mastersak, bietan Joseba Ezkurdia lagun zuela. REZUSTAREN FRESKATUA Azken hilabete luzeetan bi atzelari nafarrak izan dira partidetan alderik handienak markatu dituzten pilotariak, baina azken hilabeteetan hauen nagusitza kolokan jartzeko garai bateko gaitasuna berreskuratuta azaldu da Beñat Rezusta uda honetan. Egia da Zabaletak denbora asko eman duela geldirik sanferminetan izandako lesio baten erruz eta Logroñon Mariezkurrenak ere ezin izan zuela jokatu beste lesio baten ondorioz, baina zenbakiak hor daude eta bergararra izan da udako atzelaririk irabazleena, Altunarekin batera irabazitako bi torneoez gain, Logroñon ere txapeldun irten baita Peio Etxeberriarekin, sekulako erakustaldia emanda gainera. Bosgarren garaipena du sanmateoetan eta lautan pilotaririk onenaren saria ere eskuratu du Adarragan. Baina zenbakiez harago, esku bakarrarekin jokatuta, galdua zirudien ezker esku horren txispa berreskuratuta ikusi dugu atzelari gipuzkoarra. Kolpe elektriko horren faltan, atzelari oso segurua izateagatik nabarmendu da Rezusta azkenaldian, baina azken hilabeteetan ezker horrek garai batekoa gogorarazten du eta punta-puntako atzelaria da berriz. Bitxia da, gainera, bere maila txundigarriena Adarragan eman izana, hamar egunean lau partida jokatu behar izan baititu, zein baino zein borrokatu eta orekatuagoa, eta fisikoki gastatuagoa behar zuenean eman zuen onena. Udako albisterik onena da Rezustaren errekuperazioa. ARTOLAREN ZAINAntolatzaileek argitu ezingo duten zalantza handi batekin aurkeztuko dute gaur Bilbon Lau eta Erdiko Txapelketa. Izan ere, Iñaki Artolak datorren astean erabakiko du, Logroñon izandako izterreko lesioaren garapenaren arabera, aurtengo edizioan parte hartuko duen ala ez.