San Markoko zabortegia behin betiko itxi eta zigilatzea ahalbidetuko duten obren azken faseari ekin diote
San Markoko zabortegia ixteko eta zigilatzeko lanak duela gutxi hasi dira. Hala jakinarazi zuen Eñaut Gracia Ibarra San Marko Mankomunitateko presidenteak atzo, zabortegian bertan, instalazioa kokatuta dagoen hiru udalerrietako (Astigarraga, Donostia eta Errenteria) ordezkariekin batera egindako prentsaurrekoan.
Aurreikuspenen arabera, obrek urte eta erdi iraungo dute, eta horrekin bukatuko dira zabortegia berreskuratu, itxi eta zigilatzeko lanak. Proiektua duela 20 urte hasi zen, itxi ondorengo 30 urteko ingurumen kontrolari bide emateko.
Obrak 7.083.295,51 euroan lizitatu dira, «esku-hartzearen dimentsioa eta garrantzia agerian utziz». Zehazki, 100.000 metro koadro inguruko eremu batean jardungo da, goiko zigilatze bat jarri ahal izateko. Zigilatze mota desberdinak, drainatze sistemak eta euri urak bideratzeko eta husteko geruzak izango ditu. Hondakinak transferitzeko instalazioak ere desegingo dira. Horrela, 2004an hasitako prozesuari itxiera emango zaio.
Lanek eragozpen ugari sortu izan dituzte urteotan; beraz, auzotarren aldarrikapen historiko bati erantzungo dio.