OCT. 03 2024 Ezohiko kortesia, AEBetako presidenteorde gaien eztabaidan Kamala Harrisek eta Donald Trumpek bigarren eztabaidarik ez egiteak arreta berezia ekarri zion presidenteorderako hautagaien arteko debateari. Ia bi orduko eztabaida izan zen JD Vance senatari errepublikanoaren eta Tim Walz gobernadore demokrataren artean. Irainik gabe eta errespetuz, solasaldia bera izan zen gaueko irabazlea. JD Vance senatari errepublikanoa eta Tim Walz gobernadore demokrata, debatea hasi aurretik, elkar agurtzen. (Charly TRIBALLEAU | AFP) Urtzi URRUTIKOETXEA (Washington) Estatu Batuetako politikagintzak azken urteotan bizi duen giro toxiko eta polarizatuan bi hautagaiek soseguzko debatea mantentzeko gai izatea azpimarragarria da, edonondik begiratuta ere. Ahotsik altxatu gabe, elkarri entzunez eta noizean behin bestearen arrazoiari ere leku eginez, errespetuzko eztabaida izan zuten astearte gauean New Yorken. CBS telebista kateak egindako inkestaren arabera, ikusleen %42k JD Vance jo zuten debateko irabazletzat, eta %41ek Tim Walz; gainerako %17k berdinketatzat hartu du. AEBetako politikagintzan, tradizioz, presidente gaiak izan dira mezu moderatua izan dutenak, erdigunea irabazi nahian eta aurkarien zaleengandik ere hurbil agertzeko asmoz, herritar guztien presidente izateko asmoa nabarmentzeko. Aldiz, ticket-eko bigarrenak, presidenteorde izateko hautagaiak, euren jarraitzaileengana zuzendu izan ohi ziren eztabaidetan, ideologikoki indartsuago jo ohi zuten mezuekin. Astearteko debatean erabat aurkakoa gertatu da: Donald Trumpen etengabeko tonu oldarkorraren ordez, diskurtso leun eta sosegatua erabili zuen Vancek, eskuin muturra ziur aski arriskutsuen bihurtzen duen tonu lasaian. Izan ere, mezua ez da aldatzen funtsean, baina hura transmititzeko patxadak proiektuaren atzean dagoen estremismoa ezkutatu dezake: mitinek esandako leloak diskurtso sosegatu batera ekarri zituen, azken batean. Hau da, herrialdearen arazoak migratzaileenak direla berretsi zuen Vancek, eta Trumpek iragarritako deportazio masiboak urratsez urrats izango direla gaineratu zuen. VANCE, KAMELEOI Orain arteko bi debateen aldean, Ukraina ez zuten sartu CBSko kazetariek eguneko gai zerrendan. Oro har boto-emaileek -ez AEBetan bakarrik- etxeko arazok gidatuta bozkatu ohi dute. Edozelan ere, Ekialde Hurbileko egoerak eta Helene urakanak Ipar Carolinan eragindako hondamendiak agenda zertxobait baldintzatu zuen, gaueko lehen gaiak izan baitziren. Segidan, immigrazioa. Inkesten arabera, estatubatuarrak errepublikanoen jarreretatik hurbilen dauden gaietako bat da, Europan bezala xenofobiaren atzeko gezurrak erraz zabaldu ohi dira eta. Immigrazioari buruz ziharduela izan zen JD Vance aurkezleekin oldartu zen une bakanetakoa: moderatzaileek gogora ekarri zuten Trumpek eta Vancek «legez kanpoko etorkin» izendatzen dituzten Ohioko haitiarrak legezko paperekin bizitzen eta lanean ari direla AEBetan. «Fact-check (esandakoa benetan den egiaztatzea) ez egitea adostu genuen!», bota zien hautagai errepublikanoak kazetariei, bien gainetik mintzatuz. Beste uneren batean ere isilarazi zieten mikrofonoa bi hautagaiei, baina gainerakoan argi geratu zen JD Vanceren ardura «Donald Trump ez izatea» zela, iruzkingile batek aipatu bezala; ticket-eko nagusiari aurka egin gabe, baina bai ñabardurak eginez han-hemenka. Ivy League unibertsitate elitistetako eztabaida taldeetan ikasitakoa txukun zabaldu zuen Vancek. Azken batean, politikaren kameleoietako bat da Ohioko senataria, lekuaren eta giroaren arabera diskurtso bat eta ia haren aurkakoa dirudiena eginez. Asteartean, langile familia zuri xume baten mezua zabaltzea zegokion, Trumpen etxaldeetatik, luxutik eta jarrera matxistetatik ahalik urrunen agertuz. Eztabaidaren aurretik, Tim Walz demokratak abantaila txiki bat zuela zirudien, adinak eta politikan emandako urteek dakarten eskarmentuagatik, eta elkarrizketa eta debateetan fin aritzeko fama duelako. Haatik, Minnesotako gobernadoreak oso urduri ekin zion debateari. Baldar hasi zen Iran eta Israeli buruzko galderan, eta hobera egin zuen eztabaidak aurrera egin ahala. Etxebizitza edo abortua bezalako gaietan indartsu defendatu zituen argudio progresistak, Vancek sakonean ezer adierazten ez duten hitz dotoreak zerabiltzan artean (abortuaren gaian errepublikanoek «hobeto egin» behar zutela esatera iritsi zen, haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala berreskuratzeko asmorik gabe betiere). Eztabaidaren ostean, errepublikanoen aldartea oso desberdina zen duela lau aste Donald Trumpen eta Kamala Harrisen debatearekin alderatuta. CBSko pantailan «burdinazko ukabila belusezko eskularruan» ikusi zuen iruzkingile kontserbadore batek. Walz ohartu zen gentleman-en eztabaida Vance eta Trumpen mesederako zela, haien programa ultraeskuindarra zuritzea eta legitimatzea baitzuen helburu. Hala, hautagai errepublikanoaren gezurrak gogora ekarri zituen, Trumpek Obamaren osasun publikoko programa suntsitu nahi izan zuela gogorarazita, lehendabizi, eta bizikidetza demokratikorako zer nolako arriskua zen gogoraraziz, hurrena. Izan ere, 2020ko hauteskundeetako emaitzak onartzea adierazpen askatasunarekin parekatu zuen Vancek; Walzek gogora ekarri zion oinarri demokratikoei uko egiteak Kapitolioaren aurkako erasoa izan zuela ondorio.