Arnaitz GORRITI
2024/25 EUROLIGA

Saski Baskoniak «zilarrezko ezteiak» beteko ditu Europako onenen artean

2000. urtetik Euroligatik jaitsi gabe, 2001ean eta 2005ean txapeldunorde, orotara 624 partida jokatu ditu talde gasteiztarrak kontinenteko lehiakide gogorrenen aurka. Partizan aurkari dela, Pablo Lasoren etxeko estreinaldia ere izango da gaur gauean.

Vanja Marinkovic omenduko du Saski Baskoniak, partidari ekin aurretik.
Vanja Marinkovic omenduko du Saski Baskoniak, partidari ekin aurretik. (Endika PORTILLO | FOKU)

2000. urteko urriaren 18an egin zuen debuta Saski Baskoniak Euroligan; Kroaziako Cibona taldea izan zen arabarren aurkaria. Harrezkero beste 623 neurketa jokatu ditu Euroligan Josean Kerejeta presidenteak zuzentzen duen klubak, orotara 342 garaipen eskuratu ditu eta 50.000 puntuko langa ere gainditu du. Are gehiago, Lauko Finala bost bider zapaldu du, 2005etik 2008ra erreskadan eta 2016an, eta 2001 zein 2005eko edizioetan txapeldunorde izan zen. Hori aski ez eta, 2019an Euroligako Lauko Finala Gasteizen bertan jokatu zen, Josean Kerejetak amesturiko helburua gauzatuz.

Bartzelona eta Olympiakosekin batera neurketa gehien jokatu dituen taldeetako bat da, behin Euroligan debuta egin duenez geroztik ez baitu ekitaldi batean ere hutsik egin. Ez da alferrik Euroligak bere 13 klub antolatzaileei ematen dien “A Lizentzia” horietako baten jabea. Ondorioz, gaur gaueko 20.30ean Opening Game edo «Irekiera Partidan» ez da inolako agurrik ospatuko, Baskoniak Euroligan «zilarrezko ezteiak» beteko dituela baino.

Aurkaria ere ez da badaezpadakoa: Partizan talde serbiarra, Euroliga gehien irabazi dituen Zeljko Obradovicek zuzentzen duen taldea; hau da, Europako saskibaloi talde historikoetako bat. Are gehiago, talde serbiarreko zenbait zaleri gonbita ere luzatu zaie Baskoniaren kontura Gasteiza etortzeko. Izan ere, Partizanek eta Baskoniak harreman ona dute eta hori baliatu nahi dute gaur gauerako ere.

AURREKARI ONAK

Baskoniak eta Partizanek, haatik, ez dute askotan jokatu elkarren aurka; zazpi aldiz baino ez dira izan Belgradeko «lurperatzaileak» -hori da Partizanen ezizena- Gasteizen eta behin bakarrik irabazi dute. Egia da azken bi denboraldietan bertan izan dutela garaipena serbiarrek, baina 2022/23 denboraldian Howarden magiak luzapenera eraman zuen partida eta han gasteiztarrak nagusitu ziren, eta iaz, berriz, Monekek azken segundoetan bi jaurtiketa libre sartu zituelako buelta eman ziola partidari.

Pablo Laso etxekoen aulkian Euroligako dema batean ikustea izango da partida bizituko duen baldintzetako bat. Hala, dagoeneko ia 15.000 sarrera saldu dira gaurko demarako. Hala ere, Lasok lasai dagoela onartu zuen bezperan.

«Ez nau urduritzen osteguneko hitzorduak. Hasteko gogotsu nago, baina ez urduri, taldea lanean ondo ikusten dudalako. Urduriago jarri ohi naute kontrolpean ez ditudan gauzek, hala nola min hartutako jokalariak izateak edo antzekoek. Badakit denboraldia hasi baino ez dela egin eta zer hobetua dugula, baina kezkatuago nengoke taldea lanean behar bezala ikusiko ez banu, eta ez da horrela», iritzi zion.

«Hobetu beharra» ikusi zuelarik, taldearen helburuak zehaztea ere gogorra egin zitzaion Lasori. «Euroligan zaila da esatea zeinen aurka irabaz dezakezun eta zeinen aurka ez. Zuk uste arren ‘honi irabaziko diot’, baliteke galtzea eta, aldiz, ‘honekin jai daukat’ pentsatu eta irabaztea. Taldeak handinahia du eta, beraz, play-offetan ez sartzea edo, behintzat, play-inera ez iristea ez nuke gustuko», azaldu zuen.

11 JOKALARI BERRI

Baskoniak zer hobetua baldin badu aldaketa asko egin dituelako -Kamar Baldwin eta Donta Hall erantsi behar zaizkio-, zer esan Partizani buruz? Iaztik hona 11 jokalari aldatu ditu eta Zeljko Obradovic entrenatzaileaz gain jokalari bakarrak jarraitzen du: Balsa Koprivica pibot gazteak, hain zuzen.

Lundberg, Marinkovic, Ntilikina, Brandon Davies, Bonga, Tyrique Jones, Isiaha Mike, Mario Nakic, Arijan Lakic, Bosnjakovic, Pokusevski eta Carlik Jones ez dira edonor. NBAn zein Euroligan eskarmentua dute, gainera.

Tartean da Vanja Marinkovic ere. «Brate»-k 198 partida jokatu ditu Baskoniarekin, Partizanek «etxera» eraman badu ere bueltan. Nolanahi ere, partida hasi aurretik omenaldia egingo dio Baskoniak eskolta serbiarrari. Ikusi egin behar omenaldiak Marinkovic jokoz kanpo lagatzen duen eta Pablo Lasoren garaiko aurreneko garaipena ospatzerik ba ote dagoen «zilarrezko ezteien» aurreneko egunean.