OCT. 04 2024 EDITORIALA Lege bidegabe baten amaiera, gertu? Ia hamar urte indarrean egon da Herritarren Segurtasun Legea, adierazpen askatasuna, aldarrikapena edo protesta bezalako eskubideak gogoko ez dituztenen neurrira egindakoa. Izan ere, lege horrek zentzuren bat badu, herritarrei beren eskubideak erabiltzeari uko eginarazteko tresna izatea da. Ia hamar urtez haren ondorioak jasan dituzte langileek, ikasleek edo herri mugimenduko kideek, kasu askotan Poliziak gertaerak desitxuratzearen poderioz, horretarako bide ematen baitu ‘mozal legea’ izenez ezagunagoa denak. EH Bilduk Gobernu espainoleko kide PSOErekin eta Sumarrekin egindako itunak, joan den legegintzaldian lege hori erreformatzeko ezadostasunak gaindituta, bertan behera utzi eta arau berri bat onartzeko aukera zabaldu du. Alderdi gehienak lege horren kontra agertu izan dira hasieratik, baina joan den legegintzaldian polizien sindikatuak eta zenbait hedabide herritarren eta gehiengo politikoaren nahia baino erabakigarriagoak izan ziren, antza. Ezin konta ahala zigor, batez ere ekonomikoak, hainbat hildako eta zauritu gomazko piloten erabileraren ondorioz, migratzaileak mugara iritsi bezain laster kanporatuak izateko arriskuaren mende... Gehiegikeria horiei eragingo diete atzo ezagutarazi zuten itunaren araberako aldaketek. Adierazpen askatasuna eta mobilizazio eskubidea, herritarren segurtasuna eta migratzaileen eskubideak larderia eta bortizkeria oinarri dituen lege batek baldintzatuta egon ez daitezen. Atzo herritar askok pozez jasoko zuen mozal legearen amaiera gertu izan daitekeen albistea. Zer esanik ez Euskal Herrian, 2016an Gasteizko Legebiltzarrak ez aplikatzeko konpromisoa iragarri bazuen ere, erruz aplikatu baita, edo Katalunian, baina baita Estatu espainol osoan. Denentzat ez da albiste ona, ordea; esate baterako, mozal legea aurrera atera zutenentzat, polizientzat, enpresari askorentzat eta botere guneen inguruko hainbatentzat. Herritar, alderdi, sindikatu eta herri erakunde gehien-gehienek arbuiatu zuten lege hori hasieratik, baina iazko martxoan haren alde kaltegarrienak kentzeko aukera galdu zen. Atzo ezagutarazitako akordioak horiei dagozkien aldaketak proposatzen ditu, legea hain arbuiagarri egiten duten alde bidegabeei, hain zuzen.