OCT. 04 2024 Soinuaren garrantzia Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Hainbat saiakera egin ziren 1920ko hamarkadaren erdialdean film mutuei soinuak gehitzeko. Baina, teknologia garatzeko zailtasunak zirela eta, ez zen erraza izan. “The Jazz Singer” filma estreinatu zuten 1927an; hori izan zen lehenengo arrakasta komertziala soinudun zinemaren arloan. “32 Sounds” dokumentala ikusi dudanetik, soinuaren inguruan hausnartzen pasatu ditut azken orduak. Argi dago, gaur egun, soinuaren diseinua, musika edo elkarrizketak ezinbestekoak direla filmak behar bezala ulertzeko eta esperientzia zinematografikoa guztiz osatzeko. Nolanahi dela, sentsazioa daukat oraindik ere ez zaiola behar adina baliorik ematen. Eduki bat aipatzen dugun bakoitzean, sarritan, soinu lanak egiten dituzten pertsonak izaten dira ahaztutakoak, eta hori guztiz bidegabea da. Ikusleok ez gara jabetzen profesional hauek betetzen duten funtsezko eginkizunaz. Soinua ez da postprodukziorako uzten den azken orduko baliabide bat, inondik inora ere ez. Argazkiak, edo gidoiak duen garrantzia bera du -batzuetan gehiago- eta grabaketa prozesu osoan presente dagoen zerbait da. Soinua lagungarria izan daiteke ekintzak aurreratzeko, ezkutuko informazioa ezagutarazteko, une garrantzitsuak azpimarratzeko, adibidez. Baita giroa eta atmosfera sortzeko ere, emozioak pizteko, narratibari laguntzeko eta erritmoa txertatzeko (edo kentzeko).