Atef Abu Saif, Gazan gertatzen ari dena munduari kontatzeko premia
Atef Abu Saifek “Gazako egunerokoa” idatzi du, Palestinako lurralde honetan gertatu dena munduari jakinarazteko. Idazlea da eta Aginte Palestinarreko Kultura ministroa izandakoa. Joan den urteko urriaren 7an Gazan zen eta han bizitakoa idazten hasi zen. Kronika horiek “Berria” egunkarian argitaratu zituzten. 85 egun egon zen Gazan, toki batetik bestera, bonbetatik ihesean, noraezean. Egun horien kronikak orain liburu moduan datoz, Elkar, “Jakin” eta “Berria”-ren eskutik.
«Genozidioaren lekukotasun paregabea da», ohartarazi zuen Jakineko erredakzio buru Xabier Eizagirrek, atzo Andoainen egin zuten agerraldian. Suntsiketa eta heriotza liburuaren ardatza badira ere, kronika bizi-biziak direla adierazi zuen.
ZENBAKIAK ETA IZENAK
42.000 hildako eragin ditu momentuz Israelek Gazaren kontra egiten ari den sarraskiak. Zenbakietatik harago Atef Abu Saifek biktimen izena eta aurpegia zabaltzeko hautua egin zuela azaldu zuen Eizagirrek. Harrien artean topatu duten gorpua Ali da, Jabaliako errefuxiatu eremuan arrautzak saltzen zituena. Abdelaziz zen beste bonbardaketa batean hildakoaren izena. Eta Awad zen hondakinetatik bururik gabe ateratako gorpua. Eta abar. Eta abar.
Izena eta aurpegia jarri dienen artean kazetariak daude. 113 kazetari hil ditu Israelek Gazan.
Gazako Jabalia errefuxiatu eremuan jaio zen Atef Abu Saif. Txikitatik okupazioa eta gerra ezagutu ditu. Aginte Palestinarreko Kultura ministroa izanik Ramallah-n bizi zen, Zisjordanian. Baina joan den urteko urriaren 7an Gazan zen, Ondarearen Egun Nazionala ospatzen zuten. Gazako familia bisitatzeko aprobetxatu nahi izan zuen bidaia, eta 15 urteko Yasser semearekin joan zen. Palestinarrek ondareari garrantzi handia ematen diotela gogoratu zuen. Israelek, berriz, 4.000 urte zituzten estatuak suntsitu dituela salatu zuen. «Afganistanen egin zuten gauza bera da. Antzeko kriminalak dira», nabarmendu zuen.
Atef Abu Saifen asmoa ez zen liburu bat idaztea, Gazan gertatzen ari zena munduari kontatzea baizik. Idazten hasi zen eta munduan zehar zeuden editoreei bidali zien idatzitakoa. “New York Times”, “The Washington Post” edo “Le Monde” gisako egunkarietara heldu ziren idatzi horiek. “Berria”-ra ere bai.
HITZEKIN BORROKATU
«Medikuek bonben erdian ere bere lana egiten jarraitzen dute. Idazleok eta kazetariok gauza bera egin behar dugu», esan zuen. Mahmud Darwish poeta palestinarraren hitzak gogora ekarri zituen: «Hitzekin borrokatzen duen herria gara».
«Publikatzen hasi zitzaizkidanean, Gazan jendea niregana hurbiltzen zen. Beraien istorioak kontatu nahi zituzten, gertatzen ari zena munduari ezagutarazteko. Horietako asko bil dituzte. Ohore bat da niretzat liburu hau idatzi izana. Eskerrak eman nahi dizkiet argitaratu dutenei. Bestela, jende hau guztia ahaztuta egongo zen», esan zuen.
Bera ere hilko zuten beldurra sentitu zuen, Israelen erasoaren hasieran, sarraski latzenak gertatu zirenean. Hori ere idazteko motibazioa izan zen. «Hiltzen baninduten munduak nire berri izango zuen», adierazi zuen.
Israelek droneak nola erabiltzen dituen azaldu du Atef Abu Saifek. Jendearen aurpegiak filmatzen dituzte eta kontrol gela batera bidaltzen dituzte. Manifestazio batean parte hartu izana nahikoa da kontrol gelan dagoenak hiltzeko agindua emateko. Hori ere gertatu da kazetariekin.