IRAITZ MATEO
HERNANI

«Chillidaren mapa» eleberri grafikoa, belaunaldi berrietara iristeko amua

Eduardo Chillidak jada badu bere bizitzan eta obran oinarritutako eleberri grafikoa, David Martok egindako “Chillidaren mapa” (Norma argitaletxea). Chillidaren eskultura publikoetan barrena bidaia egiten du protagonistak, eta helburu nagusia gazteengana euskal eskultorearen bizitza eta obra gerturatzea da. Euskarazko eta gaztelerazko aleak egin dituzte, eta gaurtik aurrera eskuragarri egongo da liburu dendetan.

David Marto marrazkilaria, egin berri duen «Chillidaren mapa» eleberri grafikoa eskuan duela.
David Marto marrazkilaria, egin berri duen «Chillidaren mapa» eleberri grafikoa eskuan duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Eduardo Chillidaren obraren eta bizitzaren inguruan hamaika lan egin dira hamaika formatu ezberdinetan. Atzo aurkeztu zuten, ordea, Chillidaren obren inguruko lehen eleberri grafikoa, David Martok (Toledo, 1994) idatziriko “Chillidaren mapa” (Norma argitaletxea). Zehazki Chillidaren obra publikoak lantzen ditu eleberriak, Mikel Chillida bilobak Zabalaga baserriko aurkezpenean esan zuenez, «pertsonen arteko elkarrizketa eta bat egiteen ingurukoa» da.

Marta da eleberri grafikoko protagonista, Arte Ederretako ikaslea. Haren ametsa da Estatu espainolean dauden Chillidaren monumentu nagusiak aitonarekin batera bisitatzea. Aitona hildakoan erabakiko du hari gorazarre eginez bere ametsa betetzea, eta eskulturen atzetik bidaia egingo du.

Martok bere txikitako ametsa bete du, lehen komikia argitaraturik. Izan ere, Arte Ederren gradua ikasi zuen Toledon, eta bertan izan zuen lehen aldiz Chillidaren obra publikoen berri. Reina Sofia Museoan lanean zegoela sakondu zuen Chillidaren obran eta bizitzan, bere esanetan «Chillidaren friki bat» bihurtzeraino: «Bere filosofia eta ideiak zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta gehiago gustatzen zitzaidan, eta ezagutzeko gogo gero eta gehiago nuela iruditzen zitzaidan».

Hasieratik argi zuen ez zuela biografia bat egin nahi, eta aurkezpenean onartu zuen Marta pertsonaiaren bidez lortu duela istorioa «didaktikoa eta entretenitua» izatea. Irudiei dagokionez, angelu zuzenak erabili ditu marrazkilariak, bere ohiko estilotik zertxobait aldenduz. Hiru kolore bakarrik erabili ditu apropos: zuria, beltza eta bolumena emateko urdina.

GAZTEENGANA HURBILTZEKO AHALEGINA

«Hurbila eta optimista da, aditua eta kritikoa baino gehiago», aitortu zuen egileak berak. Izan ere, belaunaldi berriei Chillidaren obra gerturatzea da helburua, bide berrietatik publiko berriarengana iristea. Horretarako, Chillida Lekuko Hezkuntza Arduraduna den Nausica Sanchezek azaldu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi publiko eta eskoletara bideratzea dutela asmoen artean, tresna baliagarria izango delakoan.

Norma argitaletxearekin batera plazaratu dute eleberri grafikoa, mota horretako liburuetan sona handia duen argitaletxearekin, eta aurkezpenean izan zen bertako sortzaile eta presidentea den Rafa Martinez.

Azaldu zuen, argitaletxean artisten inguruko liburuak egiten dituztenean, hauek «hobe ezagutzeko» amaieran dosier bat gehitzen dietela, beraien bizitzaren eta obraren datu errealekin. Gauza bera egin dute oraingoan ere, eta liburuaren amaieran Chillidaren bizitzaren eta obraren inguruko 24 orrialdeko txosten bat dago. Alvaro Martinez Bueno artista eta komikigilearen hitzaurrea du hasieran.