Iragana atzean utzi eta orainean zentratu
Pilar Palomerok pantaila handira eraman du Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” ipuin bildumako izen bereko kontakizuna eta bere egin du. Kokalekua desberdina da, Herrialde Katalanetan girotzen da filma -ez Euskal Herrian- eta testuingurua ere bestelakoa da.
Isabelen bizitza (Patricia Lopez Arnaiz) goitik behera aldatuko da, alabak eskatzen dionean gaixorik dagoen aitari bisitan joateko. Emakumeak ez du senar ohia zaintzeko inolako gogorik, izan ere, hamabost urte daramatza harengandik urrun. Garai batean familia izan arren, gaur egun gizona ezezaguna eta deserosoa iruditzen zaio. Hala ere, jakinik bizialdi laburra geratzen zaiola, ahalegina egitea erabakiko du. Harekin berriro elkartzean, Isabel bere alde zaurgarrienarekin topo egingo du, eta senar ohia beste modu batean ikusten hasiko da. Iragana atzean utzi eta orainean zentratuko da.
Pasa den Donostiako Zinemaldiko prentsaurrekoan, Palomerori Eider Rodriguezen kontakizunetik zer iruditu zitzaion erakargarriena galderari honakoa erantzun zion: «Batez ere, maite dugun pertsona baten galerarekin zerikusia duena azaltzen duela. Izan ere, uste dut maite duzun norbait galtzeak zure bizitzaz kontzienteago egiten zaituela».