OCT. 05 2024 NESTOR BASTERRETXEA, IBILBIDE BEREZI BATEN PROTAGONISTA DONOSTIAN Nestor Basterretxea eta San Telmo Museoa, bi obra elkarrizketan Gure gizartearen ohiturek eta sinesmenek Nestor Basterretxeari bide eman zioten euskaldunon nortasuna eta izaera propioa ulertzeko. San Telmo Museoak ibilbide berezia prestatu du, artistaren artelanak eta museoko erakusketa iraunkorreko obrak elkarrekin hizketan jarriz. Nestor Basterretxearen seme-alabak, komisarioa eta San Telmo Museoko ordezkariak. (Gorka RUBIO | FOKU) Xole ARAMENDI DONOSTIA Bisitaria San Telmo Museoko gune batetik bestera paseatzera gonbidatzen du egitasmoak. Ibilbidearen helburua ez da egilearen ibilbide artistikoa ezagutaraztea edo haren berezitasun estetikoa argitara ematea, orain arte itzalean egon diren lanak bistaraziz. Irakurketa interpretatzaile bat da, loturen bidez unibertso sortzailea hobeto ulertzeko. San Telmo Museoa berezia zen Nestor Basterretxearentzat (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Bertan erakutsi zuen 1973. urtean “Euskal Serie Kosmogonikoa”. 2003an, berriz, bolumetria arkitektonikoaren lanketaren emaitza erakutsi zuen. Euskal gizartearen ohiturei eta sinesmenei arreta jarri zien 60. hamarkadatik aurrera. Inspirazio iturri izan zituen, eta euskal nortasuna eta bere izaera propioa ulertzeko bide eman zioten. Susana Soto San Telmo Museoaren zuzendariak, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendariak eta Miren Vadillo komisarioak erakusketa aurkeztu zuten atzo. Monika Basterretxea, Matxalen Basterretxea eta Mikel Basterretxea, artistaren seme-alabak ere ostiraleko aurkezpenean egon ziren. Pieza gehienak familiarenak dira, eta gainerakoak erakundeek utzitakoak. Basterretxearen ezagutza aberastuko duen begirada berria eskaini nahi du museoak, zenbait eskultura, film eta kartelen bidez. Kasu batzuetan artelan ezagunak dira, eta aurkezteko moduan datza berrikuntza. «Erronka zen erakusketa berri bat sortzea, aurretik egin direnekiko desberdina. Garai, euskarri eta estilo desberdinetan landutako obrak museokoekin elkarrizketan jarrita, uste dut bete-betean asmatu dela», adierazi zuen Mikel Basterretxeak. Bien artean sortutako sinergietan jarri zuen indarra: «Museoari beste begirada bat emango dio, eta aitaren obrari ere bai». «Sortzaile polifazetiko» bezala definitu zuen artista Sotok: «Horixe islatzen du prestatu dugun ibilbideak. Museoak euskal kultura du ardatz; beraz, konexio asko ditu Basterretxeak San Telmo Museoarekin. Erakusketaren formatua ez da ohikoa, ibilbide moduan diseinatu dugu. Bi obren arteko loturak naturalki sortu dira». Otamendik adierazi zuen «ondare zoragarria» utzi zuela Basterretxeak. «Euskaldun izatetik abiatuta, unibertsaltasunera iritsi zen», esan zuen. «Ematen du beti egon direla obrak hemen», aipatu zuen. Basterretxeak Euskal Herriko kulturarekin identifikatzeko izandako interesaren isla da erakusketa, bereziki erabili zuen lengoaia garaikide eta modernoarena. «Bere lan zabalean nabarmendu daitezkeen alderdi ugarietatik funtsezko zutabeetako bat da tradizioa eta modernitatea uztartzea. Euskal Herriaren iragana ezagutzeko irrika erakutsi zuen eta bere lanarekin orainean eta etorkizunean proiektatuko zen ezagutza eta pentsamendua sortzeko tresna bat eskaini. Halaxe idatzi zuen “Trabajo y Unión” aldizkarian 1974ko maiatzean: «Uste dut nire ekarpenik onena, baldin badago, lan egitea dela, eta erakusketa, pentsatzeko eta oso euskalduna izateko modu baten barruan modernoa ere izan daitekeela. Oso euskalduna eta oso unibertsala izan daiteke. Eta etorkizuna bizitzea ere bai, hori izan daiteke nire ekarpena». ANIZTASUNA Landutako diziplinen aniztasuna da artistaren beste ezaugarrietako bat. Ia hirurogei urteko ibilbide artistikoaren jabe zen. «Basterretxearen unibertso kaleidoskopikoaren eta museoko artelanen artean sortutako lotura formalak eta tematikoak» erakutsi nahi izan ditu proiektu honetan Vadillo komisarioak. Hamabi pieza aukeratu ditu Vadillok. 1973. urtean egindako “Argizaiola”, “Laugarren hilarria” (1975), “Akelarre” (1972), ‘Eguzki Lore laugarrena” (1974) eta “Heriotza zerutik etorri jakun” (2011) dira horietako batzuk. “Amalur” filmaren zati bat eta kartel batzuk ere ikus daitezke. DESBERDINA«Erronka zen erakusketa berri bat sortzea, aurretik egin direnekiko desberdina. Garai, euskarri eta estilo desberdinetan landutako obrak museokoekin elkarrizketan jarrita, uste dut bete-betean asmatu dela», adierazi zuen Nestor Basterretxearen seme Mikelek.