Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
MUGARITZ, SIN PAN NI POSTRE

Plater gustagarria, baina osatugabea

Ez da Andoni Luis Aduriz sukaldariari buruz egin den lehen dokumentala, baina, aurrekoarekin alderatuta, hemen lantaldearen ikusgarritasuna askoz ere handiagoa da. Gustatu zait, ezin hobeto islatzen duelako platerak sortu eta konposatzerako orduan langileen egunerokoa eta lana nolakoa den.

Baina, erlaxatu eta ordu eta erdiz gozatzeaz harago, lan honetan ez dut ezer berezirik edo gehigarririk topatu. Aski ezaguna da maila honetako sukaldeetan bizi den estres maila, baita egoten diren tirabirak edo tentsio uneak ere. Bada hemen, dirudienez, ez da halakorik gertatzen. Alde horretatik “zuriegia” iruditu zait.

Baliteke dokumentala grabatu den denbora tartean halakorik ez gertatzea, baina kostatu egiten zait sinestea, egia esan.

Bestalde, Paco Plaza zuzendaritza lanetan aritu dela kontuan izanda, ekarpen zinematografiko handiagoa espero nuen, nortasun gehiago, baina nahiko eszenaratze arrunta iruditu zait; oso txukuna eta akatsik gabea, baina oso konbentzionala. Gehien gustatu zaidana kamera organikoki mugitzen dela da eta oso gertuko planoen aldeko hautua egin dutela; oso erabaki ona irudi zait, izan ere, honi esker, protagonista guztiekin konektatzen dugu, oso hurbil sentitzen ditugu eta une oro identifikatzen gara beraiekin. Gainera, bertan gertatzen diren elkarrizketak guztiz sinesgarriak eta oso egiazkoak begitandu zaizkit. Umorerako tartea ere badago.

“Ogirik gabe eta postrerik gabe” dio filmaren leloak. Bada, amaieran, hori bota dut faltan, postrea; jatetxeko ateak ireki eta filmean zehar ikusi ditugun plater horiek jendeak nola dastatzen dituen ikustea, publiko “arruntaren” erreakzioa alegia.