Amaia EREÑAGA
BILBO

Urdaibaiko Guggenheimi buruzko informazio falta omen du PSEk

Eneko Anduezak Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformarekin izan zuen bileran proiektu polemiko honi buruzko informazioa falta zaiela argudiatu zuen, EAJren Gasteizko Gobernu kidea den arren. Vidarte ordezkatuko duen zuzendariaren zain omen daude.

Eneko Andueza, irailean Gasteizen egin zen lehenengo kontrol-osoko bilkuran.
Eneko Andueza, irailean Gasteizen egin zen lehenengo kontrol-osoko bilkuran. (Endika PORTILLO | FOKU)

Irailaren hasieran Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin bildu ondoren -«kea saltzen ari zaizkigula» iruditu zitzaien orduan-, Guggenheim Urdaibai Stop! herri plataformak alderdi eta eragile desberdinekin burutzen ari den bilera eta kontaktuei jarraipena eman die. Joan den ostegunean Eneko Anduezarekin, PSEko idazkari nagusiarekin, elkartu ziren. Bileran Itsaso Asensio parlamentaria ere egon zen.

Gero eta hurbilago dago urriaren 19an, larunbatean, 18.00etan, Gernika-Lumoko Pasialekuan Guggenheim Urdaibaiko proiektuaren aurka deitu duten manifestazioa. Egun hauetan, sare sozialetan eragile, kulturgile eta izen ezagunen hainbat atxikimendu zabaltzen ari dira.

Eneko Anduezarekin izan zuten bilerari dagokionez, eskertuta agertu arren, plataforma herritarrak ez zuen atzo bere kezka ezkutatu. Hedabideei helarazitako idatzi batean ohartarazi zutenez, herri ekimen honen helburuak eta kezkak aurkeztu zizkioten Anduezari bileran. Era berean, Anduezak ordezkatzen duen alderdiak proiektu honen inguruan daukan iritzia ezagutzeko aukera izan zuten.

ANBIGUOTASUNA

PSEk orain arte «publikoki erakutsi duen anbiguetatea» kritikatu zuen plataforma herritarrak, ugariak izan baitira alderdi honetatik entzun dituzten iritziak. «Eskualde mailan, proiektuaren parte den Muruetako egoitza izango litzatekeenaren kontra azaldu dira, edo informazio faltaren aurrean gardentasuna eskatuz eta eskainiz», agertu da alderdi hau.

«Bestalde, parte diren zenbait administraziotatik, proiektua bideragarria egiteko beharrezkoak diren urrats administratiboei babesa ere erakutsi die, eta, Euskal Gobernua eratzeko, Guggenheim Urdaibai proiektua jasotzen duen gobernu akordioa ere sinatu dute. Herritarrontzat zaila da, egoera honen aurrean, egitasmo honen inguruan alderdiaren jarrera argia identifikatzea», leporatu zioten.

Egindako bilera honetan, eta Lakuako Gobernuko kideak diren arren, PSEko ordezkariek «proiektuaren ezezagutza adierazi zuten, informazio falta -aipatu zuen plataformak-. Beharrezko dute proiektua ezagutzea, balorazio bat egiteko eta euren posizioa zehazteko. Baina, bitartean, aurrerapausoak ematearen alde agertzen dira». Aipatu zutenez, PSEk proiektuaren dimentsioak ezagutu nahi ditu, egiten denak legearen barnean egon behar duela uste du eta Madrildik museo berrirako eskuratu diren 40 milioi euroak testuinguru honetan kokatzen ditu; hau da, Biosfera Erreserba mantentze aldera.

Antza denez, Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendaritzan Jose Ignacio Vidarte ordezkatuko duen zuzendari berriarekin bilera izateko zain dago PSE. Hor sortu da plataformaren beste kezka bat: Anduezaren alderdiaren informazio iturri bakarra museo bera delako. Plataformaren iritziz, «guztiz kezkagarria da, entitate pribatuen esku uzten delako eskualde baten etorkizuna. Fundazio honen parte diren patronoak dituzten gurariek eta herritarrok ditugun beharrek ez baitute, seguruenik, bat egingo».

PSErentzat, bileran bertan esan zietenez, lehentasuna du Busturialdeko eskualdearen beharrei erantzungo dien plan integral bat sortzeak. «Horretan bat gatoz», gehitu zuen plataformak. «Informazio zehatza eskuratzen dutenean, plataformarekin konpartitzeko prestutasuna ere erakutsi dute, eta hau eskertzekoa da», adierazi zuten.