Euskararen eta ikastolen aldeko aldarria, Azpeititik mundura
Hemen da urriko lehen igandea; hemen da Gipuzkoako ikastolen aldeko festa handia; heldu dira 2024ko Kilometroak. Azpeitiak laugarren aldiz hartuko ditu Kilometroak, bertako ikastola Ikasberri Kooperatibaren eskutik. Honenbestez, dena prest dago euskararen eta ikastolen alde egiteko eta egun paregabe bat pasatzeko.
Urte osoan zehar egindako lan mardul eta ekitaldi zaparradaren ondoren, igande honetan euskaltzaleen artean disfrutatzeko tenorea ailegatu da. Orotara, 1.000 boluntariotik gorako taldea antolatu dute, dena ondo joan dadin, eta den-dena prest dute jada. Lau gune ezberdin izango dira, eta horietan guztietan gozatzeko parada izango da.
Azpeitia arnasgune bat da euskararentzat, eta Kilometroak jaia ere euskaltzale guztientzako arnasgunea izatea nahi dute antolatzaileek. «Euskara erabili eta euskaraz gozatzeko aukera paregabea izango du bertara doan guztiak. Beraz, erabili erruz euskara ibilbidean, kontzertuetan, txosnetan, lagun artean eta ahal duzuen guztietan», adierazi dute.
Azpeitian egingo den festa hiru ardatz nagusitan oinarritu dute, eta horiek dira lortu nahi dituzten helburuak: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza, hain zuzen ere.
Gainera, aurtengo edizioan, ibilbide zabal eta oparoa burutu duten Pirritx, Porrotx eta Marimotots omendu nahi dituzte 2024ko Kilometroetan. Antolatzaileen hitzetan, pailazo horiek ederki islatzen dute aurtengo ekitaldian oinarri gisa hartu dituzten hiru ardatz horiek, eta modu horretan esker ona adierazi nahi diete.
Logoa eta leloa ere bat datoz, erabat, lehenago aipaturiko hiru ardatzekin. “Izpiz izpi” da aurtengo eslogana, eta ekilorea da logoan ageri den irudia. Euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna sinbolizatu nahi izan dituzte horien bidez. Izan ere, ikur horrek izpiritu gaiztoengandik babesteko eta egun ilunak argitzeko gaitasuna omen du, besteak beste. Hala, logotipoak herriaren ausardia eta indarra adierazi asmo du, Euskal Herriak, euskarak eta euskal kulturak etorkizunean izango dituen mehatxuen eta erronken aurrean.
KM 0, AZPEITIAN EGINA
Herritik eta herriarentzat pentsatu eta antolatu dituzte aurtengo Kilometroak. Horren erakusgarri garbia dira ekitaldi honetarako sortu dituzten kanta eta bideoklipa bera ere. Azpeitiko Ikastolako ikasle ohiek osatutako Skapaie elektrotxarangak egin ditu abestiaren doinua eta letra. Hitzak sortzeko orduan euskara, auzolana eta berdintasuna bezalako balioetan oinarritu dira, eta melodiari, berriz, bizitasuna eta alaitasuna eman nahi izan diote konposizio dantzagarria eratuz.
Bideokliparen grabazioaren ardura, bestalde, Kulturaz Kooperatibako kideek hartu dute. Maiatz eta ekainean zehar egin zituzten grabaketak Azpeitiko zenbait txokotan. Prozesuan parte hartu duten pertsonak elkarlanean aritu dira une oro, eta lortutako emaitzarekin pozik eta gustura daudela ziurtatu dute. Ez hori bakarrik, abestiak eta bideoklipak harrera bikaina izan dute publikoaren aldetik, eta igande honetako festa erraldoiko ereserkia izango da zalantza izpirik gabe.
TXIKI, GAZTE ETA HELDUAK
Orotara, lau gune izango ditu igande honetako ospakizunak. Horietako lehena Azpeitiko Herriko Plaza izango da. Bertan, eta goizeko 10:00etatik aurrera, gazteentzat Erronka probak, bertsolariak, herri kirolak, dantza eta erromeria izango dira, besteak beste. Horrez gain, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako gune lasaia izango da.
Bigarren gunea, aldiz, Esklabak eremuan kokatu dute, eta hor ere izango da zer egin eta zer gozatu. Esate baterako, Iagomagok eta Julen magoak magia ikuskizuna eskainiko dute; Izpiz izpi izeneko karaokea ere izango da, baita skate erakustaldia ere. Gaztetxoek, bestalde, Goazen!en emanaldiaz gozatzeko aukera paregabea izango dute.
Azpeitiko Ikasberri Ikastolaren egoitza bera izango da hirugarren gunea. Kontzertuak izango dira leku horretako protagonista nagusiak. Oholtzara igoko direnen artean daude: Skapaie, Leherkaitz, Ukabil, Tapia eta Leturia eta Janus Lester.
Laugarren gunea, azkenik, Loiola izango da. Aniztasunaren gune gisa izendatu duten eremuan kontzertuak izango dira nagusi, Urtz, Ro, Eraldatzen edota Trini Fox bezalako taldeen eskutik.
Esan beharra dago, bestetik, gune horietan guztietan, janaria eta edaria erosteko aukera izango dutela Azpeitira gerturatzen diren guztiek. Jangela nagusia, hori bai, ikastolan egongo da, 13:00etatik 16:00etara. Paella eta haragi-bolekin osatutako menua izango da haurrentzat eta helduentzat. Begetarianoentzat eta zeliakoentzat aukera ere eskainiko da: entsalada eta paella begetala.
Aipatu guneez gainera, egun osoan zehar Azpeitiko kaleak animatuko dituzten kale ikuskizunak izango dira; besteak beste, Sahatsa Dantza taldea, Euskal Herriko Joaldunak, Itsasi Euskal Kultura Elkartea, Benta zaharreko mutiko alaiak, Batukada eta UK03.
PASE AZKARRAK
Aniztasun funtzionala dutenentzat bereziki prestatutako Kilometroak izango direla adierazi dute antolatzaileek, eta etortzeko dei berezia egin diete. Atzegi eta Marea Urdinarekin elkarlanean, Pase Azkarrak aterako dituzte beharra duten pertsonentzat. Pase hauek, Tiketera eta sarrera guztietan eskura ditzakete familiek eta lehentasuna emango diete Kilometroak 24an antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko eta baita ilarak sortzen diren eremuetan sartzeko ere.
Mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuz eta auto ilarak ekiditeko xedez, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute antolakuntzako kideek, Azpeitiko festa gunera heldu ahal izateko. Foru Aldundiak Lurraldebusen zerbitzuak indartuko ditu, eta Azpeitira etortzeko zerbitzu horiek baliatzeko deia egin dute. Nolanahi ere, autoentzat zazpi aparkaleku prestatu dituzte, baita boluntario talde handia antolatu ere, ibilgailuei iritsi ahala non aparkatu argibideak emateko.
Dena prest dago igande eder batez gozatzeko. Aitzakiarik ez, beraz, euskararen eta ikastolen aldeko aldarria egin eta lagunekin edo familiarekin egun eder bat pasatzeko.
Herritik eta herriarentzat sortua
Urola bailaran herri ekimenaren bidez sortutako irabazi asmorik gabeko hezkuntzarako kooperatiba, euskalduna, anitza eta berritzailea. Horrelaxe definitzen du bere burua Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatibak. Gaur egun 700 ikaslek eta 80 langilek osatzen dute komunitatea.
Zenbaki hori etengabe hazi da azken urteetan eta egungo ikasleria jatorri askotakoa eta anitza da bertan. Hortaz, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan eskaintzen dituzte eskolak eta prestakuntza. Azken honetan, gainera, zientzien eta letren adarretako ikasketak aukera ditzakete ikasleek.
Hezkuntza eredu propio eta berritzailea proposatzen du ikastolak, euskara ardatz izanik, mundu osora irekia. Ezinbestekotzat jotzen dute, halaber, familien eta langileen parte hartze zuzen eta aktiboa, baita irakasleen etengabeko prestakuntza ere. Gainera, Euskal Herriko Ikastolen europar kooperatiba elkarteko kide dira, Euskal Herriko gainontzeko ikastolekin batera.
Herrira zabalduta dagoen proiektua ere badela nabarmendu dute. «Gure bailaran hainbat hamarkada daramatzan ikastolen mugimenduari eutsi nahi diogu, indartuz eta eguneratuz, bailarako herrietako elkarte eta eragile desberdinekin elkarlanean».
Esan beharra dago, azkenik, Azpeitiko ikastolak konpromiso irmoa daukala naturarekin eta ingurumenarekin, eta zentzu horretan zenbait proiektu martxan jarri dituela, helburu horiek erdiesteko bidean. Aipagarria da, besteak beste, Baratza Proiektua. Egitasmo horretako Baratza Izarraizko atean kokatuta dago, eta horren bitartez, naturarekiko hurbiltasuna eta errespetua bilatzeaz gainera, baliabide didaktiko garrantzitsua da ikastolako ikas-etapa ezberdinetako ikasleentzat. M.A.