M.A.
AZPEITIA

Izpiz izpi, Kilometroak argituz

Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia ez da egun soil bateko festa, urte osoan zehar gorpuztu eta mamitutako ekimena baizik. Horren erakusgarri garbia da Kultur Izpiak programa, hots, igande honetan Azpeitian ospatuko den Kilometroak festa baino lehen egindako kultura ekintzen programa zabala.

Azpeitiko plaza ikastolen festen antolatzaileen topagune bilakatu zen apirilean.
Azpeitiko plaza ikastolen festen antolatzaileen topagune bilakatu zen apirilean. (GARA)

Euskara, kulturartekotasuna eta herrigintza ardatz harturik, otsailean abiatu eta irailera bitarte makina bat ekimen eta jarduera antolatu dituzte urriaren 6ko ospakizun handian murgildu eta egun horri begira motorrak berotzen hasteko. Programaren antolatzaileen hitzetan, «urriaren 6ari bezainbesteko indarra eman nahi izan diogu Kilometroen urteari, eta urte guztian zehar landu nahi izan ditugu hiru ardatz nagusiak». Izan ere, argi utzi nahi izan dute, alde batetik, euskara dela euren ekinaren erdigunea, eta hori horrela, ekarpena egin nahi izan diotela hizkuntzaren indarberritzeari. Bestalde, kultur eta jatorri ezberdinetako jendez osatutako gizarte batean bizi garela aldarrikatu nahi izan dute ekimen horren bidez. Herrigintza da Kultur Izpiak programaren hirugarren eta azken zutabea; hau da, eragile ezberdinen elkarlan estua sustatzeko beharra herri hobe bat sortzeko bidean.

EKIMENEZ LEPO

Esan bezala, urte hasieratik eta irailera bitarte hainbat eta hainbat izan dira Kultur Izpiak programaren baitan ospatutako ekintza eta ospakizunak, eta makina bat izan dira parte hartzaileak. Esate baterako, otsailaren 9an ikasleak aniztasunarekiko errespetuan heztea helburu zuen Inauteriak Munduz Mundu izeneko ospakizuna antolatu zuten. Martxoan, aldiz, Zurak eta ezpalak, transmisio ekimena eta Beskoitzera bidaia egin zituzten.

Otsailean, baita ere, Tuteratik Azpeitiarako bidea abiatu zuten, etapaz-etapa, Lagun Onak Mendi Bazkunak taldeko mendizaleek. Bederatzi etapatan, guztira 250 kilometroko ibilbidea osatzen joan dira, Euskal Herrian zehar euskarak bizi dituen egoera desberdinak ezagutzera emateko.

Apirila ere ekimenez gainezka iritsi zen. Besteak beste, hilabete horretan Ikasleen Topaketa egin zuten, aurtengo ikastolen festak antolatu dituzten zentroetako ikasleak elkartuz. Hala, Euskal Herriko gazte ugarik elkar ezagutzeko, euskaraz aritzeko eta euren esperientziak elkar trukatu zituzten giro adiskidetsuan.

DBH4ko eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleek gonbidatuta, Oiongo San Bizente Ikastolatik (Araba), Getxoko San Nikolas Ikastolatik (Bizkaia), Zangozako Ikastolatik (Nafarroa) eta Baiona Bernat Etxepare Lizeotik etorritako 200 ikasle inguruk parte hartu zuten Azpeitian egindako egun osoko jaian. Guzti horren antolakuntzan, Kilometroen antolaketa taldeaz gain, UEMA eta Zaparraie euskara taldea ere ibili ziren elkarlanean.

HARRERA BIKAINA

Baina ez hori bakarrik, apirilaren 29an Kilometroak Txikia ekimenaren txanda izan zen, eta familiek jarduera ugariz gozatzeko aukera izan zuten egun osoan zehar. Azken horrek harrera ezin hobea izan zuela ziurtatu du Igor Aranbarri Azpeitiko Ikastolako lehendakariak. Haren arabera, Kilometroak txikia ekimenaren bidez «tamainari garrantzia eman baino, utzi dezakeen arrastoa baloratzen dugu. Urte osoko lan honetan komunitateko kide orok ekarpenak egitea nahi genuen, proiektu honen parte izanez. Nork bere neurriko parte hartzea, inor ito gabe, Kilometroak gozatu eta goxatuz».

Aipatutakoaz gainera, maiatzean, ekainean eta irailean ere izan zen zer egin Kultura Izpiz Izpi programari esker. Horien artean aipagarriak izan ziren Soreasun egindako Bertso Izpiak saioa edota Amazigh Herria gurean ekimena. Azken hori ere kultura ezberdinen arteko harremanak sendotzeko baliatu zuten antolatzaileek eta asko eta asko izan ziren euren ekarpena egin nahi izan zuten herritarrak.