OCT. 07 2024 EL HOYO 2 Guztia esanda dago Gaizka IZAGIRRE HERNANI Bigarren zati honen gai nagusiak, zoritxarrez, gaurkotasun ikaragarria du oraindik: kapitalismo basatia, gizarte desberdintasuna eta mundu garaikidean dagoen klase egitura. Agertokia ere berbera da, baina pertsonaiak eta narratiba jatorrizkoaren beldur minimalistatik aldentzen dira. Gizon batek zuloan zehar egiten duen bidaia existentzialean zentratu beharrean, biziraupenerako lehia baterantz bideratzen da trama. Motor narratibo gisa jokatzen duen janariaren gaian, esaterako, adostasun bat lortu da: preso bakoitzak plater bat aukeratzen du, eta egunero zerbitzatzen zaio. Badago arau bat inposatua, ustez denek onartua, eta horren arabera, bakoitzak berea kontsumitzera mugatu behar du, berea ez dena ukitu gabe. “El Hoyo 2” frenetikoagoa da, krudelagoa, pertsonaiak muturrekoagoak dira eta indarkeria maila neurrigabeetara iristen da, baina elementu horiek, filmak transmititu nahi dituen ideiak indartu beharrean, kalte egiten diete narratibari. Aspertzeraino errepikatzen diren efektu kolpeek eragina galdu eta istorioa higatzen dute. Lehen zatia baino ikusgarriagoa da, baina formula guztiz agortu denaren sentsazioa transmititzen du, guztia jada esanda egongo balitz bezala. Aktoreen lana, girotzea, Aitor Etxebarriaren soinu banda eta arlo artistikoa oro har lehen mailakoak dira. Zentzu horretan lehenengoaren puntu positiboak partekatzen dituela esango nuke, baina negatiboak biderkatu egiten dira: premisa interesgarri batetik abiatzen da, baina oso errepikakorra da, eta bere mezu soziala, lehen segundotik argi geratzen dena, nabarmenegia da, eta ez du hausnarketarako edo anbiguotasunerako tarterik uzten. Ia groteskoa den gehiegikeria baten mesedetan, helburu narratiboa alboratu egiten da eta bere mezua sakrifikatu.