OCT. 08 2024 GAZAKO INFERNUAK SUTAN JARRI DU EKIALDE HURBILA Gernika-Palestina ekimenak askoren indarra batu du genozidioaren aurka Genozidioa geldi dezatela aldarrikatzeko, Gernika-Palestina Herri Ekimenak elkarretaratzeak egiteko deialdia zabaldu zuen atzo: hilaren 21ean izango dira, Donostiako manifestazio handiaren urteurrenean, 19.00etan, udaletxe atarietan. Konponbide justua lortu ahal izateko, mobilizatzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten eragile askok, atzo, Aieteko jauregian egindako agerraldian. Gernika-Palestina Herri Ekimenak Aieteko jauregian, Donostian, egin zuen agerraldia. (Maialen ANDRES | FOKU) Martxelo DIAZ DONOSTIA Urriaren 7tik urtebete igaro denean, agerraldia egin zuen Gernika-Palestina Herri Ekimenak Aieteko jauregian, Donostian, atzo, hamabi hilabeteon balantzea egiteko. Horrekin batera, ekimena osatzen duten eragileek bilera egin zuten. Aipatzekoa da ekimenak lortu duen indar metaketa: EAJ, EH Bildu, PSE, Sumar, Ahal Dugu, ELA, LAB, Steilas... «2023ko urriaren 7tik aurrera, Palestinaren kontra areagotu den biolentziak eta genozidioak inoiz ezagutu ez den ezberdinen arteko elkarlana eta mobilizazioa ekarri dute Euskal Herrira. Ugariak eta arrakastatsuak izan dira Palestinaren kontrako genozidioa salatzeko egindako ekimenak. Aitzitik, Ekialde Hurbiletik iritsitako azken berriek eta Palestinaren suntsiketa egoerak ezintasunez betetzen gaituzte. Israelen bortxa eta inpunitateak ez du mugarik», nabarmendu zuten eragile guztien izenean Ibon Meñikak eta Jone Bilbaok. Esparru desberdinetako eragileak eta ikuspegi anitzetakoak ere bildu zituen atzo Herri Ekimenak. «OKUPAZIOA EZ DA LEGITIMATZEN» «Ezerk ez du inoren lurraldea okupatzea legitimatzen, ezta gerraren ondorio krudelak ere, ez eta populazio oso bat suntsitzea, giltzapetzea edota ukatzea ere. 2024. urte honetan, ordea, inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetariko baten lekuko gara, eta halere, nazioarteko komunitateak ez du izugarrikeria honekin bukatzea lortu», salatu zuten. «Izugarrikeria» hitza erabiltzea justifikatua dela nabarmendu zuten. Horretarako, bi datu jarri zituzten mahai gainean: Israelek urte honetan 41.000 palestinar hil dituela eta Gazako kaleen eta azpiegituren %70 suntsitu dituela. «Ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakba baten aurrean gaudela baieztatzen dute datu hauek. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du. Non eta nola amaituko den ez dakigun espirala abiatu da», gaineratu zuten. Horren aurrean, nazioarteko ordenan noraez zantzuak ikusten direla adierazi zuten. Alde horretatik, urte luze honetan Euskal Herrian, munduko beste toki askotan bezala, kale eta instituzioetan «bakea eta nazioarteko zuzenbidea erdigunean jarri nahi izan dugu, biak txanpon beraren bi aldeak baitira». Europar Parlamenturako hauteskundeetan Israelekin merkataritza akordioak eteteko eskaria egin zutela gogorarazi zuten. Hala, Gernika-Palestina Herri Ekimeneko kideak bakean eta justizian oinarrituriko ordena baten alde azaldu ziren. Hori lortzeko, ezinbestekotzat jo zuten Palestinan berehalako su-etena ezartzea. Horrez gain, Mendebaldeko estatuek Israeli armak eta baliabide militarrak erosi eta saltzeari utzi behar diotela aldarrikatu zuten. «Inongo Estatu edo potentziak esku-hartzerik ez egitea Palestinan eta bere autodeterminazio-eskubidea errespetatzea funtsezko abiapuntutzat jotzen ditugu. Palestinako biztanleek baliabide material eta politikoak behar dituzte beraien lurraldean gelditu eta duintasunez bizi ahal izateko», gaineratu zuten. MOBILIZATZEA GARRANTZITSUA Gauzak horrela, mundu mailan zein Euskal Herrian indarrak batzeko, mobilizazio masiboak beharrezkoak direla adierazi zuten; «genozidioa geldiarazteko eta konponbidea aldarrikatzeko jendarte zibilak duen aukera eta itxaropenerako leihoa hauxe baita: mobilizazioa». Hilaren 21ean, Donostian egin zen manifestazio handiaren urteurrenean, herri guztietako udaletxeen aurrean elkarretaratzera deitu zuten. NAKBA BAT«Ondorio humano, sozial eta politiko larriak dituen Nakba baten aurrean gaudela baieztatzen dute datu hauek. Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du», gaineratu zuten bozeramaileek.