OCT. 08 2024 Sutsuak, fededunak, baina nekatu samar azkenerako Trumpen zaleak Donald Trumpen ekitaldirik jendetsuena izan zen larunbatean Pennsylvanian egindakoa, uztailean jasan zuen atentatuaren lekura itzulita. Auto erraldoiak, MAGA mugimenduaren dekorazioa eta «merchandising»-a, eta liderrari itsu-itsuan sinesten dioten milaka lagun. Xenofobia darie, borrokarako dei etengabea dute, baina nekea nabari zaie azkenerako. Donald Trumpen jarraitzaileak, larunbatean Butler-en egindako mitinean. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Urtzi URRUTIKOETXEA Pittsburgh altzairugintzaren hiriburutik Butler-era ordubete baino gutxiago dago. Baina lehenaren giro kosmopolitaren ondoan, beste mundu bat dirudi herri txikietako Pennsylvaniak. Autobidea utzita, Donald Trumpen aldeko katolikoen seinale batek San Migel arkanjelua eta Trump alderatzen ditu, atentatuaren osteko argazki ezagunarekin. Bere jarraitzaile askok sentitzen dutena laburbiltzen du: liderrak laguntza jainkotiarra izan zuela uztailean. Ekitaldian zuriak ziren ia guztiak; beltzak, aldiz, bide-bazterreko saltzaileetako asko. Merchandising-a mota guztietakoa da, Trumpekiko kultua edo MAGA (“Egin AEB handi berriz” lema) mugimenduaren ehunka kamiseta, bisera, autorako pegatina zein bandera daude salgai mitin guztietan. “Eskerrik asko, Trump”, “Ez dugu etsiko” eta, oro har, demokraten argudioei burla egiten dieten leloak: “Gaur zein motibogatik zaude irainduta?”. Baita askoz zakarragoak ere: “Arrosak gorriak dira, Kamala ez da beltza, Joek dementzia dauka”. Eta presidente ohiaren irudiarekin egindako muntaketak: Captain America, Rambo, pirata, jendeak argazkiak egiteko neurri errealeko Trumpen figurak... «Jainkoa da nire salbatzailea, Trump nire presidentea»; horrek laburbildu dezake MAGA-kultua. Kamala Harris «komunista» igitaiaren eta mailuaren ondoan ageri zuen kartel batek. Oro har, mainstream edo politikoki zuzen gisa jotzen dutenaren aurka ekitea harrokeriaz. Matxo jarrera horrek «genero-arazoa» ote dakarren galdetuta kamiseta arrosa daraman emakumeetako bati, hala dela aitortu zuen. «Kamalaren gezurrak sinetsi dituzte. Trumpek abortu-eskubidea estatuetara itzuli besterik ez du egin», zioen; horren ondorioa estatuen erdietan baino gehiagotan abortua debekatzen duten legeak ezartzea izan da. Gazteleraz ziharduen kolonbiar eta puertorricar jatorriko bikote batek; marine ohien bisera zeraman gizonak: «Nazkatuta gaude, geroz eta gehiago gara Trumpen aldeko latinoak». Demokratek «mugatik kriminalak ekarri» dituztela dioen gezurra errepikatzen dute. Arazoak konpontzeko «gizon indartsu» bat behar dela zioten. MAGA-JAIA Butler-en esatariak kristalezko txoko baten atzean zeuden babestuta. Teiluetan frankotiratzaileak nabarmentzen ziren. Trumpen ekitaldietan debekatuta zegoen inongo zorrorik sartzea, eta patrikak ere hustu behar dira kontrolean. Kontraesan interesgarria; armarik gabeko AEBetako lekurik seguruenetakoa dira Trumpen mitinak “Jainkoa-Armak-Trump” kamiseta zeramaten dozenaka lagunentzat. Autoetan askok daramate «nire arma nahi baduzu, zatoz (ausar zaitez) kentzera». Uztailean Butler-en egon eta larunbatean berriz ere han ziren; «oso une beldurgarria» zuten gogoan, arineketan irten zirela eta gero autoan ez atzera ez aurrera ordu luzez egon behar izan zutela. Heroismo gutxiko zintzotasuna zen nagusi ondoko herritik etorritako hirukotean, larunbatean «presidentearen ondoan egon behar» zutela nabarmendu arren. Beti izan dira errepublikanoak, eta ez dute bestela bozkatzeko motiborik ikusten. Ez da mitinetan bakarrik; nekazari-eskualdeetako errepide bazterreko kafetegi askotan legez, Pennsylvaniako txoko honetan ere janari ona, zerbitzari jatorra, bezero atseginak futbol amerikarreko partida komentatzeko, eta aldamenean hiru G-en afixak dituzte: God, Guns, Guts (Jainkoa, armak, adorea), bestelako ikur militarista batzuekin batera. “U-S-A” eta “Fight, fight, fight” (borroka) oihuak dira gehien entzuten direnak. JD Vancek bere izena ere goraipatzen entzun zuen behin larunbatean. Labur, zorrotz eta zuzen, 2028ko presidentegai izan litekeela agerian utzi zuen Vancek: «Gaizkile kondenatuaren eta hillibilyaren alde bozkatuko dut». Apalatxeetako langile zuriei deitu izan zaie hillibily, mespretxuz sarritan, eta Vancek beretzat aldarrikatu du izena. Berak ere gertaera bibliko gisa aipatu zuen uztailean pasatutakoa. Antzeratsu mintzatu zen Lara Trump, presidente ohiaren erraina: «Ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka da. Jainkoak Donald Trumpen bizia barkatu, salbatu zuen, oraindik ere asmo ugari dituelako Donald Trumpekin». Itxura mesianikoa indartzen du Trumpen hegazkina airean agertzeak. Baina zeruko mezularia ikusi eta oholtzan agertzerako luzeegi jotzen badu, bestela ere diskurtsoa luzea datorrela jakitun, egun osoan zain egon direla... sinestunetako askok etxerako ordua dela irizten diote, Harrisek iraileko debatean zuzen aurpegiratu zion bezala. Antolatzaileetako batzuk kargu hartu zieten, zertan ari ziren galdetuz. Hegazkina hartu behar zutela zioten batzuek, haurrak zituztela argudiatu zuten besteek, trafikoa hurrenak, eta beste asko isil-isilik joan ziren autoetarantz, Trumpen hitzaldia hasi berri zela. Azken batean, eguna oso luzea izan zen, eta gaua iritsita Trumpek hizketan jarraitzen zuen, Elon Musk munduko gizon aberatsena oholtzara gonbidatuta. Ilargia ez, Marte agindu zien bertaratutakoei. Bere agintaldia amaitu baino lehen iritsiko omen dira Planeta Gorrira.