OCT. 09 2024 «Euri gorriaren azpian», misteriozko itzulera bat Boterea eta misterioa nahasian ageri dira Asier Serrano idazlearen lan berrian. “Euri gorriaren azpian” izeneko eleberria kaleratu du, «barne-bidaia bat bidaia baten barnean». Asier Serranok «Euri gorriaren azpian» izeneko eleberria argitaratu du. (Andoni CANELLADA ! FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Asier Serranok “Euri gorriaren azpian” (Erein) eleberria aurkeztu zuen atzo goizean Donostian. Idazletzatik erretiratu den emakume bat da eleberriko protagonista, 25 urte igarotakoan jaioterrira itzuliko dena; izan ere, diktadurapeko hiri batean ezagutu zuen bere senarra bihurtu zen antzezlea, eta orain, senarra hilzorian dagoenean, hirira itzuliko da haren enkargu bat betetzera. Misterioz eta sinboloz beteriko liburua dela esan zuten aurkezpenean eta irakurlearekin jolas egiteko asmoz zenbait amu daudela eleberrian zehar. «Hemen biltzen da nire literatura eta nire mundu osoa», aitortu zuen atzo, eta onartu, zirkulu bat ixteko balio izan diola eleberria argitaratzeak; «jada ez diot ezer zor literaturari». «Barne bidaia bat da bidaia baten barnean»; hala deskribatu zuen Uxue Razquin Ereineko editoreak. Serranok bere ohiko estiloari eutsi dio liburu berrian, editorearen esanetan: «Bortitza da, latza, lohitsua, baina aldi berean Serranoren estiloaren poetikotasunari eusten dio, irakurketa hipnotikoa izatea lortzen du, irudi metaforiko asko erabiltzen ditu». KAXOIAN EGONDAKOA Orain dela bost urte hasi zen eleberri hau idazten, bere buruari ezarritako «promesa» baten harira; izan ere, aurkezpenean kontatu zuen trilogia bat idazteko asmoa zuela. Bazekien hiru liburuetako bat gerraren ingurukoa izango zela, bigarren batek boterea landuko zuela eta hirugarrena, aldiz, etikaren ingurukoa izango zela. Ez zekien, ordea, zein hurrenkeratan ordenatuko zituen; “Euri berriaren azpian” eleberria idaztean konturatu omen da azken batean hiru liburuek hitz egiten dutela botereari buruz. Boterearen inguruan hausnartzen du liburuak; idazlearen ustez, boterea oso forma ezberdinetan topa daiteke: «Ekonomiaren maskarapean, multinazional eran, politikarien erotika forman… ez dakit zer den boterea, norberaren irrintzitik agertzen den zerbait da». Eleberriaren zirriborroa kaxoitik atera, eta pandemiaren ondoren erabaki zuen hasitako liburua argitaratzea; egungo ikuspegitik, aldiz, erabaki hobea iruditzen zaio egun argitaratzea: «Liburu honek gaur egun du zentzua, eta akaso horregatik egon da kaxoian. Azken urteetako gizartearen ez-aldaketek eman diote zentzua liburuari». BAZTERTUTAKO PERTSONAIAK «Gizartean baztertuak izan diren pertsonaiak» jasotzen ditu liburuak, Serranok azaldu zuenez, eta argitu zuen idazterakoan berak ez duela dokumentazio lanik egiten; «amesgaiztoetatik abiatzen naiz». Gaineratu zuen bere ahalegina bizi dugun gizartearen errealitatea «eskuratzean» datzala, «horrorean edertasuna bilatzea». Protagonista idazlea da, eta bere senarra, antzezlea. Horrek sorkuntzaren inguruan hausnartzeko tartea ere eskaini dio Serranori; «zergatik heldu etengabeko gaupasa intelektualari?», galdetu zion bere buruari, eta eleberria idazten hasterakoan galdera batekin tematu zen: zergatik idatzi? Eleberria idazteko prozesuan aurrera egin ahala, berriz, beste galdera bat agertu zitzaion parez pare: zergatik argitaratu? Eta azkenean urratsa egitera duela urtebeteko juntadizo batek bultzatu zuela kontatu zuen. Lubaki bandakoak elkartu ziren eta horrek zerbait «piztu» omen zion. «Zertarako existitu zen Lubaki banda? Ahots narratibo horiek borobiltzeko jaio zen, horretarako balio zigun argitaratzeak», adierazi zuen, oraingoan ere horretarako balio izan diola gaineratuta. Aipatu bezala, emakumezkoa da protagonista, eta horrek ere sortu izan dizkio zalantzak eta kezkak: «Beldurra nuen ea lortu ote nuen ondo transmititzea; kontaketa erreala egiten ote nuen interesatzen zitzaidan». Bestearen lekuan jartzea interesatu izan zaio betidanik; «ulertzen ez dudan hori ulertu nahiak ere bultzatzen nau idaztera». IRAKURLEA INTERPELATU ETA JOLASTU Irakurlearekin joko moduko bat egin nahi izan du Serranok; galdera zuzenak egiten dizkio tarteka narratzaile orojakileak. «Irakurleak berak esan beharko dio bere buruari nor den narratzailea; nor dago ahots narratibo horren atzean?». Irakurleen erantzunak jasotzeko irrikaz dago Serrano. «Azkar» irakurtzen den liburua da, bere ustetan, baina bere helburua, azkar irakurrita ere, kantu txarrekin gertatzen den gisan, «buruan bueltaka geratzea» da. MISTERIOA Eleberriko istorioan misterioa mantentzeaz gain, irakurleak ez du jakingo nor den narratzailea, eta jolas hori ere baliatu nahi izan du idazleak.