Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SHARKSPLOTATION

Marrazoak maite ditugu

Spielbergek ‘‘Marrazoa’’-filmarekin mundua liluratu zuenetik, ehunka izan dira animalia hauen mundu zirraragarrira gerturatu diren izenburuak. Urteen poderioz, eta bereziki ikus-entzunezkoen eraginez, marrazoak munduko izakirik beldurgarrienak bihurtu ziren.

Testuinguru horretan sortu zen “sharksploitation” delako azpigeneroa. “Sharksploitation“ dokumentalak marrazoen ondare zinematografiko bitxia aztertzen du.

Izaki horiek beldurrezko, akziozko zein misteriozko filmetan izan duten eraginari buruz hausnartzen du Stephen Scarlata zuzendariak. Ez hori bakarrik, “exploitation films” delakoen barruan ere arakatzen du: kontzeptua ahalik gehien ustiatzeko helburuz, eta gehiagorako ematen ez zuela zirudien arren, 2013an “Sharknado” iritsi zela aipatzen da adibidez. Ekoizpen xelebre hauek umorea erantsi zuten unibertso honetan.

Dokumentalaren indarguneetako bat biltzen dituen elkarrizketatuak dira: zinemagileak, kritikariak, itsas biologoak... Film desberdinetako zuzendari, gidoilari eta aktoreek ekoizpen batzuen atzean dagoen testuingurua azaltzen dute. Zientzialariek, aldiz, pelikula horiek marrazoen irudian izan dituzten inplikazio negatiboak eta kaltegarriak salatzen dituzte. Modu nahiko orekatuan aztertzen ditu bi alderdiak.

Ahots ugari entzuten ditugun arren, ez dio gaiari sakonki heltzen; hurbilketa arinago eta eskuragarriago baten aldeko hautua egiten du, eta hori ez da nahitaez negatiboa. Baina analisi sakonago bat bilatzen dutenak gehiagorako gogoz uzten ditu; alde horretatik nahiko azalean geratzen da.

Egiturari dagokionez, arina eta entretenigarria da, eta bisualki dinamikoa. Muntaketa lana film klasikoen eta kultuzkoen irudietan oinarritzen da. Horrek tonu nostalgikoa eta, batzuetan, umoretsua eransten dio lanari.