Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Theodor, Adolf, Ludwig

Theodor 1860ko maiatzaren 2an jaio zen Hungariako Pesten. Aitaren familiak «Loebl» zuen abizena, eta Serbiatik Bohemiara joan zirenean behartu zituzten germanizatzera: «Herlz» izango ziren 1739tik aurrera. Theodorrek legelari ikasketak egin zituen Vienako Unibertsitatean, 1880ko hamarkadan. Ekintzaile politiko eta idazle sutsua, “Juduen estatua” liburuxka argitaratu zuen 1896an. Sionismoaren aita bihurtu zen; Israelgo Estatuaren inspirazio nagusia.

Adolf 1889ko apirilaren 20an jaio zen Austriako Braunau am Inn herrian. Haren aita Alois amaren Schicklgruber abizenarekin erregistratu zuten, ez baitzuen aita ezagunik. Aloisen ama Johann Georg Hiedlerrekin ezkondu zen gero, eta harengandik hartu zuen «Hitler» Aloisek. Adolf gaztetxoak artista izan nahi zuen arren, Linzeko Realschulera bidali zuen. Nota txarrak aita izorratzeko ateratzen zituela esan zuen gero Adolfek. Matematikak errepikatu behar izan zituen. 1924koa da bere idazlan nagusia: “Nire borroka”, nazismoaren biblia.

Ludwig 1889ko apirilaren 26an jaio zen Vienan. Aitaren aldeko birraitonak Moses Maier zuen grazia. Juduak abizenak izatera behartu zituen 1808ko dekretu napoleonikoak, eta bere ugazaben deitura hartu zuen: Wittgenstein. Ludwigen gurasoek katoliko gisa hezi zituzten beren zortzi seme-alabak. Ludwigek gaitasun berezirik erakusten ez zuela-eta Linzeko Realschulera bidali zuten. Distira handirik gabe egin zituen ikasketak han 1903tik 1906ra, baina kurtso bat aurrera mugitu zuten, hala ere. Erresuma Batuan ingeniaritza eta filosofia ikasi eta gero, asko kostata argitaratu zioten −alemanez 1921ean eta 1922an ingelesez− “Tractatus Logico-Philosophicus” harri-bitxia. XX. mendeko filosofiaren historian ohorezko tokia egin zion horrek.

1900 urteen bueltan Vienako kaleetako airea partekatu zuten hiru gizonek. Hurbil ibili izan baziren ere, ez zuten hitzik edo ideiarik trukatu. Trukatu balute, talka egingo zuten, edo ez. Baina gerora hirurek izango zuten itzala bestelakoa zatekeen. Eta hori eskertuko genukeen, beharbada, XXI. mendean.