OCT. 10 2024 «Irati filmaren artea», pantailaren atzeko lana liburuan Arrakastatsua izan da Paul Urkijo zinema zuzendariaren «Irati» filma. Zenbait festibaletan eta zinema areto askotan eman ostean, liburu formara iritsi da orain, filmaren lan artistikoa azaltzeko ahaleginean. Atzo goizean aurkeztu zuen argitalpena Urkijok Donostian: «Irati filmaren artea». Paul Urkijo, «Irati» filmeko lan artistikoa biltzen duen liburua aurkezten. (Gorka RUBIO | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA «Zinea gezurra da»; baieztapen sendoa bota zuen Paul Urkijo zinema zuzendariak atzo, “Irati filmaren artea” liburuaren aurkezpenean. Pantailan ikusten dugunaren atzeko lana ekarri nahi izan du argitara “Irati” filmaren lan artistikoa bildu duen liburuarekin. Ez da gezurra pantailan ikusten dugun guztia, baina zuzendariak baditu sekretuak, eta batez ere badu itzaleko lana; horiek kontatu ditu 223 orrialdetan zehar. «Filmean gauza batzuk ez dituzu ikusten, eta liburuarekin ikusiko dira», azaldu zuen. Filmaren kolore paleta, kobazueloetako marrazkien bozetoak, jantzitegiko bitxi txikienaren detaileak, filmean erabiltzen den euskara eta berau ahoskatzeko modua... horiek guztiak jasotzen ditu liburuak. Filma egiteko erabilitako material guztia bildu du Urkijok: «Pelikulak kapa pila bat ditu, matrioxkak bezalako filmak egiten ditut, sinbolo eta sakontasun ikonografiko handikoak». “Kapa” horietako bakoitza eskuzabal jarri du orain irakurleen eskura. KOLOREAK, JANTZIAK, IRUDIMENA Kolore paletaren inguruko nondik norakoak jasotzen ditu atal batek. Aurkezpenean ere azaldu zuen zein kolore paleta eta zein estrategia erabili zuen: «Herriaren paleta urdinxka eta zerutarra, adibidez, kristaua eta patriarkala; ingurune naturaletan udazkeneko tonu urrekarak dira nagusi eta landareen berdeak; ingurune paganoetako tonuen gaman, kolore urrekarak eta gorriak dira nagusi». Orreagako batailari buruzko eszenak ikuslearen arreta eskuratzen dutenetakoa da, eta aurkezpenean Urkijok kontatu zuen aurrekontua izaten dela horrelako eszenak filmatzeko zailtasun nagusia: «Aurrekontuak ez du ematen bataila batek behar dituen figurante guztiak kontratatzeko; soluzio artistiko bisualak erabili behar izaten ditugu». Plano sekuentzia faltsu bat egin zutela aitortu zuen, eta ondoren, efektu bereziekin zeuden figuranteak biderkatzen zituzten. «Sinbolismoa asko landutako zerbait izan da; gure mitologiaren eta munduko mitologiaren sinbologiak lotzen ere saiatu gara», adierazi zuen Urkijok. Mari pertsonaia jarri zuen adibide gisa; izan ere, Mariri «zentralitatea eman eta omenaldia» egin nahi izan ziola aitortu zuen. Bere iritziz, askotan, «ipuin erromantikoak» kontatu izan dira Mariren inguruan, eta berak beste ikuspegi bat eman nahi zion: «Alderdi antropologikoa erakutsi nahi nuen: Marik besarkatu ahal zaitu, baina baita akabatu ere. Ederra eta bortitza da aldi berean». KOKALEKU NATURALAK Zuzendariak argi zuen kokaleku naturaletan lan egin nahi zuela, bere filmean natura ere protagonista delako. Aralarren, Iratiko basoan eta Oñatin filmatu zuten, baita Huescan ere, baina hori ere garai batean Nafarroako Erresumaren zati zenez, Urkijok irri artean esan zuen guztia Euskal Herrian filmatu zutela. Kokaleku bakoitzean landu beharreko atrezzoaz, uneko aldaketez eta ondoren digitalki egin beharreko konponketez ere mintzatu zen Urkijo, besteak beste. Baina batez ere, ahalik eta eremu natural ederrenak bilatzeko egindako ahalegina egin zutela azpimarratu zuen, eta liburuan ere hori azaltzen du; «tokia ederra denean, epika ematen dio eszenari». EUSKARAAtal bakoitzean euskara ere nola moldatu zuen kontatzen du; tartean, aktoreei hitzak ahoskatzeko emandako jarraibideak jasotzen ditu liburuak. Aurkezpenean gomendio bat eman zuen: filma euskara batuko azpidatziekin ikustea. Primeran plataforman dago ikusgai.