GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Kaiolarekin zorrak kitatzeko gogoz dira Laso eta Salaberria

Bizkarreta-Gerendiangoak ezin izan zuen iazko txapelketan jokatu, aldakako ebakuntzaz osatzen ari zelako. Eta goizuetarrak iaz lesio baten erruz amaitzerik izan ez zuen ligaxkara itzuli nahi du.

Unai Laso ondo helduko omen da kaiolara. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Pilotari bakoitzak ditu bere erronka eta motibazioak, eta larunbat honetan Bilbon kaiolarekin aspaldiko zorrak kitatu nahi dituzten bi nafar arituko dira elkarren aurka: Unai Laso eta Iker Salaberria. Bizkarreta-Gerendiaingoak iaz ezin izan zuen txapelketan parte hartu, aldakako ebakuntzatik osatze prozesuan zegoelako, eta ia bi urte badira txapelketa honetan aritu ez dela -2022ko urriaren 29an aritu zen azken aldiz, final laurdenetako ligaxkan eta 22-11 galdu zuen Ezkurdiaren aurka-, nahiz eta aurtengo sanferminetakoan bi partida jokatu zituen, Agirre eta Jakari erraz irabazita eta Peñaren aurka galduta.

Aspeko goizuetarrak iaz lortu zuen lehen aldiz lehen mailako ligaxkan sartzea, final zortzirenetan Mikel Urrutikoetxeari Tolosan 22-14 irabazita. Ligaxkaz gozatzerik ez zuen izan, lehen partidan, Lekunberrin, Ezkurdiaren aurka eskua txikitu eta Jaka eta Peio Etxeberriaren aurka jokatu beharreko partidei uko egin behar izan zielako.

«Bi urteren ondoren ilusioarekin heldu naiz. Beti kontrako eztarritik joan izan zaidan modalitate bat da Lau eta Erdikoa, baina ondo sentitzen naiz eta erakutsi dut nire jokoa atera dezakedala, paper on bat egin dezakedala. Ea gauzak ondo egiterik dudan», esan zuen 2021. urtean Altunaren aurkako finala 22-20 galdu zuen nafarrak.

Uda nekatu samar amaitu omen zuen erroibartarrak, baina irailaren 24tik Logroñon partidarik jokatu gabe, gorputza oxigenatu ahal izan du, eta «pilota gosez» irtengo da Bizkaia pilotalekura.

BESTE AUKERA BAT

Iker Salaberriak, berriz, «onenekin lehiatzeko» beste aukera bat bezala hartzen du larunbateko partida, eta aurten ligaxkaz gozatzea gustatuko litzaioke. Lasoren aldean, aurreko larunbatean bertan kaiolako partida bat jokatzetik dator -22-16 irabazi zion Dariori Ezkarain- eta itxura ona emanez, gainera. Bere aurkariarena ez bezala, kaiola da Salaberriaren buruz buruko modalitaterik gustukoena, eta, uda honetan bertan, Jokin Altuna bezalako espezialista handi bat oso estu hartu zuen Zumarragan jokatutako sanferminetako partidan (22-20).

Pronostikoetan Baikokoa irtengo da faborito, baina, Salaberriak sakearekin eta gantxoarekin asmatzen badu, edonori susto bat emateko gai da.

ARERIO ZUZENAK TOLOSAN

Astelehenean Tolosan Elordi eta Zabaletak jokatuko duten lehiak ere badu mamirik, final laurdenetako ligaxkarako txartelaz harago, enpresa barruan duten estatusa ere jokoan izan baitezakete Elordik eta Zabalak.

Azken hilabeteetan badirudi binakako torneoetan 2023ko Binakako eta Buruz Buruko txapeldunaren aurretik dabilela errioxarra, baina, urte zail baten ostean, bizkaitarrak egoerari buelta eman nahi dio, berez, bere dohainetara hobeto moldatzen den txapelketa batean.



Zabaletaren eta Gaminderen esku

Igande honetan jokatuko da, Ogeta pilotalekuan, Hiru Hiriburuak txapelketako finala. Esan genezake, garaiko aurrelaririk eraginkorrena den Goiuri Zabaletaren eta atzelaririk sendoenaren arteko talka izango dela Gasteizko finala. Mirian Arraiza lagun izango du Laukizkoak aurreko koadroetan, eta Nora Mendizabal arituko da, bestalde leitzarraren bizkartzain.

Enara Gaminde sekulako denboraldia osatzen ari da, ez baititu alferrik irabazi aurtengo San Fermin eta Udako Master txapelketak, eta, gaienera, Binakakoa txapelketako eta Plazandreak torneoko finalak ere jokatu ditu.

Goiuri Zabaleta ere ez zaio atzean geratzen. Jokatutako azken txapelketa, sanmateotakoa, irabazi zuen, lehiaketako pilotaririk onenaren saria ere eskuratuz, Lau eta Erdikoan eta Plazandreak torneoan finala jokatzearekin konformatu behar izan zuen bitartean. Argi dago, printzipioz behintzat, bietan jokoa bere eremura eramaten asmatzen duenak asko izango duela irabazita. J.O.