OCT. 10 2024 Musikaren bidebanatzeak Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Bat bitan banatzen da», dio Maok. Beraz, bi lautan banatuko da, eta horrela esponentzialki infinitura. Baina alderantzizko modu proportzionalean ere joan daiteke. Musika-erritmo askotatik bat sortzea. Musikaren bidebanatze bakoitza esponentzialki eta proportzionalki beste doinu askoren sorlekua izan daitekeelako. Baina bidegurutzeak ez daude betidanik hor kokatuta. Bi bide, orokorrean, paraleloan badoaz, ez da bidegurutzerik izango. Bat gora badoa eta besteak bidea zeharka egiten badu, posible da inoiz bidegurutzea sortzea, punturen batean gurutzatzea, eta une hori bera beste doinu baten hasiera izatea. Gustu zeharo desberdinak dituzten bi musikariren arteko bat-batekoak genero berri baten atarian utzi ahal gaitu eta. Nondik aterako zen bada triki-popa? Edo bertso-hopa? Jarduera desberdinen talken emaitzak izan dira, eta estiloaren izena gero etorri zen; gainera, triki-popa izena ez diote jarri estilo hori egin duten musikariek. Musika kritikariren baten hausnarketaren ondoren etorri dira estiloen izenak, edo diskoetxeko bati bururatu zaiolako. Baina beste askotan, beste inork baino lehenago, musikariak berak jarri dio izena bere musika-eginkizunari: burrokanroll. Animaliekin jarraituz, Pottoka kantariak erabili zuen “nekazaritza-punk”. Euskal folk-rock progresiboa, musika tronpeteroa, euskal funk erradikala… Beldurrak sor daitezke bidegurutzeen aurrean. Nondik joko gaitu beldurrak? Beldurrak, maiz, desaktibatzaileak dira. Nahiago ditut beldur eraikitzaileak. Mozalik gabekoak.