OCT. 10 2024 AZKEN PUNTUA Urteak dira Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Gu, pribilegiatuak, aske, armairutik kanpo, euripean kontzertu batez gozatzeko aukera dugunok». Horrela zuzendu zitzaigun Rodrigo Cuevas abeslari asturiarra iragan larunbatean Leonen eskaini zuen emanaldian bildutakoei. «Izan ere, gehitu zuen, asko dira askatasun hori lapurtu dietenei eta marikoi, emakume, trans edo palestinar izateagatik akabatu dituztenak». Gazan bizitzen ari den sarraskiaren urteurrenean izan da kontzertua. Baina ez da urtebete, urteak dira. Geopolitika ez da egun batetik bestera eraikitzen eta Israelek darabilen estrategiak nazioarteko politikaren aurpegirik krudelena begi bistan uzten badu ere, faltan sumatzen da testuinguruaren irakurketa zorrotza. Izan ere, informazioaren kontrola oinarrizkoa da guda testuinguruetan eta kontrol hori dutenek errelatoa ere bereganatuko dute. Horregatik, ezin dugu sinetsi kazetari bakar bat ere kasualitatez edo akats bat dela medio eraila izan denik. Rodrigo Cuevas “Rambalin” kantu ederra abesten ari zela, bi gazte agertu ziren oihu homofoboak eta keinu naziak eginez. Orduan konturatu nintzen guk, pribilegiatuok, historiaren narrazio egokia egiteko ardura dugula, jada asko baitira mehatxupean bertan behera geratu diren kontzertuak eta bonben azpian hil dituzten kazetariak.