OCT. 11 2024 LOS DESTELLOS Bizitzan garrantzitsuak diren distirak Gaizka IZAGIRRE HERNANI Pilar Palomeroren filmografia osatzen duten hiru filmetan, zenbait emakumeren bizitzaren arku (ia) osoa marraztu duela esan daiteke. “Las Niñas” filmean, harriduraz eta aurkikuntzaz beteriko neska gazte batzuen istorioa azaltzen du. “La maternal”-en, aldiz, nerabeak -eta amak- diren emakumeak ditu ardatz. “Los destellos” pelikula berrian bikotekide ohiaren zaintzari -gaixorik dago- aurre egin beharko dion emakume heldu bat aurkeztuko digu. Palomerok pantaila handira eraman du Eider Rodriguezen “Bihotz handiegia” ipuin bildumako izen bereko kontakizuna eta bere egin du. Kokalekua desberdina da, Herrialde Katalanetan girotzen da filma -ez Euskal Herrian- eta testuingurua ere bestelakoa da. Narrazioren oinarria bizitzaren keinu txikietan sostengatzen da; begiradek, aitorpenek, isiluneek osatuko dute gidoiaren bizkarrezurra. Istorio introspektibo sakona da, non krisi emozionala eta denboraren joana protagonistaren bizitzan uztartzen diren. Isabel-en (Patricia Lopez Arnaiz) iraganeko oroitzapen zatikatu batzuk azaleratuko dira, eta lurperatuta zeuden emozioei aurre egin beharko die. "Distira" horien bidez, Palomerok oroitzapen eta sentimenduen mosaiko delikatua eraiki du. Eguneroko errutinaren artean egia eta emozioa transmititu ditu. Klixe melodramatikoak eta sentimentaltasun merkeak saihestuz, zuzendaritza lan intimoa eta gertukoa osatu du. Kamera leuntasunez mugitzen da, ez dugu bere presentzia apenas sumatzen. Zentzumen xehetasunez beteak dauden eta ia ukitu egin daitezkeen irudietara leuntasunez hurbilduko gara. Une intimo eta gogoetatsuz beteta dago, eta elkarrizketak esaten ez diren gauzak bezain garrantzitsuak dira. Antonio de la Torre eta batez ere Patricia Lopez Arnaiz aktoreen lana itzelari esker, gogoeta sakonak egitera gonbidatzen gaitu filmak.