OCT. 11 2024 EAEko biztanleriaren %12,6 atzerritar jatorrikoa zen 2023an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako migrazioak nabarmen gora egin du azken bost urteotan, eta 2023an populazioaren %12,6 zen (orotara, 277.564 lagun), Lakuako Gobernuak atzo aurkeztu zuen inkestaren datuek adierazten dutenez. Nerea Melgosa sailburua eta Xabier Legarreta, Gasteizeko aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GARA GASTEIZ Migrazioak gora egiten jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta azken bost urteetan «nabarmen» hazi da. Denera, atzerritar jatorriko 277.564 pertsona bizi ziren hiru herrialdeetan 2023an, hau da, erkidegoko biztanleria osoaren %12,6. Zifra hori handitzen ari da urtetik urtera: 2010ean 179.582 ziren (%8,2), 2014an 195.245 (%9) eta 2018an 211.208 (%9,7). Hala aditzera eman zuten atzo Gasteizen Nerea Melgosa Lakuako Gobernuko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak, 2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestaren ondorio nagusien aurkezpenean. Lakuako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko organo estatistiko espezifikoak egin du inkesta, eta «Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen errealitatearen argazki finkoa» eskaintzen du. %49,8, LATINOAMERIKAR JATORRIKOAK Datuak kontuan hartuta, atzerritar jatorriko biztanle multzorik handiena latinoamerikar jatorrikoa da, osoaren %49,8. Afrikar jatorriko kolektiboa atzerritar jatorriko biztanleriaren %26,2 zen 2023ko datuen arabera. EAEra iristen diren emakumeak gizonak baino gehiago dira. Atzerritar jatorriko biztanleen sexuaren araberako banaketak kolektiboaren feminizazioa islatzen jarraitzen zuen 2023an, baina emakumeen pisu erlatiboa murriztu egin zen. Izan ere, atzerritar jatorriko kolektiboan gizonek eta emakumeek duten proportzio orokorrak desoreka handiak ezkutatzen ditu jatorriaren arabera. Adibidez, latinoamerikar jatorriko biztanle taldean %59 dira emakumeak; jatorria Senegal duen biztanleriaren kasuan, aldiz, %28,4. %7,9K EZ DU BIZILEKU BAIMENIK Atzerritar jatorriko biztanleen administrazio egoerari dagokionez, nabarmendu zuten heren batek baino gehiagok, %37k, lortu duela nazionalitate espainola. Gainera, %0,1 besterik ez dira EAEn bertan erroldatu gabe bizi direnak. Bizileku baimenari erreparatuz gero, atzerritar jatorriko biztanleen %7,9k ez du bizileku baimenik edo, 16 urte edo gehiago izanda, lan baimenik. Atzerritar jatorriko 16 urtez azpiko biztanleriari dagokionez, ia bostetik batek adierazi du eskolan integratzeko arazo motaren bat izan duela. Balio horrek adierazten du gorakada nabarmena izan dela 2018ko %13,1etik, eta orain arte izandako baliorik handiena da. Bizi diren lekuko komunikazio hizkuntzari dagokionez, nabarmentzen da oso zabalduta dagoela gaztelaniaren erabilera, 2023an atzerritar jatorriko biztanleen lautik hiruk (%75,6) erabiltzen baitzuten. Euskarari dagokionez, %2,1ek adierazten dute etxean erabiltzen duten hizkuntzetako bat dela. 132.409 PERTSONA LANEAN Inkestaren urtean, atzerritar jatorriko 211.421 pertsona zeuden aktiboa izan daitekeen adin tartean, eta horietatik 132.409 beharrean ari ziren EAEko lan merkatuan. 2018an 98.661 ziren; 2010ean zegoen landunen kopurua baino (77.000) ia bi aldiz handiagoa da, beraz. Jatorria kontuan hartuta, alde handiak daude. Txinatik, Europatik eta Latinoamerikatik iritsitako biztanleen okupazio tasak Senegaldik edo Magrebetik iritsitako pertsonenak baino handiagoak dira. ETORKIZUNAAurreikuspenei dagokionez, biztanle gehienen asmoa bertan geratzea dela ondorioztatu du ikerketak: %95,8k Euskal Herrian bost urtean geratzeko asmoa du. Gainera, jatorrian helburu horrekin pertsonen %50 baino gutxiago iritsi arren, hamarretik ia bederatzik erabaki dute haien bizi proiektua Euskal Herrian garatzea.