OCT. 12 2024 Lakuak «entzute prozesua» hasiko du Guggenheim Urdaibairi buruz GARA BILBO Ibone Bengoetxeak, Lakuako Kultura sailburuak, atzo aitortu zuen Guggenheim Urdaibai proiektua ez dutela Busturialdeko herritarrekin kontrastatu oraindik. EH Bilduko Oihana Etxebarrietak Gasteizko Legebiltzarrean botatako galderari erantzunez, «elkarrizketa eta kontraste» prozesua abiatuko dutela aditzera eman zuen Bengoetxeak, noiz izango den zehaztu gabe, baina «berehala». Etxebarrietak proiektuaren inguruan behar bezalako azalpenik eman ez izana leporatu zien Lakuari eta Bizkaiko Aldundiari, eta Busturialdearen suspertze ekonomikorako plan baten beharra azpimarratu zuen, «makroproiektuen» ordez. Ohartarazi zuen proiektua abian jartzeko lehenengo saiakera 2008an izan bazen ere, oraindik «ingurumen azterketarik egin gabe, hirigintza moldaketek ekarriko dituzten ondorioak aztertu gabe jarraitzen» dutela. Halaber, Etxebarrietak proiektuaren aurkako EH Bilduren jarrera berretsi zuen, Busturialdean sortu diren plataformek eskatutakoarekin bat eginez, eta zalantzan jarri zuen Bengoetxeak azkenaldian eragileekin izandako bileretan hitz egindakoak kontuan hartuko dituenik: «Argi dago guk, ez forman ez funtsean, ez dugula proiektu horrek proposatzen duenarekin bat egiten, turistifikazio eredu bat sustatuko duelako, ikuspuntu ekologikotik ez duelako bermerik eskaintzen eskualdean». Era berean, Euskal Kultur Sistemaren Legeari heltzeko eskatu zuen, eta benetako «entzute fasea» abiatzea, «gobernantza kolaboratiboa» posible izan dadin.