GARA Euskal Herriko egunkaria

Zaintza aringarriak duinduko dituen legea sor dadila eskatu du plataforma berri batek

EAEko 30 bat elkarte inguruk «Faltan botatzen dugu» plataforma osatu dute. Atzo arratsaldean egin zituzten lehenengo agerraldiak Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Zaintza Aringarrien Lege bat sortu dezatela eskatu zieten erakundeei, sinetsita gizarte aurreratu batek «gizabanako ahulenak» sostengatu behar dituela.

«Faltan botatzen dugu» plataformak Donostian egin zuen agerraldiaren irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Autonomia Erkidegoko 30 bat elkarte, sozietate zientifiko eta elkargo profesionalek bat egin dute “Faltan botatzen dugu” ekimenean, zaintza aringarriak hobetu daitezen eskatzeko. Atzo arratsaldean lehenengo ekimen publikoa egin zuen plataformak: elkarretaratzeak egin zituen Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eta erakundeei zuzendu zitzaien, bizitzaren azkenetan dauden pertsonen ongizatea duindu eta hobetuko duen Zaintza Aringarrien Lege bat sortu dezatela eskatuz.

Erkidegoko Zainketa Aringarrien Plan Estrategikoaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 22.000 pertsona daude bizitzaren azken fase horretan, baina %25ek bakarrik du «euren beharretara egokitutako zainketa plan bat», plataformak ohartarazi duenez. “Faltan botatzen dugu” taldera batu diren pazienteen elkarteen, osasun erakundeen eta gaiarekin konprometitutako pertsonen ustez, EAEko zaintza aringarrien sistemak «akats larriak» ditu.

Zehazki, hiriburuetan egin zituzten elkarretaratzeetan gaitzetsi zuten zaintza aringarrien inguruko kontzientzia falta dagoela. Honen ondorioz, zaintzaileek babesa falta dute, «bakarrik sentitzen dira askotan, beren senideak laguntzeko baliabiderik gabe», taldearen esanetan. Baliabide falta antzematen dute, halaber, ospitaleetan, bai material aldetik, bai zaintza aringarrietan formatutako profesionalen kasuan. Bestalde, ohartarazi zuten pertsona guztiek ez dutela bermatuta zaintza aringarriak jasotzea.

«Zoritxarrez, asko aurreratu dugun arren, batzuetan zainketa aringarrien baliabideak ez dira iristen premia duten pertsona guztiengana, edo ez dituzte sufrimenduaren dimentsio guztiak jorratzen, edo ez dituzte gaixotasunaren fase guztiak estaltzen», adierazi zuten Donostia, Bilbo eta Gasteizko elkarretaratzeetan irakurri zuten manifestu bateratuaren bitartez.

ESKAERA ZEHATZAK INSTITUZIOEI

Akats horiek guztiak konpon daitezela sustatzeko sortu da plataforma, eta Donostiako Boulevarden atzo egin zuten elkarretaratzean ziurtatu zutenez, «pertsona guztiek kalitatezko zainketa aringarriak jasotzeko duten eskubidea bermatuko duen» Zaintza Aringarrien Lege batek ekarriko du azkenetan dauden pertsonen eta zaintzaileen bizi baldintzak duintzea. Beraz, legea sortzeko prozedura abiatu dezala eskatuko dio plataformak Gasteizko Legebiltzarrari.

«Herritarrak eta eragile sozial, politiko eta sanitario guztiak eskaera honekin bat egitera animatzen ditugu, lege bat eskatzeko, hau da, gizarte justuago, gizatiarrago eta zintzoago bat eraikitzen laguntzeko. Etorkizunean hiltzea, horrek dakarren tristura izugarriarekin ere, ahalik atsegina izan dadin», esan zuten.

Funtsean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) gomendatzen duena bete dadila nahi du plataformak, hots, zaintza aringarrien arloan berdintasunezko eta kalitateko arreta bermatzea. Hortaz, legea sortzea ez da instituzioei egingo dien eskaera bakarra. Lakuako Osasun kontseilaritzari eskatuko dio gehiago inbertitu dezala baliabideetan, ospitaleetan, egoitzetan eta etxebizitzetan, arreta aringarria bermatu arte.

«Pertsona batzuek gutxiago sufrituko zuketen, behar zuten arreta aringarria jaso izan balute. Familia batzuek hobeto lagun zezaketen hiltzen ari zena, azken etapa hori lasaiago biziko zuketen eta beraien dolua eramangarriagoa izango zatekeen, baliabide horiek eskuratu izan balituzte», adierazi zuten plataformako ordezkariek Donostiako Boulevard pasealekuan.

Horrez gain, EAEko Osasun kontseilaritzari galdegingo diote zainketa aringarrien egoerari buruzko datu errealak eman ditzala.

Halaber, zaintzaileei babes gehiago eskaini diezaiela eskatuko dio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailari; tartean, babes psikologikoa, laborala eta ekonomikoa eta, horretarako, aldarrikatuko du baliabide sozial eta ekonomikoak jasotzeko egin behar duten bidea erraztu dezala.

Hezkuntza eta Unibertsitateen kontseilaritzari galdegingo dio sar dezala zaintza aringarrien formakuntza ikasketa soziosanitarioen barnean.

«Uste dugu gizarte aurreratu bat gizabanako ahulenak sostengatzen dituena dela», ondorioztatu zuten Donostian egindako agerraldian “Faltan botatzen dugu” plataforma berriko kideek.